Itzuli

Administrazio prozeduraren gaineko lege berria indarrean jartzea

Urriaren 1eko 39/2015 LegeaHerri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena (APE)2016ko urriaren 2an jarri zen indarrean haren 7. xedapenetako azkenari jarraikiz, (ahalordeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako enplegatu publikoen erregistroa, Administrazioaren sarbide-puntu elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarrari dagozkion ezarpenak salbuetsita geratzen dira, eta 2018ko urriaren 2anjarriko dira indarrean).

Berrikuntza garrantzitsuenak:

Legeak bere aplikazio eremua sektore publiko osora zabaltzen du. Halaber, sektore publikoaren (instituzionalaren) barruan, honako erakunde hauei aplikatuko zaie legea: lotutako administrazio publikoei edo haien mende dauden zuzenbide pribatuko erakundeei, zeinak lege honetako arauetan xedatutakoaren mende geldituko baitira berariaz haiei buruzkoak direnean eta, beti, administrazio-ahalak baliatzen dituztenetan.

Ordezkari moduan pertsona fisikoak ez ezik pertsona juridikoak ere aritu daitezkeela ezartzen du, erakundearen Estatutuek halakorik esaten baldin badute.

Bereizi egiten ditu interesdunaren identifikazioa eta sinadura, biak ala biak elektronikoak: oro har, lehenengoa da beharrezkoa, eta interesdunaren borondate eta onarpena egiaztatu behar denean baino ez da eskatuko bigarrena.

Administrazio Publikoekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubide eta obligazioa erregulatzen du.

–          Pertsona fisikoek uneoro aukeratu ahal izango dute Administrazio Publikoekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzen diren edo ez, arauren batek behartzen dituenean izan ezik.

–          Edonola ere, Administrazio publikoarekin bitarteko elektronikoak baliatuta komunikatzera behartuta daude honako hauek, gutxienez: pertsona juridikoak; nortasun juridikorik gabeko erakundeak; diharduten lanbidean jarduteko elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera hori dela-eta administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako; Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartua dagoen interesdun baten ordezkari direnak; eta Administrazio publikoetako enplegatuek enplegatu publiko izateagatik administraziookin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako.

–          Erregelamenduz, administrazioekiko harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango da zenbait prozeduratarako eta (haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik) bitarteko elektronikoetarako irispidea eta horiek erabiltzeko modua duten pertsona fisikoen multzo batzuentzat.

Administrazio-espedientea formatu elektronikoan: Haren osagai izan behar duten agiri, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatu behar da, eta barnean dituen agiri guztien aurkibide zenbakitu batekin joan behar du bidaltzen denean. Espedientean jaso behar da, orobat, hartutako erabakiaren kopia elektroniko ziurtatua.

Dokumentuak aurkezteko erregistro elektronikoak erregulatzen ditu:

–          Administrazio bakoitzak erregistro elektroniko orokor bat izango du, hartan idazpena egiteko edozein agiri aurkezten edo jasotzen dela ere, bai eta beste organo edo herritar batzuei zuzendutako agiri ofizialak irteten direnean ere.

–          Interesdunek Administrazio publikoei zuzendutako dokumentuak honako toki hauetan aurkeztu ahal izango dituzte:

  • Zuzentzen zaizkion administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan.
  • Sektore publikoa osatzen duen edozein subjekturen gainerako erregistro elektronikoetan.
  • Posta-bulegoetan.
  • Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsuletxe-bulegoetan.
  • Erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan.
  • Indarrean dauden xedapenetan ezarritako beste edozein tokitan.

Administrazio publikoen aurrean eskura aurkezten diren agiriak erregistro-gaietako laguntzarako bulegoak digitalizatu egin beharko ditu; zein bulegotan aurkeztu diren administrazio-espediente elektronikoari gehitzeko, bulego horrek digitalizatuko ditu, hain zuzen. Jatorrizko agiriak interesdunari itzuliko zaizkio (arau batek honako hau ezartzen duenean izan ezik: Administrazioak zaindu behar izatea aurkezten diren agiriak edo nahitaezkoa izatea objektu edo agiri batzuk euskarri espezifikoren batean aurkeztea eta ondorioz ezin digitalizatu izatea).

Ahalordeen erregistro elektronikoak erregulatzen ditu:

–          Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek ahalordetze-erregistro elektroniko orokor bat izango dute, eta hartan inskribatu beharko dira, gutxienez, administrazio prozedura batean interesdun izan eta administrazio publikoen aurrean beraren izenean jarduteko ordezkari baten alde bera agertuz edo elektronikoki, apud acta ematen diren izaera orokorrekoak.

–          Ahalordetze-erregistro elektroniko orokorren eta partikularren bidez, baliozko moduan egiaztatu ahal izango da administrazio publikoen aurrean hirugarren baten izenean jarduten dutenen ordezkaritza, kontsulta eginez antzeko beste administrazio-erregistro batzuetan, merkataritza-erregistroan, jabetzaren erregistroan eta notario-protokoloetan

–          Merkataritza-erregistroak, jabetzaren erregistroak eta notario-protokoloen erregistroak elkarreragingarriak izango dira ahalordetze-erregistro elektroniko orokor eta partikularrekin.

Amaitutako prozedurentzako artxibo bakar elektronikoa. Amaitutako prozedurei dagokien artxibo bakar elektroniko bat izan beharko du administrazio bakoitzak, eta agirien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dituen formatu batean gorde behar dira.

Epeak orduka zenbatzea. Epeak ordutan jartzen badira, baliodunak dira egun baliodun bateko ordu guztiak

Egunetan zenbatutako epeen kasuan, larunbatak egun baliogabetzat joko dira.

Epeak datatik datara zenbatzea argitzen da. Epea egintza jakinarazten, argitaratzen edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten den egunean amaituko da. Muga-eguneko hilean ez bada hasierako egunaren baliokiderik, epea hilaren azken egunean bukatzen dela joko da.

Abuztua hilabete balioduntzat jotzen jarraituko da administrazio prozedurari dagokionez

Erregistro elektronikoak urteko egun guztietan 24 orduz dokumentuak aurkeztea posible egingo du.  Egun baliodunetako epeen zenbaketari dagokionez, agiria egun baliogabe batean aurkeztuz gero, hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan egin dela erregistratuko da (arau batek beren beregi egun baliogabeetan jasotzea ahalbidetzen duenean izan ezik).

Prozedurak ebazteko gehienezko epea geldieran uzteko arrazoi berriak

–          Europar Batasunaren esparruan amaitu gabeko prozeduraren bat baldin bada, eman beharreko ebazpenaren edukia zuzenean baldintzatzen duena.

–          Prozedura ebazteko ezinbestekoa bada jurisdikzio-organo batek aldez aurretik irizpena ematea.

–          Administrazio publiko batek beste bati errekerimendua egiten badio legez kontrako deritzon egintza bat deusezta edo berrikus dezan, egintza hori izanik lehenak bere eskumenen barruan eman behar duen egintza baterako oinarria.

–          Ebazteko eskudun den organoak jarduera osagarriren bat egitea erabakitzen badu.

–          Interesdunek errekusazioa sustatzen badute prozedura bat izapidetzen ari den bitarteko edozein unetan.

APE berriak administrazio-isiltasunaren eragina erregulatzen du, 30/1992 Legean ezarritako oinarrizko lerroei jarraikiz, eta zehaztapen, osagarri eta berrikuntza batzuekin:

–          Prozeduraren gaia jarduera baterako irispidea izatea edo jarduera horretan aritzea denean, isiltasunak ezespen-balioa duela xedatzen duen legeak interes orokorreko arrazoi erabatekoetan oinarritu beharko du.

–          Isiltasunak ezespen-balioa izango du ingurumenari kalte egin liezaioketen jarduerak egitea dakarten prozeduretan eta administrazio publikoen ondare-erantzukizunari buruzko prozeduretan.

–          Ez da isiltasun positiborik izango isiltasun bidez ebatzitako eta isiltasunez diktatutako ekintzen aurka ezarritako gora jotzeko errekurtsoen kasuan, errekurtsoak hasierako administrazio prozeduran isiltasun positibotik salbuetsitako gaiei erreferentzia egiten badie.

–          Ziurtagiria ofizioz emango du ebazteko eskudun den organoak, hamabost eguneko epean, prozedura ebazteko gehieneko epea amaitzen denetik aurrera zenbaturik.

Jakinarazpenak:

–          Jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egingo dira, ahal dela; interesduna behartuta baldin badago bide horretatik jasotzera, beti.

–          Aurrekoa gorabehera, bitarteko ez elektronikoz egin ditzakete administrazioek jakinarazpenak kasu hauetan:

  • Jakinarazpena egiteko arrazoia interesduna edo haren ordezkaria erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan agertzea bada eta une horretan eskatzen badu komunikazio edo jakinarazpen pertsonala.
  • Administrazio-jarduketaren eraginkortasuna ziurtatzeko beharrezkoa bada jakinarazpena egiten duen administrazioko enplegatu publiko batek zuzenean emanez egitea jakinarazpena.
  • Jakinarazpenak paperean eginda ere, horiek interesdunaren eskura jarri beharko dira jarduten ari den administrazioaren egoitza elektronikoan, nahi badu haien edukia ikusteko modua izan dezan.

–          Jakinarazpen elektronikoa jasotzera beharturik ez dauden interesdunek noiznahi erabaki ahal izango dute, jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egin daitezela edo hala egiteari utzi dakiola.

–          Erregelamenduz, administrazioek jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egiteko betebeharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, beren gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea badutela eta erabil ditzaketela.

–          Inoiz ez dira jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egingo honako kasu hauetan: jakinarazi beharreko egintzarekin batera formatu elektronikora ezin bihur daitekeen elementuren bat igorri behar denekoak; obligaziodunaren aldeko ordainketa-moduren bat daramatenak, hala nola txekeak.

–          Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

–          Paperezko jakinarazpenetan aldaketak: interesdunaren bizilekuan jakinarazpena emateko 2. saiakera egiteko modua: Inor ez bada jakinarazpenaren kargu egiten, beste ahalegin bat egingo da, bakarra, hurrengo hiru egunen barruan eta beste ordu batean. Lehenbiziko jakinarazpen-ahalegina hamabost orduak baino lehen egin bada, bigarren ahalegina hamabost orduak baino geroago egingo da, eta alderantziz, betiere hiru orduko tartea utzirik, gutxienez, bi ahaleginen artean.

Jakinarazpen elektronikoak egitea:

–          Bitarteko elektronikoz egindako jakinarazpenak diharduen administrazioaren edo erakundearen egoitza elektronikoan agertuz egingo dira.

–          Egoitza elektronikoan agertzea zera da: interesdunak edo haren ordezkariak, behar bezala identifikaturik, jakinarazpenaren edukia eskuratzea.

–          Haien edukira sartzen den unean egintzat joko dira bitarteko elektronikozko jakinarazpenak.

–          Interesdunek jakinarazpenak eskuratu ditzakete Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoan, zeinak sarbideko atari baten moduan funtzionatuko baitu.

–          Jakinarazpena paperean egin nahiz bitarteko elektronikoz egin, administrazio publikoek abisua bidaliko dute interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, eta, abisu horretan, adieraziko diote jakinarazpen bat eskura jarri diotela dagokion administrazio edo erakundearen egoitza elektronikoan edo eman duen helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

–          Ez onartutzat joko da, haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan.

Herritarren eskubideak administrazio publikoen aurrean eta interesdunen eskubideak administrazio-prozeduretan  Berrikuntzak:

–          Interesdunek aholkulari batez lagundutik jarduteko eskubidea dutela jasotzen du

–          Interesdunek dokumentu originalak ez aurkezteko duten eskubidea (aplikatzekoa den araudiak, aparteko kasuetarako, kontrakoa adierazten duenean izan ezik). Salbuespenezko moduan jatorrizko agiri bat aurkeztu behar badute, haren kopia kautotua eskuratzeko eskubidea dute.

–          Prozeduren izapidetzea nola doan jakiteko eskubidea eta bertako dokumentuen kopiak eskuratzeko eskubidea erregulatzen du, eskubide horiek bitarteko elektronikoak baliatuz erabiltzeko aukerarekin:

  • Informazioa Administrazioaren Sarbide Puntu Elektronikoan kontsultatzeko eskubidea, sarbideko atari baten moduan funtzionatuko duen gunean, hain zuzen.
  • Prozeduretan sartutako agirien kopiak emateko Administrazioak duen betebeharra konplitutzat joko da haiek eskura jartzen direnean administrazio eskudunaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoan edo dagozkion egoitza elektronikoetan.

 

Jose Angel Moral. Mutualiako lege aholkularitzako abokatua

Lotutako berriak