Itzuli

2021eko UDA: MUGIKORTASUN BERRIA, BETIKO DISTRAZIOAK

Azkenean, iritsi da esperotako uda. Poztasunaren eta oporren sinonimoa. Aurten are gehiago, mugitzeko mugak eta alarma-egoera amaituta. Horrek gure errepideetako trafikoa areagotuko du, baita joan-etorriak ibilgailu partikularretan egingo dituztenen kopurua ere, garraiobide kolektiboetan kutsatzeko beldurrez. Hala, zirkulazioaren igoera horren ondorioz, uda da istripurik gehien gertatzen den urteko sasoietako bat.

Premisa horiek oinarri hartuta, joan-etorrietan, luzeak nahiz laburrak izan, ezinbestean saihestu behar ditugu arrisku-faktoreak. Azkar etortzen zaizkigu guztioi burura alkohola, drogak, abiadura…

Eta DISTRAZIOAK? Laugarren urtez jarraian, horiek dira istripu hilgarrien eragile nagusiak; istripuen % 30en eragile dira, eta 2020an 359 hildako eragin zituzten. Distrazioek eragindako istripu-mota ohikoenak hauek dira: errepidetik irtetea, aurrez aurreko talkak, atzeko talkak eta harrapatzeak.

Nola eragotz ditzakegu? Garrantzitsua da gako hauek kontuan izatea:

– Bolantean jarri baino lehen, ondo deskantsatuta egotea eta zenbait medikamentu hartzea zaintzea.

– Ibilbidean, hobe da ez jatea, ez erretzea (4 segundo behar dira zigarreta bat pizteko; 100 km/h-ko abiaduran, 113 m egiten dira, eta 1.5 handitzen da istripu bat izateko arriskua). Ez distraitu ibilgailuko osagarriak manipulatzen, besteak beste, irratia/MP3a edo GPSa; hobe da guztia abiatu aurretik programatzea. Tenperatura atsegina izan (21-22 ºC), eta eztabaidak saihestu.

Azkenerako utzi dugu distrazioen erregea: TELEFONO MUGIKORRA. Dei bat jasotze hutsarekin, mugikorrera eramaten ditugu begiak; horrenbestez, distantzia jakin bat kontrolik gabe egiten dugu, eta horrek 4 aldiz handitzen du istripu bat izateko arriskua.

RACEren azken ikerketaren arabera, inkestatutako % 96k adierazten du ikusi duela norbait mugikorretik hitz egiten gidatzen ari zen bitartean; % 76k, gainera, adierazten du erabili duela mugikorra ez hitz egiteko, ezpada begiratzeko edo, are okerrago, manipulatzeko. Txostenak azaltzen duenez, gidarien % 18k aitortzen du sare sozialak erabili dituela gidatzen ari zela, eta horietatik, % 12k usu egiten duela adierazi du. Ehuneko hori % 17koa da 18 eta 24 urte bitarteko gazteetan. Izugarriak dira datu horiek, mezuak idazteak 23 aldiz handitzen baitu istripu bat izateko arriskua.

Gogora dezagun: mugikortasuna guztiok gara.

Lotutako berriak