Itzuli

Aitaren aldeko amatasun-prestazioa ordezkapen bidezko haurduntza-kontratuetan.

Espainiako araudiak erabat deuseztzat jotzen du ordezkapen bidezko haurduntzako prozedura bati jarraikiz gauzatutako kontratua, baina, zer gertatzen da, araudiaren arabera, modalitate horren bidez jaiotako adingabeek Espainia dutenean helmuga?

Espainiako araudiak honako hau xedatzen du urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako GSLOaren testu bateginaren egungo 177. artikuluan: «Atal honetan aurreikusitako amatasun-prestazioaren ondoreetarako, babestutako egoeratzat jotzen dira amatasuna, adopzioa eta harrera»

Definizio juridikorik ezean, amatasuna, terminoaren zentzu arruntaren arabera, erditzea dela-eta ama bat bere seme-alabarekin lotzen duen erlazio juridikoa dela uler dezakegu, baina egungo gizarteko familia-kasuistika kontuan hartuta, definizio tradizionalegia da; aitzitik, araudi osoaren helburu gorena adingabea babestea da, eta, ondorioz, gai hori jurisprudentziaz ari da arautzen. Azkenaldian, joera irekiagoa eta amatasun mota hori hautatzen duten gurasoen aldekoagoa izaten ari da.

Kasurik ohikoenean, bikote bat (gizonezkoak, oro har) atzerriko herrialde batera doa, ordezkapen bidezko haurduntza-kontratua gauzatzen du bertako araudiaren arabera, adingabea jatorrizko herrialdeko kontsulatuan erregistratzen du, adingabearekin Espainiara itzultzen da eta Espainiako ordenamendu juridikoak hura aintzatetsi dezan saiatzen da.

Hasieran, baldintza jakin batzuk betez gero adingabea erregistratzeko aukera finkatu zen, baina Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salaren epaiaren ondorioz (2014/02/06), irizpidea askoz murriztaileagoa bilakatu zen, ez baitzen kontratu horiei jarraikiz jaiotzen diren haurren eta gurasoen arteko seme-alabatasuna onartzen, ez eta horiek Erregistro Zibilean sartzea ere. Egoera hori lau hilabete geroago aldatu zen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2014ko apirilaren 28ko epai baten ondorioz. Epai horretan, estatuek kontratu horiek arautzeko edo debekatzeko duten subiranotasuna ezeztatu gabe, atzerrian finkatutako seme-alabatasunak onartzeko marjina mugatu egin zuen. Horrek Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2010eko urriaren 5eko Instrukzioan jasotakoa sendotzeko balio izan zuen. Instrukzio horrek ordezkapen-haurduntza bidez jaiotakoen seme-alabatasunaren erregistro-erregimena zehaztu zuen, beharrezko zuhurtasunarekin, eta, hala, gure herrialdean jarraipena eman zion atzerrian gauzatutako legezko seme-alabatasunari. Geroago, baina, Auzitegi Gorenak bere jarrera berretsi du, ez baitu uste eskubiderik urratzen denik, seme-alabatasuna Espainiako ordenamenduaren arabera finkatzeko alternatibak daudelako (adibidez, guraso biologikoa izatea eta bikotekideak adoptatzea).

Hasieran, auzitegien epaiak gurasoei diru-laguntzak ematea onartzearen aldekoak ziren, kasuak adopzioarekin parekatuta eta adingabearen interes gorena argudiatuta. Hala ere, aipatutako Auzitegi Gorenaren epaiak joera hori aldatu zuen; izan ere, gure araudiak ez zuen aintzat hartzen amatasuna aintzatestea, herrialde honetan indarrean dagoen araudiari jarraituz; hain zuzen, kontratu horiek erabat deuseztzat jotzen dituen Laguntza Bidezko Giza Ugalketako Teknikei buruzko Legearen 10. artikuluari.

Europako araudiak ez ditu estatu kideak haurduntza subrogatuagatiko amatasun-baimen bat onartzera behartzen, baina debekatu ere ez du egiten.

Adingabearen interes gorena babestea funtsezko oinarritzat hartuta, eta kontuan izanik amatasun-prestazioa zuzenean haren onurarako dela, gai horren inguruko jarrerak esleipen hori positiboki balioestearen aldekoak dira, betiere gaiaren konplexutasuna eta balioetsi beharreko kasuistika oso handia dela aintzat hartuta; beraz, Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren erabakiak ez du luze hartu behar, justizia-auzitegien askotariko epaiak kontuan hartuta (besteak beste: Madrilgo JANaren 2014ko abenduaren 23ko eta Kataluniako JANaren 2015eko martxoaren 9ko epaiak).

Hala, Bartzelonako epaitegi batek berriki (2016ko martxoaren 7ko epaia) amatasun-prestazioa onartu dio haurduntza-kontratu mota horren arabera seme bat izan zuen bikote bati; bi gizonez osatutako bikote bati, hain zuzen.

 

Sin. María Urizar. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

Lotutako berriak