Itzuli

EGUZKITIK BABESTEKO OINARRIZKO AHOLKUAK

Eguzkia D bitamina sintetizatzeko beharrezkoa da, odol-zirkulazioari laguntzen dio eta azalaren zenbait gaixotasun hobetzen ditu. Hori gutxi balitz, eguzkiak berebiziko eragina du gogo-aldartean, neurotransmisoreen sorkuntza pizten baitu.

Halere, eguzkitan gehiegi egoteak ondorio kaltegarriak (azala erretzea eta begi-lesioak) edo kronikoak (zahartzea, orbanak, azaleko lesioak eta azaleko minbizia) ekar ditzake. Hori dela eta, kontuz ibili behar dugu eguzkipean jartzean. UVA izpien lanparak ere, oro har, ez dira batere gomendagarriak.

Gehiegizko eguzkitik babesteko, gizakiak melanina sortzen du, eguzki-erradiaziorik kaltegarrienak azalean sartzea ekiditen duen eta larruazalari berezko kolore beltzarana ematen dion substantzia.

Pertsona beltzen kasuan, melanina asko ekoizten da eta pertsona zuriei dagokienez, aldiz, oso gutxi. Horregatik, norberaren genetikaren eta eguzkitan jartzearen araberako tonu (eta sentsibilitate) espektro zabala dago.

 

Eguzki-erradiazio motak

 

Eguzki-argia hainbat erradiazio motatan banatzen da lurrazalera heltzean. Horien uhin-luzeraren arabera, ondorengo taldeetan sailka daitezke: erradiazio ultramoreak, erradiazio ikusgaiak eta izpi infragorriak.

Erradiazio ultramoreak, beren aldetik, UVC, UVB edo UVA izan daitezke. UVC izpiek uhin-luzerarik motzena dute eta erredurak sortzeko ahalmenik handiena dute. UVB izpiak epidermisean sartzen dira eta melanozitoak estimulatzen dituzte (melanina sortzen dituzten azaleko zelulak). UVA izpiak, bestalde, larruazalean gehien sartzen direnak dira eta azala zahartzearen eta melanomen (azaleko minbizia) eragileak dira.

 

Faktore geografikoak

 

Eremu geografikoa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta biziagoa izango da esposizioa.

Urtaroak, orduak eta eskualde geografikoaren latitudeak zerikusia dute izpien eraginarekin, baita klimak ere. Izan ere, euriak eta hodeiek erradiazioen zati bat xurgatzen dute. Lurrazal motak ere eragina du, elurrak izpien % 85era arte islatzen baitu eta hondar lehorrak, ostera, izpien % 17ra arte.

 

Eguzkitik nola babestu.

 

Agerikoa badirudi ere, arropak (kolore argikoak eta zuntz naturalez egindakoak, ahal izanez gero) eta kapelak edo txapelak erabiltzea dira eguzkitik babesteko kalterik egiten ez duten metodorik errazenak.

Gure azalak eguzkipean egon behar badu, zentzuzkoena hura eguzki-kremekin babestea da.

Eguzkitarako kremek eguzki-iragazki gisa jokatzen duten substantziak dituzte. Hala, larruazalean sartzen den izpi kopurua murriztu egiten da, erredurak eta azalaren endekapenezko aldaketa saihestuz.

 

 

Eguzki-iragazki motak.

 

Iragazki fisikoak: eguzki-erradiazioarekiko iragazgaitzak diren substantziak, aplikatutako zonetan pantaila bat sortzen dutenak, argia islatuz. Hiru erradiazio motak igarotzea ekiditen dute: izpi ultramoreak, ikusgaiak eta infragorriak. Hauek dira gehien erabiltzen direnak: zink oxidoa, titanio bioxidoa eta mika.

 

Iragazki kimikoak: eguzki-erradiazio ultramorea xurgatzen dute. Azido paraminobenzoikoa (PABA), azido zinamikoa, azido sulfonikoa, kanforra, bentzofenona eta dibenzoilmetanoa dira erabiltzen diren batzuk. Iragazki kimikoak: eguzki-erradiazio ultramorea xurgatzen dute. Azido paraminobenzoikoa (PABA), azido zinamikoa, azido sulfonikoa, kanforra, bentzofenona eta dibenzoilmetanoa dira erabiltzen diren batzuk.

 

Eguzkitarako kremen iragazkiaren ahalmena kuantifikatzeko Eguzkitik Babesteko Faktorea delakoa erabiltzen da. Horrek eguzki-krema erabili ez balitz gorritasun edo eritema bera eragiteko zenbat bider gehiago egon daitekeen neurtzen du.

 

 EGUZKITIK BABESTEKO IRAGAZKIAK
TXIKIA 2-4-6
ERTAINA 8-10-12
HANDIA 15-20-25
OSO HANDIA 30-40-50
ULTRA 50+

Nola erabili behar dira eguzkitik babesteko kremak?

 

Eguzki-kremek behar bezala babes gaitzaten, beharrezkoa da:

  • Azal motaren araberako krema eta babes-faktorea aukeratzea.
  • Krema hondartzara edo igerilekura joan baino lehen aplikatzea, eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago gutxienez, eta hura azal guztiz lehorrean zabaltzea, larruazal guztian zehar krema-geruza handia emanez, ez dadila zonarik gelditu babesik gabe.
  • Uda hasieran babes-faktore handiko kremak erabiltzea, azala beltzaranduz doan heinean murriztuz.
  • Larruazala urez ez lainoztatzea, ezta lurrinez edo koloniaz ere.
  • Lainotuta egon arren, eguzki-babesa erabiltzea. Izan ere, UVA izpiek hodeiak zeharkatzen dituzte. Bestalde, saiatu 11:00ak eta 15:00ak bitartean eguzkitan ez jartzen (erradiazio ultramore gehieneko ordu-tartea).
  • Burua txano batekin, begiak betaurreko egokiekin eta ezpainak ezpain-babeslearekin babestea.
  • Ura edo alkoholik gabeko likidoak hartzea, deshidratazioa saihesteko.
  • Medikamenturen bat hartzen baldin bazara, horrek fotosentikortasuna eragiten duen egiaztatzea. Hala bada, ez da gomendagarria eguzkia hartzea.

Lotutako berriak