Udarekin batera, tenperatura altuak iristen dira, eta gehiegizko beroak langileengan eragina izan dezake. Gorputzak berora egokitzeko berezko mekanismoak ditu, baina, tenperatura oso altua denean, bero-kolpe bat gerta daiteke, eta ondorio larri edo oso larriak eragin osasunerako.
Oraintsu argitaratu da 4/2023 ERREGE LEGE-DEKRETUA, maiatzaren 11koa, zeinak apirilaren 14ko 486/97 Errege Dekretua aldatzen baitu, lantokietako segurtasun eta osasunari buruzko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena, eta aire zabaleko lanetako lan-baldintzei buruzko xedapen gehigarri berri bat jasotzen duena.
Hori dela eta, Enpresako zuzendaritzak arriskuen ebaluazioan jaso beharko du fenomeno meteorologiko gogorren eraginpean egoteari dagokion guztia, zenbait jarduera-sektoretan, hala nola eraikuntzan, nekazaritzan, abeltzaintzan, ostalaritzan, lorezaintzan, garbiketan eta hondakinen bilketan, baita aire zabalean egiten den edozein lan-motatan ere. Halaber, langileen esku jarri beharko ditu prebentzio-neurri egokiak, baita neurri horiek abian jartzearen inguruan sentsibilizatu ere.
Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET) edo, hala badagokio, erkidegoko organoak (EUSKALMET Euskal Autonomia Erkidegoan, METEOGALICIA Galizian edo METEOCAT Katalunian), maila laranja edo gorriko fenomeno meteorologiko gogorren abisua ematen badu eta ezin bada bestela bermatu langileen babes egoki bat, neurri horien artean jasotzen da ordu horietan zenbait lan egiteko debekua, baita lan-baldintzak egokitu beharra ere, aurreikusitako lanaldiaren jardun-orduak murriztea edo aldatzea barne.
Mutualiatik, arlo honetako betebeharrei eta gomendioei buruzko informazio-fitxa bat jarri dugu enpresen eskura.
Langileei zuzendutako informazio-fitxa bat ere egin dugu, sintomak eta prebentzio-neurriak ezagutzen laguntzeko.
Bestalde, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak NAPOko klip bat argitaratu du, estres termikoa nola saihestu jakiteko.
