
(Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkartea)
Irailean, «Piztu itxaropena!» kanpaina abiarazi da, gaixotasun hori duten adingabeak ikusgai egiteko.
– Nola sortu zen ekimen hori?
Ekimena mundu osoan sortu zen, Childhood Cancer International elkartearen bidez. Eta Minbizia duten Haurren Gurasoen Espainiako Federazioaren bidez batu ginen hartara. Herrialde anglosaxoietan tradizio handia du, baina nazioartean ekimen honek hiru urte ditu.
– Nola lagundu dezakegu enpresetan?
Enpresek kausa hau babesteko, beren egoitzak urre-kolorez argizta ditzakete edo, hori ezin bada egin, urre-koloreko begizta bat jar dezakete ongi ikusten den leku batean. Gainera, oso garrantzitsua da eraikinetan egiten den ikusgaitasunaren aldeko edozein ekintza sare sozialetan zabaltzea eta partekatzea. Mugimendu honi ikusgaitasuna emateko, beharrezkoa da argitalpenean «#EnciendeLaEsperanza» traola sartzea eta @aspanovas eta @cancerinfantil aipatzea.
Hala, Bizkaiko bazter guztietan ikusi ahalko da, eta, sare sozialetan, mundu osoko mugimendu batera batuko gara.
– Eta gutako bakoitzak nola lagundu dezakegu kanpaina zabaltzen?
Horretarako, gure egoitzan urre-koloreko begizta bat duten tatuajeak ditugu; horiekin edozein pertsonak kausarekin bat egitea nahi dugu. Badakigu askorentzat gure egoitzara etortzea ez dela oso erosoa. Horregatik, kanpainarekin bat egiteko nahikoa izango da urre-koloreko begizta bat jartzea eta kausarekin bat egitea. Baina, betiere, oso garrantzitsua da sare sozialetan argitaratzea «#EnciendeLaEsperanza» traolarekin eta @aspanovas eta @cancerinfantil aipatzea.
– Noiz sortu zen Aspanovas elkartea?
Aspanovas 1989an sortu zen, haur minbizidunen Bizkaiko guraso-talde batek sustatuta. Garai hartan osasun- eta laguntza-arloan zituzten beharrez eta gabeziez ohartu ziren, eta hori dela eta, batzea erabaki zuten bizi-kalitatea eta egoera horretan dauden haurren garapen etengabea hobetzeko.
– Zer helburu du?
Haurren eta familien garapen integralarekin jarraitzea eta bizi-kalitaterik onena eskaintzea, bai suspertze-prozesuan bai hori bukatutakoan.
– Zein da zuen lana?
Aspanovas Bizkaia elkartean konpromiso handia dugu haurrekin eta gaixotasunak irauten duen bitartean haien garapen integralarekin jarraitzeko beharrarekin.
Horregatik, funtsezkoa da prozesu horretan guztian nola haurrak hala haien familiak babestea eta laguntzea.
Gaixotasunaz eta sendatzeko prozesuaz informatzea eta kontzientziatzea ezjakintasunaren aurkako borroka bat da.
Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat elkarterekin batera, lankidetzarako neurri berriak koordinatu eta bultzatu nahi ditugu.
Prest gaude sormena lantzea eskatuko duten eta gure helburuak hobetzen eta lortzen lagunduko diguten ideia berriak hartzeko.
Kontziente gara elkarte baten baliabideak gobernatzeak berekin dakarren erantzukizunaz; horregatik, gardentasuna lortu nahi dugu gure proiektu guztietan.
– Nola eta nor izan daiteke boluntario?
Gurekin elkarlanean aritu nahi duen oro da ongi etorria; baldintza bakarra adin nagusikoa izatea da, eta adin nagusikoa ez bada, heziketa-proiektu bateko kide izan daiteke; izan ere, hainbat eskolatako haurrak ere agertzen dira ospitalera txikiekin egotera.
Arratsaldeetan gurasoek atsedenaldia egin dezaten eta haurrekin egoteko ospitalera joaten den taldeaz gain, oso beharrezkoak zaizkigu haurren minbiziarekin sentsibilizatzeko eta hori ezagutarazteko ekitaldietara joateko tarte bat hartzen duten pertsonak, baita ASPANOVASi buruzko informazioa ematen dutenak edota elkartearen alde egiten diren proiektuetan hura ordezkatzen dutenak ere.
– Boluntarioen artean profil desberdinak daude? (Osasun-langileak, psikologoak, gizarte-laguntzaileak, irakasleak…)
Edozein izan daiteke boluntario; eskuarki medikuntzako edo gizarte-laneko jendea jartzen da harremanetan gurekin, baina bere prestakuntza, sormena, esperientzia edo ekimena dela bide, hobekuntzarekin eta gure familien ongizatearekin lotuta, gauzak proposatzen dizkigun edonor da ongi etorria.
– Lankidetza-ildo desberdinak dituzue?
Bai, esaten nizun bezala, hiru proiektutan lan egiten dugu. Hala, talde batek ospitaleko bisitak egiteko ardura du, beste batekoek sentsibilizatze-jardunaldietan parte hartzen dute, eta hirugarren taldekoek jarduerak eta ekitaldiak proposatzen dituzte.
– Nola lagundu diezaioket nik zuen elkarteari?
ASPANOVASen giza baliabideak mugatuak dira; beraz, lana erraztuko digun edozein laguntza ongi datorkigu beti, dela ekitaldietan, dela materiala garraiatzen, dela kanpaina solidarioetara joaten…
Ekonomikoki ere lagundu daiteke, gure elkarteko bazkide eginez edo diru-bilketa solidarioen bidez.
Azken finean, bururatzen zaizuen edozein laguntza, gure familien bizi-kalitatea eta gure elkartearen lana hobetu dezakeena, eta gure haurren ongizate psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duena.
Ekimen eta Jarduera Sozialen Taldea
