Kanpaina hau Aste Santu osoan eta apirilaren 12ra arte egongo da telebistan, irratian, hedabide inprimatuetan, plataforma digitaletan, sare sozialetan, zinemetan eta publizitate-paneletan. Erabaki hori oso egokia da; izan ere, egunero 40 milioi joan-etorri egiten diren arren, gidari batzuek errepideak bakarrik balebiltza bezala jokatzen dute.
Gidatzea ez da jarduera indibidual bat. Askok uste dute bolantean duten trebetasuna nahikoa dela edozein joan-etorri modu seguruan egiteko, eta gainerakoak direla egoera arriskutsuak eragiten dituztenak. Aldiz, bide-segurtasuna guztion erantzukizuna da.
Tonu atseginez eta beste aldi batzuetako dramatismoa alde batera utzita, iragarkiek zenbait gidari erakusten dituzte abesten eta gidatzen, ohiko egoeretan, errepidean haiek bakarrik baleude bezala (ziurrenik denok ikusi ditugu horrelako egoerak behin baino gehiagotan), eta erakusten dute haien gidatzeko moduak arazoak sortzen dizkietela beste ibilgailu batzuei, oinezkoei eta beste garraiobide pertsonal batzuen erabiltzaileei. Iragarki horietan ikusten da gidaria konponbidearen nahiz arazoaren parte izan daitekeela.
Gainera, webgune bat sortu dute, erabiltzaileek kanpainaren mami nagusia (“Ez zaude bakarrik”) lantzeko aukera izan dezaten. Bideo batean, ibilbide bat erakusten da, bi ikuspegitatik: batetik, gidariarena, kanpainako musikarekin; bestetik, musika desaktibatzean, ibilbide horretan zehar dabiltzan beste elementu batzuena, hala nola oinezkoak, beste auto batzuk eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabiltzaileak. Aipatzeko moduko ideia bikaina.
Konfiantza eta segurtasun osoz gidatzea prozesu motela da, eta denbora eta praktika handia eskatzen du. Hori dela eta, oinarrizko gidatzeko arau batzuk gogoraraziko ditugu, errepidean gainerako erabiltzaileekin batera ibiltzeko konpromisoa dugula erakusteko. Izan ere, DGTren kanpaina berriak ondo dioen bezala, “ez zoaz bakarrik”; gidatzea besteekin partekatzea da, eta haiek ulertzea.
–Erabili argi keinukariak zure asmoak beste gidari batzuei jakinarazteko. Denborarekin, badirudi batzuek ahaztu egiten dutela haien garrantzia. Horregatik, ibilgailuen mugimenduari adi egon behar duzu, eta haiek egitera doazenari aurrea hartu, seinalatzen ez badute ere. Gogoan izan argi keinukariak ez erabiltzeak 200 euro arteko isuna ekar dezakeela Espainian.
–Saihestu distrakzioak gidatzean, batez ere mugikorrarekin. Frenatzeko distantzia handitzen dute, eta istripurako arriskua areagotzen; gaur egun, distrakzioek eragiten dute gure errepideetako istripu-tasarik handiena.Beraz, bide-segurtasunerakofuntsezkoa da distrakzioak saihestea.
–Eskuineko erreitik zirkulatu. Garrantzitsua da eskuineko erreitik joatea ahal den guztietan, trafiko-araudia aintzat hartuta. Hala ere, gidari batzuk erdiko erreian ibiltzen dira, eta eskuinekoak baino motelago, sarritan. Hori ez da zuzena, eta zigor ekonomikoak ekar ditzake.
-Biribilguneetan arreta jarri, eta aurrea hartu besteen portaerari, gidari asko ez baitira eskuineko erreitik ateratzen; horrela, egoera arriskutsuak saihestuko dituzu.
Ondoriozta dezakegu gidatzea ekintza guztiz soziala dela; eta, beste edozein ekintza sozialek bezala, ulermena, enpatia eta errespetua eskatzen ditu. Gidatzea partekatzea da, eta era egokian gidatzea aipatutako hiru terminoak ez ahaztea da.
Gogoan izan: “Ez zaude bakarrik”.
