Bideko Helbide Elektronikoa (BHE) trafikoari buruzko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak helarazteko kanal edo bitarteko bat da. Hamar urte baino gehiago dira martxan jarri zela, bai pertsona fisikoentzat bai juridikoentzat. Hori dela eta, iaz data hauetan, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak kanpaina bat jarri zuen martxan, gogorarazteko azarotik aurrera ibilgailuen jabe diren edo epe luzeko errentari diren enpresek nahitaez erabili behar dutela. Partikularrek aukerakoa dute.
Datorren azaroaren 1ean urtea beteko da derrigorrezkoa dela Bide Helbide Elektronikoa izatea Trafiko Zuzendaritza Nagusia aipatutako enpresekin komunikatzeko bide bakar gisa. Hala, jakinarazpenak posta bidez bidaltzeari utzi zaio, enpresa ugarik egiaztatu ahal izan duten moduan.
Prozesua sinplea eta doakoa da. Joan den urteko azaroaren 1ean, pertsona juridikoek sisteman alta hartzeko borondatezko epea zehaztu zen. Administrazio elektronikoa jendearekiko harremana errazteko sortu zen, eta, beraz, alta egin ez duten enpresek ez dute ekimenarekin bat egiteko aukera galdu eta ez dute inolako zigorrik jasoko. Hain zuzen ere, jakinarazpenak telematikoki bidaliko zaizkie, baina, enpresaren helbide elektronikoa jakinarazi ez dutenez, helbide elektroniko bat esleituko zaie ofizioz. Han egongo dira irakurtzeko moduan, bilduta, irakurtzeke dauden jakinarazpenak. Plataforman sartzeko ziurtagiri digitala behar da, bertan jakinarazpenak ikusteko. Plataforman komunikazio bat jasotzen denean, abisua bidaltzen du enpresak emandako telefono-zenbakira eta helbide elektronikora.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren eta pertsona juridikoaren arteko lotura pertsona juridikoaren identifikazio-agiri ofiziala da, hots, IFZa. Enpresa baten Bideko Helbide Elektronikoak indarrean jarraituko du hari lotutako IFZa existitzen den bitartean, enpresak izen soziala, helbidea, administratzaileak eta abar aldatu arren.
BHE urtebete geroago planteatzen ari den galdera ohikoenak:
1. Zer behar dut nire enpresaren alta egiteko? Enpresaren ordezkariaren ziurtagiri elektroniko bat, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren egoitza elektronikoan BHEaren alta egiteko.
2. Derrigorrezkoa da enpresa guztientzako? Ibilgailuen jabe diren edo epe luzeko errentari direnen enpresentzat baino ez.
3. Zigorrik jasoko dut nire enpresak oraindik ez badu BHEa? Ez. Jakinarazpenak jasotzeko postontzi bat ofizioz esleituko zitzaizun. Hartan sartzeko, enpresaren ordezkariaren ziurtagiri elektronikoa beharko duzu.
4. Paperezko jakinarazpenak ere bidaliko dira? Ez. Guztiz desagerrarazi dira iazko azaroaren 1az geroztik. Orain, enpresekiko komunikazioa baliabide elektronikoen bidez egiten da soilik.
5. Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren jakinarazpenak bakarrik jasoko ditut? Ez. Sistemari zehapen-eskumena duten beste erakunde batzuk atxiki zaizkio, hala nola udalak eta funtzio horiek transferituak dituzten erkidegoak. Zerrenda osoa Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean kontsultatu dezakezu.
6. Nire enpresarentzako zer kostu izango du BHEa erabiltzeak? Ez du kosturik. Plataforman alta egitea eta jakinarazpenak ikusteko erabiltzea doakoa da.
7. Zer epe ditut jakinarazpen bat jasotzen dudanean? Jakinarazpen elektronikoetarako, 10 egun naturaleko epea ezartzen da, jakinarazpena BHEan jasotzen denetik, hura irakurtzeko. Epe horretan irakurtzen ez bada, ulertuko da uko egiten zaiola, prozedurak dagokion moduan jarraituko du, eta izapidea gauzatutzat joko da.
