Itzuli

Elkarrizketa CRISTINA MENDIA IBARROLAri Berdintasuneko zuzendaria eta Mutualiaren FEE managerra

DenBBora berdintasunarekin eta kontziliazioarekin konprometituta dauden enpresak eta erakundeak lankidetzan diharduten elkarte publiko-pribatua da. Denbora erabiltzeko modu berrien inguruan hausnartzeko sarea da, eta horren bidez, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak enpresetan denbora kontziliazioa errazteko moduan kudeatzea bultzatzen dute

Nola sortu zen Mutualian, langileen kontziliazio beharrari, erakundea antolatzeko beharra?

  • Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa onartu zenetik, Berdintasun Plana idazten hasi ginen Mutualian. Egoeraren diagnostikoa egin eta legeak berak aurreikusten dituen alderdiak aztertu ziren, besteak beste: enpresan sartzea eta mailaz igotzea, prestakuntza, familia-bizitza, bizitza pertsonala eta lan-bizitza kontziliatzea, ordainsaria, sexu-jazarpena eta jazarpen sexista, sentsibilizazioa eta komunikazioa.
  • Mutualia kudeaketa-eredu parte-hartzailean oinarritzen denez –EFQM ereduan, hain zuzen–, eta jardute-eremua zehaztu ondoren, erabaki zuen Legeak jasotzen duena sakondu eta hobetu egin behar zela, kontziliazio-neurriak ezarriz, pertsonei laguntzeko.

Nola kudeatzen dira behar horiek gaueko lanpostuak dituztenekin? Horietako gehienetan emakumeek dihardute?

  • Mutualiako langileen gehiengoa (% 70) emakumezkoak dira; horregatik, osasun-alorrean, txandakako lanak dituzten pertsona gehienak emakumezkoak dira.

Baina Mutualiak 142 kontziliazio-neurri ditu, beraz, erakundeko pertsona guztiek erabil dezakete horietako baten bat. Egia da txandakako lana egiten duten pertsonek ezin dituztela beste kolektibo batzuek dituzten neurri batzuk erabili, baina bizitza erraztu egiten zaie, bere jardunaldi partikularrean laguntzeko diseinatutako beste neurri batzuekin.

Horrez gain, erantzunkidetasuna ere sustatzen da. Emakumeen egoera dela eta, gehien eskatzen diren neurriak lortzea zaila egiten zaie; horregatik, kontziliazio-neurriak bere bikotekideek eska ditzaten animatzen ditugu.

Nolakoa izan da barne-prozesua?

  • Zuzendaritzak Berdintasunerako batzordeasortzeko proposamena egin zuen, Lege berriari erantzuteko helburuarekin. Batzordea Zuzendaritzako ordezkariek eta Mutualian ordezkatuta dauden sindikatu guztietako pertsonek osatu zuten. Horiek diseinatu zuten jarraitu beharreko metodologia:
    • Emaitzen diagnostikoa eta azterketa
    • Berdintasun Plana idaztea, erakundeko pertsonen zuzeneko parte-hartzearekin
    • Ekintza Plana egitea, helburuak, ekintzak, epeak eta gauzatzearen arduradunak bilduz
    • Ekintza Planaren etengabeko jarraipena
    • Lortutako emaitzak zabaltzea
    • Urteko memoria egitea

Eta hala, eraikitzen, hobetzen eta aurreratzen jarraitzen dugu, erakundean kultura-aldaketa bultzatzeko.

Emaitzen eta kostuen inguruan hitz egin daiteke? Emakumeentzat eta gizonentzat berdinak dira?

  • Lege berriari erantzuteko helburuarekin hasi genuen bidean, lan-harremanetan berritzeko aukera ikusi genuen, hala, legez ezarritakoa gaindituz. Horri esker, sistema abangoardistak baliozkotzeko eremuan sartu ginen, erakundeetan kultura-aldaketak egiteko. Horrez gain, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak ematen duen Enpresako berdintasun-bereizgarrira aurkeztu ginen, eta 2011n lortu genuen (urtero baliozkotzen da, eta hiru urtero, berritu).

Kontziliazio-neurriak ere diseinatu genituen, eta horri esker, Másfamilia Fundazioaren FEE Enpresa (Familia Erantzukizuneko Enpresa) ziurtagiria lortu genuen. Ondorioz, KONTZILIAZIO-KUDEAKETA EREDUAN aurreratu ahal izan genuen, eta Mutualiaren Plan Estrategikoan sartu genuen.

Gainera, ANIZTASUNAREN CHARTERRA sinatu genuen, eta horrekin, kudeaketan aniztasuna sartu ahal izan genuen; ez generoaren aniztasuna bakarrik, belaunaldi-, kultur eta abarren aniztasuna baizik.

Gure baliabideekin egin dugu hori guztia, eta hori izan da kostu bakarra; hala ere, Mutualiako kideak gehiago gogobete ditugu. Horri eta Mutualia proiektuan konpromisoa izan duten pertsona guztiei esker, KUDEAKETA AURRERATUAREN URREZKO saria bereganatu genuen. Irabazirik ere jaso dugu bueltan beraz.

Gainera, irabazi-asmorik gabeko erakundea garenez eta funtsa Gizarte Segurantzaren kolaboratzaile gisa kudeatzen dugunez, ezin dugu Estatuko Aurrekontu Orokorrean ezarritakoaz kanpo partidarik esleitu, beraz, ezin dugu kostu gehigarria izango duten neurrietan inbertitu. Hori dela eta, kosturik gabeko neurriak eta pertsonei balioa ekarriko dieten neurriak diseinatzen saiatzen gara, adibidez, Denbora erabiltzeko modu berriak; hala, kontziliatzeko aukera ematen zaie.

Denbora- eta espazio-malgutasuneko neurriak ditugu; kasu batean baino gehiagotan, lanpostua bizitokira gerturatzea lortu dugu, eta urrutiko lana egiteko protokoloa ezarri da. Horrela, bost lanegunetik hirutan joan daitezke lanpostura, eta lana edonondik egin dezakete, Mutualiaren zerbitzariei konektatuta. Horrek errazago egin du pertsona batzuen bizitza, adibidez, jarduerak gauzatzean, behar pertsonalak oztopo ez izateko moduan antolatzen dituztenenak. Gainera, pertsona bakoitzak helburuak betetzeko ardura handiagoz jokatzen du.

Kontziliazio-neurrien erabilerari dagokionez, langileen % 70 emakumezkoak direnez, egia da, maizago eskatzen dituztela Mutualiak diseinatutako neurriak. Hala ere, geroz eta gizon gehiagok eskatzen dituzte lanaldi-murrizketak, urrutiko lana eta ordutegi malgua; dagoeneko, neurri mota horiek dituzten gizonen (% 7) eta emakumeen (% 8) ehunekoak antzekoak dira. Erantzunkidetasuna geroz eta nabariagoa da Mutualian.

Zer eskaintzen dizu DenBBora Sarearen kide izateak?

Denbora eta espazioa malguago egiteko neurriak ezartzeko zailtasunek erakundeak geldiarazten dituzte, eta ondorioz, Sarean parte hartzeak gure jardunbide egokiak bateratzea ahalbidetzen digu. Horrekin, gure konpromisoa indartzea eta erakunde erreferente izatea lortzen ari gara, dagoeneko gure artean erlazionatzeko modu berritzailearen inguruko erantzunak baititugu. Irtenbide irudimentsuak ematea lortu dute parte-hartzaileek; enpresaren jarduera eten gabe, bere behar pertsonalei erantzutea lortu dute, eta hori, zalantzarik gabe, aurrerapauso handia da.

Sarean antolatuta , batak bestea lagun eta inspira dezake, eta ekintza berriak txerta ditzakegu. Gainera, dinamizatzen gaituztenak erakundeak direnez, gizartearen parte sentitzen gara; izan ere, erakundeek eta enpresek informazioa partekatu eta ideiak ematen ditugu, erakundeek aisialdirako denbora eta tokiak ezar ditzaten hiri-diseinuetan, Sarearen topaketetan hausnartutakoaren arabera. Horrek ere kontziliazioa, erantzunkidetasuna eta genero-berdintasuna bultzatzen dituzten gizarte-eredu berriak diseinatzeko eta bultzatzeko balio die, hau da, denbora hobeto kudeatzeko eta familia-bizitza, bizitza pertsonala eta laneko bizitza uztartzea errazteko. 

Laneko, aisialdiko eta familiako interesak uztartu, orekatu eta bateratu ahal izatea, alegia, bizitzaz gozatzea, osasuntsua da, hainbat arrazoirengatik: pertsonentzako zoriontasun handiagoa, bizitza luzeagoa, enpresarentzako onurak eta gizartearentzako ilusio handiagoa lortzen dira.

Lotutako berriak