2019/11/18
Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Eguna ospatzen da gaur, azaroak 18. Antibiotikoak infekzio bakterianoak prebenitzeko eta tratatzeko erabiltzen diren sendagaiak dira.
Antibiotikoekiko erresistentzia gertatzen da bakterioek sendagai horien eraginei aurre egiten dietenean; 3 mekanismoren bidez gerta daiteke: erresistentzia naturala, mutazio genetikoa edo gaitasun hori espezie batzuetatik beste batzuetara aldatuta.
Javier de la Fuente Dk., Mutualiaren Infekzio Batzordearen arduradunak, erresistentzia horrek osasunean duen eraginaren berri eman digu, baita prebentzio neurriak azaldu ere.
Antibiotikoekiko erresistentziak gora egin du eta osasun publikoan arazo handia bilakatu da. Zein ondorio ditu?
Antibiotikoekiko erresistentzia mundu osoan handitzen ari da, maila arriskutsuetan. Egunez egun, erresistentzia-mekanismo berriak agertzen eta zabaltzen ari dira planeta osoan, eta horiek arriskuan jartzen dute gaixotasun infekzioso arruntak tratatzeko gure gaitasuna. Gero eta infekzio gehiago, adibidez, pneumonia, tuberkulosia, septizemia edo gonorrea, gero eta zailagoak dira —eta batzuetan ezinezkoak— tratatzen, antibiotikoek eraginkortasuna galtzen duten neurrian.
Mikrobio aurkako ugarirekiko erresistenteak diren mikroorganismoak multierresistente izenez ezagutzen dira, edo kasu batzuetan, superbakterio izenez, eta osasun publikoan oso arazo handia dira, eta handituz doa. Egun, hori dela eta, urtean 700.000 eta hainbat milioi arteko heriotza gertatzen dira. 2014ko apirileko OMEren txosten batek hau ondorioztatu zuen: «Arazoa jada ezin da etorkizuneko mehatxu larritzat hartu; aitzitik, orain gertatzen ari da eta munduko eskualde guztietan, eta edozein pertsona, edozein adinetan eta edozein herrialdetan infektatzeko gaitasuna du». Horregatik, antibiotikoekiko erresistentzia osasun publikoarentzako mehatxu handienetakoa da, egun, eta arazoak, epe ertainean, minbizia ere gaindituko duela uste da.
Prebentzio neurri gisa, antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzea azpimarratzen da urtetik urtera. Zer esan nahi du zehazki?
Antibiotikoak behar denean bakarrik erabiltzea, eta bereziki antibiograma batek germenaren aurka duen gaitasuna egiaztatu duenean. Gizartearentzat funtsezkoa da hezkuntza sanitarioa eta higiene-portaera aldatzea, hainbat neurri hartuta pazienteetan, ospitaleko bisitetan, eta senideetan infekzioak zabaltzea murrizteko, edo bestelako arloetan; adibidez, txertaketa, eskuak garbitzea, segurtasuna sexu-harremanetan eta elikadura-higiene ona.
Mutualian Infekzio Batzorde bat daukagu. Zein da bere eginkizuna?
Infekzio Batzordearen misioa da osasun-asistentziari lotutako kontrako efektuak murriztea, infekzioei dagokienez. Xede hori lortzeko, besteak beste, zeregin hauek ditu: jarduketa-protokoloak definitzea, jakinaraztea eta ezartzea, bai eta adierazleak definitzea eta horien jarraipena egitea ere.
Gure ustez, antibiotikoen aurkako erresistentziaren hedapena kontrolatzeko lan egin behar dugu, ahal dugun neurrian. Horregatik, Mutualiaren Infekzio Batzordeak bat egiten du Antibiotikoen Erabilera Arduratsuaren aldeko Europako Egunaren hedapen-kanpainarekin.
Antibiotikoen aurkako erresistentzia, gaur egun, osasun publikoaren mehatxurik nagusietako bat da. Oso garrantzitsua da guztiek, bereziki osasun adituek, elkarrekin lan egitea, mehatxu handi hori geldiarazteko.
2014an, OMEk mundu guztiarentzat argitaratu zituen hurrengo gomendio hauek, antibiotikoekiko erresistentziaren hedapena prebenitzeko eta kontrolatzeko: