Itzuli

Auzitegi Nazionalaren epaiaren arabera, lanaldi osoko kontratuetan ere erregistratu beharko dira lan-orduak

2016ko Kontrol Planean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak ikuskatutako enpresei eskatuko die, lanaldi mugatuko langileen orduak ez ezik, guztienak ere erregistratzeko, hau da, baita analdi osoko langileen orduak ere. Hain zuzen ere, langileen eguneroko sinadura eta lanean sartzeko eta irteteko ordua ere aurkeztu beharko dituzte.

Hori dela eta, seguruenik gertatuko denez, langileen eguneroko lanaldia erregistratzeko orduan enpresek agerpenaren eta ordutegiaren kontrolerako sistemarik ez badaukate, fitxen, txartelen edo hatz-marken sistemak edo sistema telematikoak, esaterako, langile bakoitzaren eguneroko lanaldiaren erregistroa egin eta kudeatu beharko dute, eta, horrez gain, langile bakoitzaren hileko jardunaldia ere zenbatu beharko dute guztira. Era berean, nominarekin batera, orduen laburpen horren kopia bana ere eman beharko diete langileei. Lanaldi osoko kontratuetan, egindako orduen erregistroa ere bat etorri beharko da enpresan ezarri beharreko hitzarmen kolektiboan zehaztutako orduen kopuruarekin.

Betebehar hori, ordea, ez da arauzko inolako aldaketaren ondorioa izango, Langileen Estatutuko “aparteko orduen zenbaketaren” kontrolari buruzko 35.5. artikuluaren interpretazioaren aldaketa izango baita. Laneko Ikuskaritzak eta auzitegien jurisprudentziak adierazi dutenez, agindua aparteko orduen zenbaketari buruzkoa bada ere, Langileen Estatutuko 35.5. artikuluan aipatutako betebeharra betetzeko, ezinbestekoa izango da langile bakoitzaren eguneroko lanaldiaren erregistroa eramatea. Izan ere, benetan egindako lanaldia zein den zehaztu beharko da, zer ordu diren ohikoak eta zein apartekoak bereizi ahal izateko. Hartara, langileek aparteko orduak egiten ari diren ala ez jakin ahal izango dute, eta urtean legearen arabera aurreikusitakoen muga gainditzen duten ala ez egiaztatu.

Jakina denez, LANALDI MUGATUKO kontratuetako lan-orduak erregistratzeko betebeharrak bete ezean, lanaldi osoko kontratua egin dela hartuko da kontuan, betiere, zerbitzuak mugatuak direla egiaztatzen duen frogarik aurkezten ez bada.

LANALDI OSOKO kontratuetako lan-orduak erregistratzeko betebeharra bete ezean, betebehar dokumentala denez, arau-hauste administratibo arintzat hartu ahal izango da –betiere, irizpide hoberik ez badago–.

Erregistro horiek lau urtez gorde beharko dira gutxienez.

Hona hemen Aholkularitza Juridikorako Sailari egin diogun galdera eta bere erantzuna.

Mahai gainean jarritako gaia/gaiak:

 

Orain arte, bagenekien lanaldi mugatuko kontratuetako lan-orduak erregistratu behar genituela.

Interneten ikusi dugu lanaldi osoko kontratuetako lan-orduak erregistratu behar direla orain.

Egia da? Derrigorrezkoa da?

 

  • Iruzkina:

 

Enpresek lanaldi mugatuko langileen orduak erregistratu behar dituzte:

 

Abenduaren 20ko 16/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez aldaketa egin denez eta Langileen Estatutuko 12.5.h) artikulua berriro idatzi denez (12.4.c) artikulua da gaur egun), enpresek egunez egun erregistratu beharko dituzte lanaldi mugatuko langileen orduak.

 

Hain zuzen ere, honakoa adierazten da Langileen Estatutua onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 12.4.c) artikuluan:

“c) Lanaldi mugatuko langileek ezin izango dute aparteko ordurik egin, 35.3. artikuluan aipatutako suposamenduetan izan ezik.

Ordu osagarriak egiteko orduan, 5. paragrafoan xedatutakoa hartu beharko da kontuan.

Edonola ere, aparteko orduen eta ordu osagarrien baturak, aurretiaz hitzartutakoak eta borondatezkoak barne, ezin izango du 1. paragrafoan zehaztutako lanaldi mugatuko lanaren legezko muga gainditu.

Ondorio horietarako, lanaldi mugatuko langileen orduak egunez egun erregistratu eta hilero zenbatu beharko dira guztira. Horretarako, soldaten ordainagiriarekin batera, hilero egindako lan-ordu guztien laburpenaren kopia emango zaio langileari, ohiko orduak eta 5. paragrafoan aipatutako osagarriak kontuan hartuta.

Enpresariek lan-orduen erregistroen hileko laburpenak lau urtez gorde beharko dituzte gutxienez.

Erregistrorako betebehar horiek bete ezean, kontratua lanaldi osokoa dela hartuko da kontuan, betiere, zerbitzuak mugatuak direla egiaztatzen duen frogarik aurkezten ez bada.

 

Hori dela eta, argi eta garbi dago enpresek lanaldi mugatuko langileen orduen erregistroa eraman behar dutela. Horretarako, datuak hilero zenbatuko dira guztira, eta, soldaten ordainagiriarekin batera, hilero egindako lan-ordu guztien laburpenaren kopia eman beharko zaio langileari. Era berean, enpresak hileko laburpenak lau urtez gorde beharko ditu gutxienez.

 

Enpresek lanaldi osoko langileen orduak erregistratu behar dituzte:

Betebehar hori aipatutako arauzko aldaketan azaltzen ez bazen ere, Langileen Estatutuko 35.5. artikuluan agertzen zen. Honakoa xedatzen zen bertan:

 

“5. Aparteko orduen zenbaketaren ondorioetarakolangile bakoitzaren orduak egunez egun erregistratu, eta ordainsariak ordaintzeko zehaztutako epealdian zenbatuko dira guztira. Horrez gain, langileei eurei laburpenaren kopia eman beharko zaie kasuan kasuko ordainagiriarekin batera.”

 

Betebehar hori, ordea, ez zen zorrotz kontrolatzen, eta, erabaki judizialen baten bidez (Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2012-10-24an emandako epaia) berretsitako irizpidearen arabera, gainera, aparteko ordurik egin ezean, ez zen beharrezkoa erregistro hori eramatea.

 

Nolanahi ere, gai hori bide judizialera eraman denean, honako irizpide hau izan da nagusi, eta behin betiko ere ezarri da, gainera: lanaldi osoko langileen orduak ere erregistratu beharko dira, nahiz eta aparteko ordurik egin ez. Izan ere, betebehar hori bete egiten dela kontrolatzeko, ordu horien erregistroan egiaztatu beharko da arruntak diren ala muga gainditzen duten eta aparteko orduak diren.

 

Orain dela gutxi, bankaren arloan, sindikatuek gai hori berori jarri dute mahai gainean, eta Auzitegi Nazionalak azaldutako irizpideari zein doktrinari eutsi die, 2016-02-19ko epaiko hirugarren zuzenbide-oinarrian honako hauxe adieraztean (383/2015 prozedura):

“Demanda bera baietsi egin behar da, oso gogoan eduki behar delako mahai gainean jarritako gaiak Sala honek beronek ebatzi zituela 2015eko abenduaren 4ko ANEn (301/2015 prozedura) (AS 2016, 97). Izan ere, langileek egunero benetan egindako lan-orduak erregistratzeko sistema ezarri behar dute enpresek, hitzarmen sektorialean eta ezarri beharreko enpresa-itunetan hitzartutako ordutegiak behar bezala betetzen direla egiaztatu ahal izateko. Era berean, egindako aparteko orduen hileko zenbaketari buruzko informazioa ere eman behar zaie langileen legezko ordezkariei, honako hauetan aurreikusitakoa kontuan hartuta: Langileen Estatutuko 35.5. artikulua (LEK 1995, 997); 1561/1995 Errege Dekretuko hirugarren xedapen gehigarria (LEK 1995, 2650); eta Aurrezki Kutxen eta Finantza Erakundeen Hitzarmen Kolektiboko 32.5. artikulua (LEK 2012, 421).

 

Oraindik ere, Sala honek epai hori hartzen du bere gain, segurtasun juridikoaren inguruko arrazoiak daudelako eta irizpidea aldatzeko arrazoirik ez dagoelako. Epai horretako arrazoinamenduak berresten ditugu, funtsean honakoa aldarrikatzen zelako bertan: “… Horrela, bada, jurisprudentzian bertan ez dago demandako asmo nagusiari buruzko inolako adierazpenik, doktrina inguruko adierazpenik badago ere. Gainera, badu bertute nagusirik, argi eta garbi zehazten baitu zer galderari erantzun behar zaion asmo hori behar bezala ebazteko. – Hain zuzen ere, auzia ebazteko, argitu beharra dago aparteko orduen benetako kontrolerako printzipio eratzailea Langileen Estatutuko 35.5. artikuluan (LEK 1995, 997) araututako lanaldiaren aurretiazko eguneroko erregistroa den ala erregistro hori aparteko orduak egiten direnean bakarrik eskatu beharko den, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2012-10-24an emandako epaian defendatzen den bezala.

 

Horretarako, azpimarratu beharra dago Langileen Estatutuko 35.5. artikuluan (LEK 1995, 997) adierazitako aurreikuspenak, 2003-12-11ko ANEn (RJ 2004, 2577) gogoratu eta 2006-04-25eko ANEn (JE 2006, 2397) (errek. 147/2005) berretsi bezala, “langileei frogabide dokumentala ematea daukala helburu, aparteko orduak egin direla errazago egiaztatu ahal izateko, beti hori egitea nahikoa zaila dela kontuan hartuta. Izan ere, ezinbestekoa izango da hori frogatzea. Aparteko orduak patentizatzeko derrigorrezko baliabide horren ondorioz, langilea bera izango da enpresak honako hau egiteko daukan betebeharraren lehenengo hartzailea eta nagusia: “langile bakoitzaren lanaldiko aparteko orduak zenbatzea… eta langileari laburpenaren kopia ematea kasuan kasuko ordainagirian”. – Beraz, argi eta garbi dago laburpenean bertan egunero egindako aparteko orduen kopurua ez dela agertzen, egunero egindako lan-orduak baizik.

 

Beraz, agindu honen helburua langileei aparteko orduak egin dituztela egiaztatzeko frogabide dokumentala ematea bada, agerikoa bide da eguneroko lanaldiaren erregistroa izango dela legegileak berak sustatu duen tresna, aparteko orduen kontrola benetan egiten dela bermatzeko. – Horrela izango ez balitz, lan-orduen eguneroko erregistroa aparteko orduak egiten direnean bakarrik derrigorrezkoa izanez gero, gurpil-zoroa sortuko litzateke, eta instituzioa bera zein bere xedeak edukirik gabe geratuko lirateke, aparteko orduak apartekotzat hartzeko printzipioa lanaldiaren gehienezko iraupenaren gainetik egindako orduetan oinarritzen dela kontuan hartuta. BANKIAN, hain zuzen ere, 1.680 ordukoa da urteko zenbaketaren arabera, Aurrezki Kutxen eta Finantza Erakundeen Hitzarmen Kolektiboko 31.1. artikuluan xedatutakoaren arabera (LEK 2012, 421). Hain zuzen ere, hori dela eta, ezinezkoa izango litzateke aparteko zenbat ordu egin diren kontrolatzea, lanaldiaren eguneroko erregistro hori egin ezean.

 

Horren erakusgarri dira Laneko Ikuskaritzak seigarren egitate frogatuari buruz egindako txostenak. Haiei esker, esan gabe doa laneko ikuskatzaileek ez dutela ohiko lanaldiaren mugak gainditzen diren ala ez kontrolatzerik, Langileen Estatutuko 35.5. artikuluan (LEK 1995, 997) araututako eguneroko lanaldiaren erregistroa eramaten ez bada. Izan ere, eguneroko lanaldia horrexegatik erregistratzea dauka helburu, jurisprudentzian bertan adierazten den bezala. – Hain zuzen ere, Langileen Estatutuko 35.5. artikuluan (LEK 1995, 997) aipatutako laburpenetan, ez da aparteko zenbat ordu egin diren azaldu behar, eguneroko lanaldia aparteko ordurik egin gabe luzatu ahal izango delako, urteko zenbaketan asteko berrogei orduko lanaldia gainditzen denean bakarrik egingo direla kontuan hartuta. Bertan, hain zuzen ere, egunez egun egindako lanaldia azaldu beharko da, ohiko lanaldiaren mugak gainditu diren ala ez egiaztatzeko baliabide bakarra izango da-eta. Ez dago ondorio hori ezerezean uzterik, BANKIAN bertan hainbat eta hainbat ordutegi dutela eta haietako batzuk malgutasunez betetzen direla adierazi arren. Izan ere, konplexutasun horren ondorioz, are beharrezkoagoa da lanaldia egunero erregistratzea, langileek hitzartutako lanaldia egiten duten ala gainditu egiten duten egiaztatzeko modu bakarra baita. Halakoetan, gainera, aparteko orduengatiko ordainsaria jasotzeko eskubidea ere izango dute langileek, hitzarmeneko 32. artikuluan adierazi bezala. Bestela, orduok atseden moduan ere hartu ahal izango dituzte beste egun batzuetan. – Era berean, garrantzirik gabekoa da langile batzuek euren lanaldia oso-osorik edo zatika enpresako lokaletan garatzen ez dutela esatea, inguruabar horren ondorioz enpresa bera are gardenagoa izan beharko delako zerbitzugintzan eta hitzartutako lanaldia ez dela gainditzen bermatu beharko duelako, inoiz egiaztatu ezin litekeela kontuan hartuta. Halaber, ez da egia BANKIAK Langileen Estatutuko 20.3. artikuluan (LEK 1995, 997) baimendutako langileen lanaldiaren kontrolari uko egin diola, “lanaldia egiteko presuntzioaren” alde egiten duelako. Izan ere, behar bezala egiaztatu da bertako langileen absentziak zehatz-mehatz kontrolatzen dituela eta langileek eurek Intraneten bertan eman behar dutela hitzartutako lanaldiaren garapena eragozten dien edozein absentziaren berri. – Horrela, bada, BANKIAK zehatz-mehatz kontrolatzen ditu bertako langileen absentziak, eta ziurtatu egiten du euren lanaldia oso-osorik betetzen dutela. Hala ere, eguneroko lanaldia erregistratu nahi ez duenez, bertako langileek eta haien ordezkariek ez dakite zein den benetan egiten duten lanaldia. Horretarako ematen duen argudioa, gainera, onartezina da erabat, enpresan bertan aparteko ordurik egiten ez dela dioelako. Hori dela eta, bertako langileei eta haien ordezkariei ez die hori egiaztatzeko dagoen modu bakarra eskaintzen.

 

Gainerakoan, hainbat eratara bideratu ahal izango den lanaldiaren eguneroko erregistroa laneko harremanak modernizatzeko tresna ere izango da. Izan ere, XX. mendean enpresa handietan orokortu zela kontuan hartuta, oso harrigarria da hain erakunde garrantzitsua den BANKIAK XXI. mende bete-betean ezarri ez izana, baina, batez ere, hori zergatik egiten ez duen azaltzen duenean aurretiaz aparteko orduak egin behar direla aipatzen duenean. Hain zuzen ere, argi eta garbi ukatzen du aparteko orduak egiten direla, lanaldiaren eguneroko erregistroa, eta ez aparteko orduena, baliabide eratzailea delako gehiegizko lanaldia kontrolatzeko orduan. Beraz, hori ukatzean, langileak babesik gabe geratzen dira, eta hori ez dago inolaz ere arintzerik aparteko orduak borondatezkoak direla esanda, orduok egiaztatzeko modu bakarra lanaldia egunero kontrolatzea delako, hain zuzen ere. Beraz, hori eguneratzean, argi eta garbi ikusi ahal izango da aparteko ordurik egiten den ala ez, eta borondatez egiten diren.

 

Beraz, demandako lehenengo asmoa baiesten dugu.”

 

Egoitza nagusia Valladoliden daukan Gaztela-Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak ere gauza bera adierazi du 2006-03-13ko epaian; eta egoitza nagusia Sevillan daukan Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak, 2001-03-16koan.

 

Beraz, bide judizialean Langileen Estatutuko 35.5. artikuluaren inguruan egindako interpretazioaren arabera, enpresek lanaldi osoko langileen orduak ere erregistratu beharko dituzte.

 

Egunez eguneko zeregin praktikoei begira, adierazi beharra dago Laneko Ikuskaritzak 2015. eta 2016. urteetarako jarduketa-plan integratuetan adierazi duela betebehar hori bete egiten dela zaindu beharra dagoela langileek egindako aparteko orduak kontrolatzeko mekanismo moduan. Hori dela eta, litekeena da Laneko Ikuskaritzak edozein enpresatan kontrolatzea betebehar hori betetzen duen ala ez, eta horren araberako ondorioak ezartzea, erregistro hori eraman ezean.

 

  • Ondorioak:

 

Enpresek lanaldi osoko langileen orduen erregistroa ere eraman beharko dute.

Kontsulta egin Aholkularitza Juridikoari.

Lotutako berriak