2020/01/16
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, urtarrilaren 8koan, Osasun sailburuaren 2019ko abenduaren 10eko Agindua argitaratu zen. Argitaratu eta hurrengo egunean sartu zen indarrean agindua, zeinaren arabera arautzen den erizainek Euskal Autonomia Erkidegoan gizakientzako sendagaiak eta osasun produktuak gomendatu, erabili eta baimentzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko prozedura, osasun zerbitzu publikoak zein osasun pribatua direlarik aplikazio eremua.
Bi prozedura mota bereizten ditu egiaztapena aitortzeko:
1.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan lan egiten dutenen edo egin dutenen egiaztapena lortzeko prozedura. Horren arabera, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ofizioz egingo du egiaztapena, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak egiaztatu ondoren 2020ko urtarrilaren 9an betetzen direla titulazioari eta lanbide esperientziaren gutxieneko denbora egiaztatzeari buruzko baldintzak, 23ko 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan eskatzen den moduan, langileen erregistroan jasotako datuen bitartez eta aipatutako Zuzendaritzari jakinarazi ondoren.
2.- Lanbide jarduera osasunaren beste esparru batzuetan egiten dutenen edo egin dutenen egiaztapena lortzeko prozedura. Horren arabera, interesdunek EGIAZTAPEN ESKAERA AURKEZTU BEHARKO DUTE izena emana duten elkargo profesionalean, edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko elkargo profesionaletako batean, eta, horrekin batera, titulazioaren ziurtagiri ofiziala, GSDOk emandako lan bizitzaren ziurtagiriaren bidez egiaztatutako lanbide esperientzia eta egokitze ikastaroa gainditu dela egiaztatzen duen ziurtagiria, hala badagokio.
Dagokion elkargo profesionalak 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, espedientea Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko egiaztapen tekniko eta profesionalerako eskumena duen Zuzendaritzari igortzen zaio, eta hark egindako eskaera baiesteko edo ukatzeko ebazpenaren bidez ematen du egiaztapena, 3 hilabeteko epean lehenengo prozedura motan eta 6 hilabeteko epean bigarrenean. Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Jaurlaritzaren Osasun Sailburuordetzaren aurrean.
Ebazpena ez bada adierazitako epeetan ematen, eskaera balioetsitzat joko da, isiltasun positiboaren bidez.
Egiaztapen ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki taulan argitaratuz jakinaraziko da, webgune honetan: https://euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios/resoluciones/. Horrez gainera, Osasun Sailaren webgunean argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-salud/inicio/; eta interesdunen eskura jarriko da, bitarteko elektronikoen bidez, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/micarpeta/http://www.euskadi.eus/nirekarpeta/. Nolanahi ere, interesdunei egindako argitalpenen oharrak bidali ahal izango zaizkie, SMS edo posta elektroniko bidez. Ohar horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpen ondoriorik izango. Era berean, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioari jakinaraziko zaio, Osasun Profesionalen Estatuko Erregistroan sar dezan.
Lanbide jardunean urtebete aitortuta ez duten pertsonak egiaztatzeko prozedura.- Egokitzapen ikastaro bat gainditu beharko dute, interesdunek aukera izan dezaten gizakientzako sendagaiak eta osasun produktuak gomendatzeko, erabiltzeko eta emateko baimena emango dien egiaztapena lortzeko baldintzak betetzeko. Ikastaroa doakoa izango da, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eskainiko du, etengabe.
Lanpostuaren baldintzei ez eragitea. Egiaztapena lortzeak ez du, berez, aldaketarik ekarriko lanpostuan; hala ere, merezimendu gisa baloratu ahal izango da lanpostuak betetzeko, dagokion araudian edo deialdian hala aurreikusten denean.