Itzuli

Enpresan Interneten erabilera kontrolatzeko neurriak

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak, 2017ko irailaren 5ean epaia eman, eta 2016ko urtarrilaren 12ko epaia (61496/08 kasua, Barbulescu) ezeztatu zuen; alegia, diziplina-prozeduraren testuinguruan, enplegatzaileek langileak miatzea bidezkoa izan zela zioen epaia ezeztatuz.

Azken epaian, GEA-Giza Eskubideen Auzitegiaren iritzian, Errumaniako agintariek ez zuten babestu auzi-jartzaileak duen eskubidea haren bizitza pribatua eta korrespondentzia errespetatuak izan daitezen. Eskubide horiek Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren (GBEH) 8. artikuluan agertzen dira, «bizitza pribatuaren eta familia-bizitzaren errespeturako eskubidea» izenekoan.

Auzi-jartzaileak, bere garaian Errumaniako salmenta-konpainia baten arduradun izandakoa, enpresaren eskariz, Yahoo Messenger kontu bat sortu zuen, bezeroen eskaerei erantzuteko. 2007ko uztailaren 13an, enplegatzaileak jakinarazi zion kontuaren jardueren kontrola egin zuela eta egiaztatu zuela xede partikularretarako erabili zuela; eta hori konpainiaren barne-erregulazioan debekatuta zegoenez, lanetik bota zuen.

Enpresaren barneko jokabide-kodeak, besteak beste, honako hau xedatzen zuen: «Erabat debekatuta dago enpresaren instalazioen barruan ordena eta diziplina haustea, eta bereziki debekatuta dago ordenagailuak, fotokopiagailuak, telefonoak, telexa eta faxa xede pertsonaletarako erabiltzea».

Auzi-jartzaileak alegatu zuen bere posta elektronikoaren miaketarekin bere korrespondentzia sekretua izateko duen eskubidea bortxatu zuela.

Errumaniako auzitegiek bidezkotzat jo zuten kaleratzea, esanez langilearen intimitatea ez zela bortxatu, enpresaren barne-araudiaren berri eman zitzaiolako eta posta elektronikoa miatzea zelako araudi hori errespetatu zen edo ez jakiteko modu bakarra. Estrasburgoko Auzitegiaren iritzia ere horixe bera izan zen 2016an emandako lehen epaian, baina apelazio-errekurtsoan, ordea, Giza Eskubideen Auzitegiak aurreko erabakia baliogabetu du.

GEAk eman berri duen 2017ko epaiak xedatzen du enplegatzaile batek langileen korrespondentziaren jarraipen-neurriak hartzen baditu neurri horiek arrazoizkoak izan behar dutela eta abusuaren kontrako bermeekin aplikatu behar direla. Agintari nazionalek aplikatu behar dituzten irizpideak zehaztu ditu Auzitegiak, kontrol-neurria lortu nahi den helburuarekiko proportzionala izan dadin eta langilea arbitrariotasunaren aurka babestuta dagoela bermatzeko.

Laburbilduz, hauek dira neurri horiek:

• Korrespondentziaren eta beste komunikazio batzuen jarraipena egiteko aukerari eta hartutako neurriei buruz jakinarazi dela egiaztatzea. Jakinarazpena miaketaren aurretik egin behar da, eta arrazoia ondo argitu behar da.

• Enplegatzaileak egindako ikuskatzearen irismena eta intimitatean sartzearen maila frogatzea. Horretarako, komunikazio-fluxuaren eta komunikazioen edukiaren artean desberdindu behar da: komunikazio guztietan edo bakarrik batzuetan eragina duen, komunikazioetara sartzeko denbora mugatua den, eta emaitzak ikusteko aukera izan zuten pertsonen kopurua.

• Enpresariak komunikazioa kontrolatzeko eta edukian sartzeko arrazoi legitimoak aurkeztea. Edukiaren jarraipena egitea oso inbaditzailea denez, justifikazio handiagoa behar da.

• Helburua lortzeko, komunikazioen edukietan zuzenean sartzea bezain intrusiboa ez den bestelako kontrol-sistemarik bazegoen egiaztatzea.

• Enplegatzaileak jarraipenaren emaitzak nola erabiltzen dituen eta miaketak langileari eragin dizkion ondorioak neurtzea.

• Langileak berme egokiak izan dituela egiaztatzea, bereziki enplegatzaileak egiten duen miaketa intrusiboa bada. Babes horiek enpresaburua komunikazioen edukira ez sartzea bermatu behar dute, baldin eta aurretik ez badio langileari gertaera horren berri eman.

Laburbilduz, erakundeek beren langileen barne-postak eta sare sozialak mia ditzakete enpresak emandako gailuetan erabiltzen badituzte, baina kontuan izan behar dira hainbat alderdi zehatz. Langileak aurretik jakin behar du enpresako ekipamendua kontrolatu dezaketela. Kontrolak proportzionala eta beharrezkoa izan behar du eta ahalik eta gutxien inbaditu behar du, enpresaren intereserako eskubidearen eta langilearen pribatutasunaren arteko oreka ebaluatuz.

Espainian, Konstituzioaren 18. artikuluak intimitate pertsonalerako eta familia-intimitaterako eskubidea bermatzen du, baita komunikazio-sekreturako babesa ere. Jurisprudentziak Estrasburgoko Auzitegiaren antzeko bidea jarraitu du. Auzitegi Goreneko epai batzuen proposamenaren arabera, miaketa egin ahal izango da, baldin eta aurretik horren berri ematen bada. Ondoren, Auzitegiaren jurisprudentziak xedatu du aurretik abisatzea ez dela beharrezkoa baldin eta hitzarmen kolektiboan zehazten bada gailu informatiko horiek enpresaren jabetza direla.

Epai horren ondoren, Espainiak bere jurisprudentzia zehaztuko du.

Ondorioz, langileak kontrolatzeko edozein neurrik lortu nahi den helburuarekiko proportzionala izan beharko du, eta langilearen babesa ziurtatu beharko du arbitrariotasunaren aurka.

 

Susana Castaños del Molino  Mutualiako Aholkularitza Juridikoko arduraduna

Lotutako berriak