Itzuli

BURUKO MINAK: GARAI HONETAKO OINAZE BAT

Zefalea edo buruko mina giza espeziearen oinaze formarik ohikoenetakoa da. Buruko mina aldizka agertzen da, oro har, eta zenbait motak medikuaren diagnostiko zehatza eta tratamendu espezifikoa eskatzen dute. Hortaz, ez da komeni nork bere kabuz sendagaiak hartzea.

Migraina
Migrainaren kasuan, buruko min krisiak errepikakorrak dira, aldakorrak intentsitateari, iraupenari eta maiztasunari dagokienez, oro har hemikranialak, eta maiz, goragale eta gorakoari, fotofobiari eta fotosentikortasunari lotuak. Noizbehinka sentikortasunaren, sistema motorraren edo hizkuntzaren defizitaren ondoren edo haiekin batera gertatzen dira, eta ariketa fisikoarekin okerrera jotzeko eta loarekin hobetzeko joera dute.

Migrainak populazioaren % 10-15 ingururi eragiten dio, eta emakumezkoengan da ohikoagoa. Pazienteen % 70ek aurrekariak ditu familiaren historia klinikoan. Gizonezkoengan haurtzaroan hasteko joera du, eta lehen hilekoarekin batera emakumezkoengan. Maiztasunak behera egiten du urteekin.

Krisiok zenbait elikagai mota hartzeak eragin ditzake, hala nola tiramina asko dutenak (gazta ondua, banana helduak, kakahueteak) eta kafeinan eta feniletilaminan oparoak direnak (txokolatea, kafea, kola, tea), bai eta ingurune-faktoreek (argi dirdiratsuek, usain biziek) eta lo-orduak edota estresa areagotzeak ere.

Bi migraina mota daude:

Aurarik gabeko migraina (migraina arrunta): Ohikoena da.

Migraina auraduna (migraina klasikoa): Migraina mota horrek «aura» izeneko hainbat sintoma neurologiko itzulgarri ager ditzake: ikusmenaren nahasmenduak eta ikusmenarekin loturarik ez duten beste batzuk, esaterako paresia, parestesiak, disfasia eta entzumen- eta usaimen-haluzinazioak. Aurretiko 24-48 orduetan pazienteek bestelako sintoma prodromikoak izan ditzakete; hala nola, umore-aldaketak, adimen-trakestasuna, logalea edota goragalea.

Tratamendua. Faktore eragileak ezabatzeko ahalegina egin beharko da. Tratamendu farmakologikoa bitarikoa izan daiteke, sintomatikoa (aspirina, ibuprofenoa, naproxenoa, parazetamola, metoklopramida edo sumatriptan) zein profilaktikoa (beta-blokeatzeileak, kaltzio-antagonistak, antidepresibo triziklikoak), hilabeteko 3 edo 4 migraina-krisitik gora sufritzen dituztenei gomendatuko zaizkienak.

Tentsio-tipoko buruko mina
Entitate ezberdinak baino, migraina arrunta eta tentsio-tipoko buruko mina antzeko prozesuak direla eta gaixotasun beraren bi muturrak irudikatzen dituztela uste da. Mina aldebikoa izaten da oro har, gorra, zapaltzailea, neurrizko intentsitatekoa, eta pazienteek buruaren zapaltze gisara deskribatzen dute, ilea ukitzean sentsazio mingarria eragiten duena. Buruko mina kroniko bilakatzen bada, antidepresibo triziklikoak baliagarriak dira hura kontrolatzeko.

Luku gisako buruko mina
Gizonen artean da nagusi, eta 35 urte ingururekin hasten da. Mina intentsitate handikoa da, taupakaria eta ziztatzailea, eta batez ere bekokiaren eta begien aldeari eragiten dio. Kopetatiko izerditzearekin, malko-jarioarekin, konjuntibako injekzioarekin eta sudur-kongestioarekin batera etorri ohi da, eta, zenbaitetan, erasandako aldeko betazalari eragiten dio. Egunean hainbat krisi izaten dira, ordu eta erdi baino gutxiago irauten dutenak eta hiru hilabetez ere luza daitezkeenak, ondoren hilabetetan edo urtetan asintomatiko iraun dezaketelarik. Batzuetan urtaro-aldaketei egozten zaizkie, eta gauez ager daitezke, loaldiaren hasieran. Oheratzean hartutako ergotamina bidezko tratamenduak erantzun ona eman ohi du (gaueko krisien aurka).

Hemikrania paroxistiko kronikoa
Batez ere emakume gazteek pairatzen duten koadro bitxia da, bekokiaren, begien eta loki-hezurraren aldeari eragiten diena, eta lepora, besora eta bularraren goialdera zabal daitekeena. Oso ongi erantzuten dio indometazina bidezko tratamenduari.

Trigeminoaren neuralgia
Ez da buruko mina zentzu hertsian, eta aurpegiko algien multzoan sailkatu beharra dago. Nerbio trigeminoaren (aurpegia inerbatzen duenaren) 2. edo/eta 3. adarraren banaketa-aldeko min laburra da, intentsitate handikoa eta pazienteen arabera «karranpa elektriko» oso mingarriaren parekoa. Karbamazepinaren bitartez arrakastaz tratatu ohi da.

Zelula erraldoien arteritisaren ondoriozko buruko mina
Zelula erraldoien arteritisa neurologian maiztasun handienarekin agertzen den arteriopatia inflamatorio ez-infekziosoa da. Buruko minaren koadro kliniko gutxi gorabehera osoa eragiten du, hau da, sukarra, sindrome konstituzionala eta murtxikatze- eta mihi-muskulaturaren klaudikazioa, eta lotura eduki dezake polimialgia erreumatikoekin. Ohikoagoa da arraza zuriko emakumeengan, 50 urtetik gorakoengan ia esklusiboki, eta oso eraginkorra izaten da prednisona bidezko tratamendua.

Garezur barruko hipertentsio idiopatikoa

Emakume gazte eta gizenegien ohiko gaixotasun bat da. Oinarriko nahasmendu endokrino bati egozten zaio maiz. Garezur barruko hipertentsioaren bestelako kausak baztertu beharra dago.

Ondorioz:

Azken batez, buruko mina patologia edo koadro kliniko jakin baten sintoma bat izan daiteke, eta beharrezkoa da diagnostiko zuzena egitea tratamendurik egokiena aurkitu ahal izateko. Hortaz, buruko min errepikakor baten edo ohikoa baino luzeago edo biziago baten aurrean, ezinbestekoa da lehen mailako arretako medikuarengana jotzea eta automedikazioa saihestea.

Lotutako berriak