Itzuli

Elkarrizketa: Ana Aiastui Pujana doktorea – Biodonostia

Otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da; emakume ikertzaileen lana ikusgarri egin eta balioan jartzeko eta nesken artean bokazio zientifikoa sustatzeko sortu zen egun hori.

Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutura joan gara, Osakidetzak Euskadin duen lehen osasun-ikerketarako zentrora; bertako ikertzaileen % 62 emakumezkoak dira. Ana Aiastui Pujana doktorea elkarrizketatu dugu; bera da 3D Inprimaketako Diziplina Anitzeko Plataformaren (3DPP) arduraduna, eta zentroaren jardueraren eta emakumeek ikerketan duten partaidetza sustatzeko dituzten proiektuen berri eman digu.

• Zein da Biodonostiaren jarduera eta zein dira haren jarduera-lerroak?

Biodonostia OIIk nagusiki pazienteak ardatz dituen ikerketa translazionala sustatzen du, eta ardatz nagusia I+G+b da, horrek ematen baitio estaldura Gipuzkoako lurralde historikoan Osakidetzaren esparruan egiten den ikerketa orori. Erakunde anitzeko eta diziplinarteko egitura kolaboratiboarekin, herritarren osasuna hobetu nahi du. Zehazki, bertan garatzen diren ikerketa-lerroak 7 eremu bertikaletan banatuta daude: neurozientziak, gaixotasun hepatikoak eta gastrointestinalak, gaixotasun infekziosoak, onkologia, gaixotasun sistemikoak, epidemiologia eta osasun publikoa eta bioingeniaritza; eta, gainera, 3 zeharkako eremu daude: berrikuntza, medikuntza pertsonalizatua eta zahartzea. Guztira, 412 ikertzaile inguru dira, 26 ikerketa-taldetan.

• Zenbat langile ari dira Biodonostian lanean eta zein dira profil nagusiak?

Biodonostia OIIn 412 langile daude, eta horietatik, % 62 emakumezkoak dira; prestakuntzari dagokionez, batez ere Biologia, Biokimika eta Bioteknologia ikasitakoak daude; prestakuntza-mailari dagokionez, gehienak doktoreak dira (% 46), gero lizentziadunak (% 36) eta, azkenik, graduatuak (% 12).

• Nola sustatzen duzue emakumeen partaidetza ikerketa-proiektuetan?

Iaz, 2020an, Biodonostia OIIn Berdintasun Batzordea eratu zen, Biodonostia OIIn segregazio bertikala eta “kristalezko sabaia” desagerrarazteko neurriak txertatzeko.

Batzorde hori zenbait jarduera egiten ari da, emakumezkoen partaidetza sustatzeko ikerketa-proiektuetan; esate baterako, talde buruen irizpideak zehaztu aukera berdinak izan ditzaten; kontziliazio-neurriak jarri, emakumezkoen lidergoa sustatzeko; berariaz emakumezkoei zuzendutako osasuna zaintzeko neurriak jarri…

Horrez gainera, laster, berdintasunaren alorreko prestakuntza emango zaie langile guztiei, eta, iaztik, edoskitze-gune bat daukagu prestatuta Institutuan.

• “Afrika 3Dn” proiektua: zertan datza, nola sortu zen eta zer helbururekin?

Proiektua Biodonostiako Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuko Batzordetik (RRI) sortu zen. RRIren oinarrian sei printzipio daude: hezkuntza zientifikoa, genero-berdintasuna, sarbide irekia, gobernantza, etika eta herritarren partaidetza. Aldi berean, 3D Inprimaketako Diziplina Anitzeko Plataforma (3DPP) sortu zen, zeina oinarritzen baita 3D inprimatze-teknologian.

RRIren ideia da ikerketa-prozesu guztien eta haien emaitza sozialen arteko lotura sustatzea, pertsonen itxaropenak eta beharrak hobeto betetzeko.

Ideia hori eta 3D teknologia edukita, egokia iruditu zitzaigun proiektu bat planteatzea, afrikar emakume ikertzaile baten egonaldia finantzatzeko, 3Dko inprimaketako ikerketa-proiektu bat garatzeko ospitaleetan.

Gainera, proiektu honek beste helburu espezifiko batzuk ditu:

· Eredu aurre-kirurgikoak sortzea 3Dn, planifikazio kirurgikoa azkartzeko, eta 3Dko piezak sortzea, Afrikako ospitaleetan, osasun zentroetan eta ikerketa-institutuetan lagungarri izan daitezen.

· Afrikar emakumezkoaren lidergoa sustatzea ikerketa zientifikoan, teknologiaren transferentzia bultzatzea, eta haien jatorriko herrialdeetako ikerketa-zentroen asistentzia-gaitasuna sustatzea.

· Sortutako ereduak eta afrikar ikertzaileak lortutako “expertise”a transferitzea jatorrizko lekura, hango profesionalak ere 3Dko inprimatzearen alorrean sar daitezen eta mediku egoiliarrei irakasteko kasu gisa erabil ditzaten.

• Aplikatu al daitezke horrelako ekimenak hainbat erakundetan emakumezkoen lidergoa sustatzeko ikerkuntzan?

Noski. Proiektu honekin, emakumezko zientzialari erreferente bat sortuko dugu, eta horrek balio dezake neskak inspiratzeko, batetik, ez dezaten ikerkuntzaren esparrua alde batera utzi, eta, bestetik, ikerkuntzan zer-nolako proiektu berritzaileak egiten ditugun ikus dezaten.

Lotutako berriak