Itzuli

Amparo Sánchez, abeslaria

«Egoera latz bat aurkitu nuen, espero nuen bezala; baina, espero ez nuena irribarreak, kantuak, bizipoza izan ziren»

Aurtengo uztailean, Amparo Sánchez abeslari, konposatzaile, musikari, idazle eta produktoreak, Amparanoia taldeko buru izan zenak, Bartzelonako bere egoitzatik Kongoko Errepublika Demokratikoko Goma hirirako bidaia bat abiatu zuen. Hori Aintzira Handien eskualdea da, hau da, Afrikako bihotz lazgarria.

Haren helburua Kivu Iparraldeko eskualde koloretsu eta kaotikoan barrena egitea zen, zuzenean, gure garaiko dramarik handienetako baten berri izateko: emakumeen aurkako sexu-indarkeria sistematizatua eta orokortua, duela 20 urte baino gehiagotik irauten duen gatazka armatu baten testuinguruan.

Esperientzia xarmagarri, aztoragarri, ezinbesteko horren emaitzak Mamá África du izena. Abesti horrek mina ekartzen du gogora, baina batez ere, Amparok aurrera egin ahala topatu zituen emakumeen ausardia eta itxaropena goraipatzen ditu. Proiektu hau «Gatazkarik gabeko Teknologia» kanpainaren parte da, eta abestiaren playekin eta deskargekin bildutako irabazi guztiak kausa horri laguntzeko izango dira.

(http://www.tecnologialibredeconflicto.org/amparosanchez/)

 

Zerk bultzatu zaitu ALBOANen «Gatazkarik gabeko Teknologia» kanpainan elkarlanean aritzera, Mamá Áfricaabestia ekarri duen elkarlanean, hain zuzen ere?

 

Abestiak beti sortzen dira partekatzeko behar batetik, barruan mugitzen den zerbait kontatzeko beharretik. Nik uste dut Kongoko emakumeek bizi duten errealitate beldurgarria kontatu behar dela. Hortik sortu zen elkarlana ALBOANekin eta bere kanpainarekin.

Eta zer topatu zenuen hara iritsi zinenean?

Susmoa nuen Kongorako bidaia esperientzia ahaztezina izango zela, baina inoiz imajinatu ez nuena baino gehiago izan zen. Errealitate gogor bat imajinatu nuen, eta halakoa topatu nuen; baina ez nuen imajinatu jarrera hain sendoa aurkituko nuenik, ez nituen imajinatu emakumeen irribarreak, kantuak, bizipoza.

Lazgarrikeriaz eta sufrimenduz betatako beren istorioak kontatzeko prest agertu ziren emakumeak, eta benetan hunkigarriak izan ziren topaketa horiek. Moralki eta fisikoki lur jota zeuden emakumeak: ez zekiten non zeuden beren seme-alabak, ezin ziren etxera itzuli, etxerik ez zeukatelako. Batzuk ez ziren nire begiradari eusteko gauza ere, dardarati, markatuta, baina baita indartsu ere.

 

Nondik ateratzen dute indar hori?

Kongoko emakumea indarra eta poza da. Ustekabean harrapatzen zaituzte irribarreek, txerak, maitasunak, nola besarkatzen zaituzten, nola begiratzen zaituzten, nola ahalegintzen diren komunikatzen. Hainbeste min jasan dute, eta bizitzaren amaiera hain gertutik ikusi dute, non benetan sentitzen baitute aukera berri baten aurrean daudela. Hortik dator indar eta poz hori.

Kongoko Errepublika Demokratikoko emakumeekin duzun lotura eta haien egoera Synergie des Femmes pour les Victimes des Violences Sexuelles (SFVS) erakundearen buru den Justine Masikaren eskutik etorri zen.

Halaxe da. Justine ezagutzeko aukera izan nuen Donostian aurtengo martxoan, eta lehen unetik, bion arteko konplizitatea erabatekoa izan zen. Justine emakume indartsu bat da, irribarrea inoiz galtzen ez duen horietakoa. Ez ditu baikortasuna eta itxaropena galtzen, egoera hain gogorra izanik ere. Eta gainera, Justinek talde handi bat du inguruan, hurbiltzen diren emakumeei eta herrialdea suntsitzen duen sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei maitasuna, arreta, laguntza psikologikoa, laguntza juridikoa… eskaintzen dieten emakumeak. Nik Justine eta bere lagunak superemakume ikusten ditut, ikaragarrizkoak.

SFVSen zereginetan Bulengo Etxea funtsezkoa da, emakume horien abegi-lekua.

 

Bai, Bulengo Etxea nire bizitzan emakumeei begira ikusi dudan gauzarik onenetako bat da. Jakina, bortxaketan izugarrizko zauria eragin diete, baina niri gehien helarazten zidatena etorkizunari begirako itxaropenik eza zen, etortzeko dagoenarekiko esperantza falta. Baina, aldi berean, itxaropen-izpi bat adierazten zuten, haiek bezalako emakumez inguratuta ikusten baitute beren burua, handik igaro diren eta beste fase batean dauden emakumez. Zentzu horretan, etxearen zeregina funtsezkoa da, lehen une batean maitasuna, babesa ematen baitie, eta bigarren une batean, aurrera egiteko tresnak.

Oso gustuko izan nuen alderdi bat bertan egiten duten alfabetatze-lana izan zen. Nola ari diren gazteak trebatzen, eta nola ikusarazten dieten beharrezkoa dela hezkuntza izatea, trebakuntza horrek indarra ematen baitie duten ahultasun-egoeraren aurrean. Ikasketak izanda gauzak beste modu batean uler daitezke.

 

Bidaia horren, esperientzia horren emaitza izan zen Mamá África abestia eta bideoklipa

Hala da, MAMÁ ÁFRICA idazteko han bizitako eta entzundako guztian oinarritu naiz; emakume horiek helarazi zidaten indarra agertu nahi nuen, eta batez ere, emakume gisa bizi duten drama.

Musika lagun izan nuen bidaia guztian; han musika tradizionala entzuten zen, baina baita reggaea eta afro-beata ere. Ideiak hartu nituen, horrela abestiaren letrarekin indarra eta salaketa transmititzeko, baina baita amorrua eta ezintasuna adierazteko ere. Uste dut nazioarteko abesti bat dela, alaia, indar asko duena.

 

Amparo Sánchez bizitza guztian aritu da musikaren munduan. Estiloak batzearen eta mestizajearen aitzindari, zortzi album argitaratu ditu Amparanoia taldearekin, Europa eta Latinoamerika guztian zehar egin ditu birak, eta musika-mugimendu horren erreferente bihurtu da. Amparo Sánchez, zalantzarik gabe, indar handiko emakume nekaezina da, salaketari eta giza eskubideen aldeko borrokari lotua, batez ere, emakumeen giza eskubideen alde.

 

EIAS Mutualia

Lotutako berriak