
Uztailaren 4an, Luchana antzokian, Alares Sari Nazionalak emateko XI. Gala izan zen. Bizitza pertsonala, Familia eta Lana Bateratzearen, eta Erantzukizun Sozialaren sariak eman ziren. Desgaitasunen bat duten pertsonen artean Laneko Arriskuak Prebenitzeko Bikaintasunaren VI. Alares Sari Nazionalak ere eman zituzten.
«Sarien helburua da erakunde, enpresa, agente sozial, zuzendari, irakasle, ikerlari eta komunikabideek lana/familia/bizitza pertsonalaren kontziliazioa, erantzunkidetasuna eta erantzukizun soziala sustatzeko egiten duten ahalegina, eta horren inguruan duten konpromisoa aitortzea; izan ere, aipatutako elementuak funtsezkoak dira bizitza-kalitatea eta enpresa-lehiakortasuna hobetzeko».
Lana eta bizitza bateratzeko eta erantzukizun sozialaren alorretan izandako jardunbiderik onenak jakinarazi zituzten, baita desgaitasunen bat duten pertsonen artean laneko arriskuak prebenitzeko bikaintasunaren alorrekoak ere.
MUTUALIA, bizitza pertsonala, familia eta lana batzeko modalitatean finalista zenez, ospakizunean izan zen, eta saritutako erakundeen poza partekatu zuen. Erakunde horien artean zeuden Activa Mutua, Mutua Madrileña, Mamiconcilia eta Fundación Másfamilia, besteak beste.
Desgaitasunen bat duten pertsonen artean laneko arriskuak prebenitzeari emandako sariek Cualtis-en babesa eta lankidetza teknikoa dute, eta laneko arriskuen prebentzioaren munduan erreferente bat izatea lortu dute desgaitasunen bat duten pertsonen alorrean. Horrek esan nahi du aitortu egin direla enpleguaren kalitatea hobetzen laguntzen duten jardunbide hobeak, lanean txertatzea eta lanpostuan jarraitzea lagunduz.
Sari hauetan aitortzen diren praktikak desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasuna sustatzera bideratuak daude, lanpostu bat lortzeari eta iraunkortasunari dagokionez, eta kontuan hartzen dira hauek guztiak: lanpostuaren eta lanpostutik eratorritako arriskuen ebaluazioa, lanpostua zuzen egokituta egotea, langileak behar bezala babestuta egotea laneko istripuak eragozteko, baita prestakuntza egoki bat ere, hau da, pertsonaren gaitasunen arabera behar zehatzak kontuan hartzen dituen prestakuntza.
