
Urtean zehar entzun dugun bezala, bertan lan egiten dugun langileok kudeatzen dugu Mutualia, eta gure nortasuna da gure eguneroko lana markatzen duena.
Gutako asko lan-esparrutik kanpo ere aritzen gara laguntzen, eskuzabaltasunez, eta hori bai dela aipagarria, helburu bakarra gehien behar duten pertsonei laguntzea baita.
Abenduan zehar, pixka bat gertuagotik ezagutu ahal izan dugu boluntariotza eta/edo elkarlana zer den. Zehazki, Jose Luis Paulin lankidearen eskutik. Izan ere, Paulinek urteak daramatza gobernuz kanpoko Mundubat erakundearekin elkarlanean, eta bere bizipenak kontatu zizkigun, Pakea Klinikan emandako hitzaldian.
Esperientzia horietako batzuk argitaratu berri duen liburuan daude, eta irakurtzea gomendatzen dizuegu: Cooperación. Verdades, mentiras y vivencias de una ¿utopía?. Bertan, kooperazioaren esparruan nola sartu zen kontatzen digu, eta lankidetzaren abantailak eta desabantailak zein diren azaltzen.
Salmenten bidez lortutako irabazien % 100 gobernuz kanpoko Mundubat erakundeak Saharan daukan osasun-proiektura zuzenduko dute.
Gure erakundean eta zuenetan, Gabonek tripakadak izaten dituzte lagun: enpresa-afariak, afariak lagunekin, afariak senideekin,…, erosketak. Baina, hori horrela izanda ere, garai horrek beti izan du elkartasun-kutsua.
Gure erakundetik, joan den hilabete honetan, gure gizarte-jarduerak egoera ahulenean dauden kolektiboei begira egin ditugu, egun hauetan aukerarik ez duten haurrei begira, hain zuzen. Hainbat kanpainarekin elkarlanean aritu gara, adibidez, Gurutze Gorriak egindako «Beren eskubideak jokoan» kanpaina, eta gure hiru lurraldeetan egindako Gabonetako haur-jaiak; azken horien etekinak osorik izan dira minbizia duten haurren familien euskal elkarteentzat: ASPANOVAS, ASPANOGI eta ASPANAFOHA; hiru urte daramatzagu haiekin elkarlanean.
Parte hartu nahiko zenukete gure kanpainetakoren batean? Izango genuke zuek antolatutakoren batean parte hartzerik? Hala bada, ez izan zalantzarik, eta jar zaitez harremanetan Mutualia EIASen Gizarte Ekimenen eta Jardueren Taldearekin: Equipo-EIAS@mutualia.es
