2016/10/28
Mutualiako kide Cristina Mendia, Madrilen kontziliazioaren inguruan egindako foroan.
Gero eta hedatuago dago enpresek kontziliazioa kudeatu behar duten ideia.
Horren erakusle, pertsonak kontuan izatea erabaki duten enpresak euren estrategietan langileek lana eta familia uztartzeko dituzten beharrak sartzen hasi dira.
Joan den irailaren 27an, Mutualia Madrilen izan zen konpromisoa eta kontziliazioa hizpide izan zituen familia-erantzukizuneko enpresen foroan parte hartzeko. Ekimenean, Mutualiak ez ezik, Amadeus, Reale, Bankinter, Leche Pascual, Mahou eta beste hainbat enpresek ere hartu zuten parte, guztiak ere euren esperientziak partekatzeko asmoz. Guztiek argi utzi zuten bezala, familia bizitza eta lana uztartzeko nahia behar bezala gauzatzeko, euren interesak koordinatu behar dituzten bi eragile izaten dira beti: langilea bera eta enpresa.
Mantequerías Arias enpresak Mutualia gonbidatu du mutualitateak kontziliazioa kudeatzeko duen eredua lehen eskutik ezagutzeko asmoz
Hurbiltasunean eta gizatasunean oinarritutako kudeaketa eredua duela bermatzen duen Berdintasun Bereizgarriaren jabe den Mantequerías Arias enpresak familia-erantzukizuneko enpresa gisa ziurtatu nahi du orain bere burua. Hori dela eta, bertako zuzendaritzak Cristina Mendia Mutualiako ordezkaria gonbidatu du, jada ziurtagiria duen enpresa bateko kide gisa berau lortzeko bete beharreko baldintzak eta jarraitu beharreko prozedura lehen eskutik ezagutzeko. Hain zuzen ere, Mendiaren bisita jasotzeko, Mantequerías Ariaseko Berdintasun Batzordeak enpresako Berdintasun Eguna antolatzeko eta egindako berdintasuneko barne inkesta aztertzeko Oviedon antolatutako jardunaldi bat baliatu zuen zuzendaritzak.
Jardunaldian enpresako arlo ezberdinetako kideek parte hartu zuten, bai zuzendaritzakoak (zuzendari kudeatzailea, giza baliabideen zuzendaria, prestakuntza zuzendaria, prebentzio zerbitzuko zuzendaria), bai zerbitzu eta toki ezberdinetako langileak (Burgos, Valladolid, Oviedo…), bai enpresako kide ez ziren aholkulari sindikalak ere.
Cristina Mendiaren azalpenaren ostean, eztabaida oso interesgarria sortu zen ezarritako kontziliazio neurrietako batzuk martxan jartzeko orduan izaten diren zailtasunen inguruan, batik bat lanpostuen konplexutasuna dela-eta. Langileek aitortu zutenez, oro har pozik daude lana eta familia uztartzeko neurriak jorratzeko moduarekin, batez ere inguruko gainontzeko enpresekin alderaketa eginda. Hain zuzen ere, hori Mutualiako langileen artean nabaritzen dugun zerbait ere bada.
Partaidetza oso handia izan zen, eta, horri esker, Mantequerías Arias enpresan urtero egiten duten Berdintasun Egunaren antolakuntzarekin lotutako ideia berritzaileak plazaratu ziren –aurtengoan hirugarrenez egingo dute–.
Jardunaldia nola joan zen ikusita, badirudi Mantequerías Arias familia-erantzukizuneko enpresa gisa ziurtatua izateko moduan dela, zuzendaritzaren inplikazioa, ordezkari sindikalen partaidetza eta langileen beraien ekarpena begien bistakoak baitira, berdintasuna bultzatzeko egindako ideia tailerrean argi ikusi zen bezala.
Mutualiarentzat benetan atsegina izan da Berdintasun Bereizgarria duen eta familia-erantzukizuneko enpresa gisa ziurtatua izateko lanean ari den enpresa kide batekin kolaboratu ahal izatea. Era berean, benetan nabarmentzekoa da Mantequerías Ariaseko zuzendaritzak agertutako jarrera, prestutasun osoa agertu baitu bai kontziliazioa kudeatzeko ideia berriak kontuan izateko bai langileekin elkarlanean ideia berriak bilatzeko oinarrietara gerturatzeko, betiere pertsonen onerako. Zalantzarik gabe, hori aipatu ziurtagiria lortzeko bide egokia dela esan daiteke
Cristina Mendia, Mantequerías Arias enpresak Oviedon egindako Berdintasun Jardunaldian.
Mutualiak Gobernamendu on korporatiboa, balio sorkuntzarako palanka jardunaldian parte hartu zuen urriaren 20an CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak gonbidatuta. Jardunaldian Women CEO elkarteak Genero aniztasuna IBEX-35 indizeko enpresen administrazio kontseiluetan. Bikaintasunetik zero absolutura ikerketan aurkeztutako datuak aztertu ziren.
Ferrovial, Melía eta Laboratorios Admirall enpresetako kontseilari eta Bankinterreko lehendakaria ohi Juan Arena jaunak «Aldaketa esperientzia bat» hitzaldia eskaini zuen, etikaren, araudiaren eta errentagarritasunaren esparruen arteko oreka bilatzearen beharra nabarmenduz. Azaldu zuenez, balio galera arriskuak ahalik eta gehien gutxitu behar dira, eta, enpresetako administrazio kontseiluak gizartearen beraren isla direnez, beharrezkoa da balioa modu jasangarrian sortzea, bai arlo ukigarriak bai ukiezinak kontuan izanik.
Arena jaunak nabarmendu zuenez, talentuak ez du sexurik, eta, beraz, gaur egun oraindik ere emakumeak administrazio kontseilutako kide ez izateko arrazoi gisa ematen diren justifikazioetako asko erabat baliogabeak dira.
Jardunaldia amaitzeko Eva Ley Women CEO elkarteko ohorezko lehendakariak hartu zuen hitza. Bertaratutakoei mezu zuzena bidali zien: «Beste aldean berdintasuna dago. Ireki dezagun atea eta sar gaitezen».
Cristina Mendia CEOEk Madrilen antolatutako jardunaldian, Eva Levy Women CEOko ohorezko lehendakariarekin.