
Urtarrilaren 10ean, 2017ko Ada Byron Sariaren aurkezpena zela-eta, Cristina Mendia Deustuko Unibertsitatean izan zen Mutualiaren ordezkari bezala.
Bertan, «Zientzia eta teknologia emakumeekin birpentsatuz: demokrazia paritarioa» izeneko konferentzia batean izan zen. Hizlaria Irune Aguirrezabal izan zen, Nazio Batuen emakumeen programaren Amerika, Karibe eta Panamako Parte-hartze Politikoko Eskualdeko Bulegoko aholkularia.
Ada Byron Sariaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta horren bidez egungo emakumezko teknologoen ibilbide bikainak saritu eta ikusarazi nahi dira. Pertsona horien erreferente dira mendeetan zientziaren hainbat diziplinari ekarpenak egin dizkieten emakume zientzialariak, esate baterako, sariari izena ematen diona: Ada Byron.
ADA BYRON ….
Konferentziaren ondoren mahai-inguru bat antolatu zen. Parte-hartzaileak izan ziren Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; María Guijarro, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saileko Berdintasuneko zuzendaria; eta Julen Iturbe-Ormaetxe, Consultoría Artesana en Red aholkularitza-etxeko aholkularia.
Saria jaso dezakete teknologian, ingeniaritzan eta teknologiarekin harreman estua duten zientziaren beste alor batzuetan titulazioa edo ibilbide profesionala duten emakumeek eta helburuak honako hauek dira:
Teknologiaren munduan emakumeek duten papera ezagutzera ematea, egiten duten lan garrantzitsua sarituz, gizartean oro har ez baita lan hori behar adina ezagutzen.
Gizartea aberastea teknologia hedatzeko ekitaldien bidez, belaunaldi gazteei emakumezko ereduak eskainiz.
Bokazio teknologikoak sustatzea, teknologiaren alorreko lana nerabeengana hurbilduz eta alderdi positiboak nabarmenduz, batik bat emakumezkoen kasuan.
Gizartean teknologiak duen garrantzia ikusaraztea, ekonomiaren hazkunderako eta gizartearen etorkizuneko baliorako ezinbestekoa baita.
Ekitaldian izan ziren, halaber, unibertsitate-munduko pertsonak eta emakume teknologo eta zientzialaria sustatzeko estrategia babesten duten erakundeen ordezkariak, hala nola, J.M. Villate jauna, Innobasqueko zuzendari nagusia.
Ekimen hau 2017ko urtarriletik martxora garatuko da. Saria Forotech 2017ren inaugurazioan emango da, apirilaren 5ean.
