Espainiak eta Portugalek indarrak batu dituzte klima-aldaketaren aurka, LSOINek, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eta Portugalgo Autoridade para as Condições do Trabalho erakundeak sustatutako kanpaina iberiko baten bidez. Ekimena 2027ko ekainera arte luzatuko da, eta helburu du dagoeneko milioika pertsonaren lan-baldintzetan eragiten ari diren arriskuen aurrean sentsibilizatzea, informatzea eta prebentzio-neurriak sustatzea.
Datuek arazoaren tamaina erakusten dute: OMEren eta LANEren arabera, urtero ia 19.000 langile hiltzen dira beroarekin zerikusia duten arrazoiengatik, eta 22 milioi baino gehiagok lesioak jasaten dituzte tenperatura altuen eraginpean egoteagatik.
Kanpainak klimarekin lotutako hiru lan-arrisku handiri heltzen die:
- Estres termikoa eta muturreko beroa.
- Bektoreek transmititutako gaixotasunak, hala nola eltxoek eta akainek.
- Eguzki-erradiazio ultramorea.
Aire zabalean lan egiten duten sektoreak dira esposizio handiena dutenak, hala nola nekazaritza, eraikuntza, garraioa eta logistika. Kanpainak webgune bat eskaintzen du, prebentzio-fitxekin eta sentsibilizazio-materialekin.
Enpresen prebentzio-betebeharrak
Maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuak, apirilaren 14ko 486/97 Errege Dekretua aldatzen duenak, ezartzen ditu aire zabaleko lanetarako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak.
Eraikuntza, nekazaritza, abeltzaintza, ostalaritza, lorezaintza, garbiketa, hondakinen bilketa eta antzeko sektoreetako enpresek meteorologia-fenomeno kaltegarriekiko esposizioa sartu behar dute arriskuen ebaluazioan. Gainera, prebentzio-neurri egokiak ezarri behar dituzte, eta langileak neurriok behar bezala aplikatzearen inguruan sentsibilizatu.
Aire zabalean lan egiten duten pertsonentzako arriskuak
Aire zabalean ordu asko egoten diren pertsonak eguzki-erradiazioaren eraginpean egoten dira lanaldiaren zati handi batean. Udan, tenperatura altuek eta gehiegizko beroak eragin nabarmena izan dezakete langile horien osasunean.
Gorputzak berora egokitzeko mekanismoak ditu. Nolanahi ere, tenperatura oso altua denean eta denboran mantentzen denean, bero-kolpe bat izan daiteke, berehalako arreta eskatzen duen egoera larria.
Alerta-sintomak
Bero-kolpearekin lotutako sintoma nagusiak dira, besteak beste, gorputzaren tenperatura igotzea, buruko mina, zorabioak, gorakoak, arranpak eta takikardiak. Egoerak okerrera egiten badu, akidura, nahasmena, konbultsioak eta konortea galtzea ere jasan daitezke.
Langileek arrisku horien berri izan behar dute, eta enpresak haien eskura jarritako prebentzio-neurriak aplikatu.
Bero-kolpea saihesteko gomendio nagusiak
- Eguzkitan luzaro ez egotea.
- UV erradiazioaren indizea kontsultatzea: baxua, neurrizkoa, altua, oso altua edo muturrekoa.
- Ura etengabe edatea, baita egarririk ez bada ere.
- Beroa eta lepoa babestea txanoarekin edo beste elementu egoki batzuekin, UV babesa duten eguzkitako betaurrekoak erabiltzea eta arropa argi, zabal eta gorputzaren zati handiena estaltzen duenarekin janztea.
- Eguzkiaren eragin handiena jasotzen duten eremuetan eguzkitako krema ematea. Eguzkiaren eraginpean egoteagatiko arriskua dagoenean, krema norbera babesteko ekipamendutzat hartu daiteke. Gainera, lainotutako egunetan ere erabili behar da.
- Ez erretzea, otordu oparorik ez egitea eta edari alkoholdunak ez edatea.
- Ariketa fisikorik ez egitea bero handiena egiten duen orduetan, bereziki 12:00etatik 17:00etara.
Meteorologia-fenomeno kaltegarrien aurreko neurriak
Aurreikusi beharreko prebentzio-neurrien artean daude zenbait zeregin egiteko debekua, bai eta aurreikusitako lanorduak murriztea edo aldatzea ere, maila laranja edo gorriko meteorologia-fenomeno kaltegarriak daudenean.
Alerta horiek Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) eman ditzake, edo, hala badagokio, dagokion organo autonomikoak (EUSKALMET Euskadin, METEOGALICIA Galizian edo METEOCAT Katalunian).
Neurriok aplikatu behar dira langilea behar bezala babestea beste moduren batean bermatu ezin denean.
Mutualiaren laguntza-materialak
Mutualiak enpresen eskura jarri ditu beroaren aurrean prebentzioa errazteko eta jarduteko informazio-materialak. Besteak beste, infografia bat dago, Zer egin pertsona batek bero-kolpe bat jasaten badu, sintomak ezagutzera eta prebentzio-neurri egokiak aplikatzera bideratua.
Halaber, Enpresarako informazioa ematen da, arlo horretako betebeharrei eta gomendioei buruz.
Informazio gehiago
Informazio gehiago
- Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentzia: NAPOren klipa
- LSOIN
