Itzuli

Emakundek antolatutako 2016ko berdintasunerako foroan parte hartu du Mutualiak

Urtero egiten duen bezala, Mutualiak jardunaldi bat antolatu zuen DONOSTIAKO Pakea Klinikan, berdintasunaren aldeko Foroan, izenburu honekin:

Berdintasuna hasteko

Azaroaren 22an izan zen jardunaldia. Konferentzia eta solasaldia izatea zen asmoa, berdintasuna enpresaren alor guztietan txertatzea dinamizatzen duten ekintzak aztertzeko, baina, azkenean, oso esperientzia sakona bihurtu zen, dibertsitatea ere txertatu baitzuen.

Mutualiako Berdintasun, Dibertsitate eta Kontziliazioko zuzendaria eta Efr managerra den Cristina Mendiak hitzaldi bat eman zuen, eta, horrez gain, Maria de los Ángeles Andrés Achak hartu zuen parte: oso hitzaldi indartsua izan zen berea, eta saiora bertaratu zirenek arreta handiz entzun zituzten haren hitzak. Entzun eta eskertu; izan ere, Marianek esnatzen denetik egunero-egunero saihestu behar izaten dituen zailtasunak izan zituen hizpide, eta bere egoeran ez gauden askok ia ezagutu ere ez ditugu egiten halako alderdiak.

MUTUALIAK Dibertsitatean Charterra sinatu zuen bere garaian, eta dibertsitatea aintzat hartzera zuzendutako ekintzak txertatzen saiatzen da; genero-dibertsitatea ez ezik, funtzionala, belaunaldien artekoa, kulturala eta abar ere bai. Horregatik gonbidatu zuen emakume hori: bere egoeran oinarritutako esperientzia konta zezan. Hausnarketa sakon horrek gure begirada zabaltzen eta gure egoera baloratzen lagundu zigun, emakume horrek ezin baititu egin gainerakook naturaltasun osoz egiten ditugun gauzak.

Bete-betean asmatu genuen Mariani jardunaldian parte hartzeko aukera ematean, energia handiarekin azaldu zigulako bere esperientzia, eta gure egunerokotasunean eta bizitzan dugun jarrerari buruz gogoeta egiteko aukera eman zigulako.

Marian etengabeko prestakuntza jasotzen saiatzen da, eta dauzkan ezagutzak ikastetxe eta elkarteetan zabaltzen. Gizarte-lanean graduatua da Deustuko Unibertsitatean (2011), sexologian graduatua, familiako esku-hartze bitartekaritzan masterra du, unibertsitate-aditua da genero-indarkeria eta tratu txarretan, unibertsitate-aditua da sexologian eta dibertsitate funtzionalean, gizarte-langilea da, eta profesional eta erabiltzaileentzako generoari eta indarkeriari buruzko tailerren prestatzailea eta dinamizatzailea ere bada.

Emakumeek desgaitu eta emakume izateagatik pairatzen duten diskriminazio bikoitzari buruzko datu batzuk aurkeztu zizkigun Marianek, eta datu horiek garbi erakutsi ziguten desparekotasunak deuseztatzeko beharra dagoela, eta, era berean, egoera horretara eraman gaituzten ohiturak ez errepikatzekoa.

Halaber, garraio publikoek daukaten egokitzapen-maila baloratzeko aukera izan genuen, Marian Bilbon bizi baita, eta Donostiara joan behar baikenuen. Eta oso positiboa izan zen egiaztatzea Pesa konpainiako autobusak, Bilbo-Donostia ibilbidea egiten dutenak, ezin hobeki egokituta daudela, Marianek bezala dibertsitate funtzionala duten pertsonak arazorik gabe lekualda daitezen. Autobusaren barneko gunea eta plataforma bidez sartzeko mekanismoa oso ondo egokituta zeuden, eta sistema maneiatzen zuten konpainiako langileak atseginak eta erraztaileak ziren. Zorionak eman nahi dizkiogu Pesa enpresari –Mutualiari atxikita dago, bidenabar–, eskaintzen duen zerbitzuagatik; erabiltzeko beharrik izan ez bagenu, ez genukeen baloratuko.

Hain izan zen positiboa jardunaldiaren emaitza, eta hain pozik geratu ziren bertaratutakoak, non joan ez zirenek –ezin zutelako edo jardunaldiaren berri ez zeukatelako–, halako balorazio positiboa entzutean, benetan pena hartu zutela ez bertaratzeagatik.

Marianekin elkarlanean jarraitzeko asmoa daukagu, bere mezua ahalik eta gehien zabaltzeko bai gure erakundean, bai gizartean. Horregatik, harremanetan jarraituko dugu. Marian bera ere oso pozik egon zen gurekin, eta badaki beste batean beregana joko dugula, Mutualiaren hurrengo edizio batean.

Lotutako berriak