2018/11/20
Ekimenez jositako hiru egunen ostean, Osalanek itxiera eman zion iragan ostiralean IV. Laneko Segurtasun eta Osasunen Nazioarteko IV. Biltzarrari. Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu da azaroaren 14, 15 eta 16an, Etorkizuneko laneko erronken azterketa izenburupean. 100dik gora hizlarik hartu du parte eta 700dik gora lagun bertaratu dira segurtasunari eta osasunari buruzko ezagupenak eta esperientziak partekatzera.
Mutualia oso presente egon da kongresuan eta esku-hartze zabala izan du egitasmo desberdinen bitartez. Besteen artean, hiru egun horietan Mutualiak bere stand-ean aurkeztu ditu lan arriskuen prebentziorako tresna berritzaile eta erabilgarriak:
Adinaren simulatzailea: Simulatzailea probatzera gerturatu ziren pertsonek adinean aurrera egitearen ondorioekin lotutako zentzumenen funtzioetan zein funtzio motorretan sortzen diren mugek eragindako zailtasunak bizi ahal izan zituzten. Tresna honen helburua da sensibilizatzea eta zahartze aktibo eta osasuntsua sustatzea.
Gidatzearen simulatzailea: Gidatzen goazenean suerta daitezkeen egoera arriskutsuen aurrean kokatzen gaituen tresna jende askok probatu zuen, izan ere, trafikoko istripuen arriskuarekiko kontzienteago izatea xede baitu tresnak.
Exoeskeletoa: Hau izan zen Mutualiaren stand-ean ikusi eta probatu ahal izan zen beste tresnetako bat. Aukera ematen du esfortzu fisikoaren ondorioz sortutako lesio muskulueskeletikoak murrizteko edo prebenitzeko, izan jarrera behartuek edo/eta kargak edo pertsonak manipulatzeak eragindakoak.
Halaber, Mutualiako prebentzioko teknikariek exoeskeletoaren nahiz adinaren simulatzailearen xehetasunak eskaini zituzten bi tailerretan, eta bertan parte hartu zuen jendeak probatzeko aukera izan zuen. Kongresuaren baitan eman zuten beste tailerra Ahotsaren Eskola izan zen, Mutualian oso finkatua dagoen egitasmoa, edizio guztietan harrera bikaina jasotzen duena. Ahotsa lantresna gisa erabiltzen duten profesionalek ahots-teknika egokia erabiltzen ikasteko eskaintzen da, ahotsaren zainketa landuz, etorkizunean gerta litezkeen gorabeherak prebenitzeko.
Aitzitik, ehunka lagunek bisitatu du Prebentziozko Begiradak erakusketa Euskalduna Jauregiko sarreran, hots, Mutualiak duela 15 urtetik hona antolatzen duen lehiaketan parte hartu duten 30 argazki, Prebentzioaren kultura sustatu, lan-istripuen aurkako kontzientzia hartu eta lan esparru seguruagoak eta osasuntsuagoak lortzea xede duen lehiaketa.
Mutualia Sariak
Azaroaren 14an 8. Mutualia Sariak banatu zituen Mutualiak. CONFEBASK, ADEGI, CEBEK, SEA eta Osalan erakundeen lankidetzarekin banatzen dira sariok bi urtetik behin, helburu argi batekin: berdintasunaren sustapena eta laneko segurtasuna eta osasuna. Aurten, berrikuntza bezala, bi kategoria bereiztu dira: Berrikuntza Saria, Laneko Arriskuen Prebentzioan eta Berdintasun Saria. Mutualiak “Aernnova zaindu” proiektuagatik eman dio Aernnova enpresari laneko arriskuen prebentzioaren arloko Berrikuntza saria, eta Polymat-i Berdintasun saria, “Polimeroen arloko emakume zientzialarientzako Emakiker beka” proiektuagatik. Lehen aldia da enpresa irabazleek beren proiektuak zuzenean aurkeztu dutena, eta publikoaren botoen eta kategoria bakoitzerako eratu diren epaimahaien deliberazioen bitartez hautatu direna.
Aurkeztutako proiektuen kalitatea dela-eta, enpresa finalista guztiei accesit bana eman zaie. Laneko arriskuen prebentzioaren arloko berrikuntzaren kategorian enpresa hauek jaso dute accesita: Bilboko Udala, Somorrostro Formakuntza Zentroa, GAIA, IMQ Prebentzioa, JEZ Sistemas Ferroviarios, Mercedes-Benz Espainia eta Metro Bilbao. Berdintasunaren kategorian, aldiz, beste hauek: Unilever Foods Industrial eta Eusko Trenbideak.
Mutualiak bere esku-hartzea osatu du mahai-borobil batean egindako saioarekin. Gizarte Segurantzakin lankidetzan diharduten Mutuak eta Lan Arriskuen Prebentzioa izenpean, Susana Castaños jardun zen, Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendaria. Ondorengo gaia landu zuen: Estatuan eta Erkidegoan indarrean dagoen araudia eta 1299/2006 Errege Dekretuan onetsitako gaixotasun profesionalen koadroaren eguneratzea, eta baita jasotzen diren gaixotasunekiko eta gaixotasun horiek sortzen dituzten patologiekiko jurisprudentziaren interpretazioa ere. Mahaikide izan zituen Alejandro Romero, MC Mutual-eko Prebentzio Zerbitzuen zuzendaria, Eladio González Malmierca, Ibermutuamur-eko Prebentzio zuzendaria eta Juan Carlos Benito-Butrón Ochoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko magistratua.