
Maria José Sevilla elkarrizketatu dugu, Lan, Ingurumen eta Osasun Institutu Sindikaleko (ISTAS) ergonomoa. Mutualiak otsailaren 22rako antolatutako «Nahasmendu muskulu-eskeletikoak. Balorazio ergonomikoaz harago» jardunaldian parte hartuko du.
Ikertzaileek, teknikoek eta enpresa-arduradunek ergonomia parte-hartzailea aldarrikatzen dute laneko nahasmendu muskulu-eskeletikoak murrizteko aukera eraginkor eta berritzailetzat. Prebentziorako estrategia horrek, Estatu Batuetan eta Kanadan goraldian, frogatu du emaitza onak ematen dituela, dela langileen osasuna hobetzen dela enpresen produktibitatean. Azken urteotan, ISTAS, Valentziako Biomekanikako Institutuarekin (IBV), Laneko segurtasun eta osasunaren Valentziako institutuarekin (INVASSAT), UNIMAT prebentzio-zerbitzuarekin eta Langile Komisioetako (CCOO) prebentzioko profesionalekin batera, laneko arrisku ergonomikoa prebenitzeko ergonomia parte-hartzaile baten prozedura lantzen aritu da, ERGOPAR metodoa, hain zuzen.
1- Zera da ergonomia parte-hartzailea?
Literaturan ez dago ergonomia parte-hartzailearen definizio bakar bat. Asko dira haien ulertzeko modua eta ikuspegia aldizkari zientifikoetan eta espezializatuetan argitaratu duten egileak. Honako hauek dira definizio desberdinetan errepikatzen diren terminoak: parte-hartzea, langileak, ezagutza, prozedurak, laguntza, hobekuntza, aktoreak, konponbideak, inplikatzea eta eragitea. Gako-hitz horiek ergonomia parte-hartzaileak helburu duen ikuspegia eta egiteko modua bateratzea ahalbidetzen digute. Horrela, ISTASetik ergonomia parte-hartzailetzat ulertzen dugu laneko baldintzak maila ergonomikoan hobetzeko estrategia, inplikatutako agenteen parte-hartze aktiboa barne hartzen duen prozedura baten bidez egituratua eta antolatua.
2- Nolakoa izan da ERGOPAR bezalako prozedura baten garapena?
Oso lan nekeza eta zorrotza izan da, eta parte-hartzea funtsezkoa izan da. 2008an, ISTASen ergonomia parte-hartzaileari buruzko bibliografia begiratzen hasi ginen, eta ordutik, erakunde publiko, pribatu eta sindikalen parte-hartze zuzena izan dugu. Metodoaren eskuliburuaren lehen zirriborroa 2009an idatzi genuen, eta urte horretan bertan, Alacanteko Unibertsitatearekin batera, arrisku ergonomikoen faktoreak eta eragiten dituen kalteak identifikatzeko galdetegia baliozkotu genuen. 2010 eta 2011 artean, ERGOPAR metodoa baliozkotu genuen, Valentziako Erkidegoko 5 enpresatan egindako proiektu pilotu baten bidez. Baliozkotze-prozesu hori oso sakona izan zen, eta enpresa bakoitzean sortutako Ergo Taldeen, eta ISTASeko, IBVeko, INVASSATeko, UNIMATeko eta Valentziako Erkidegoko CCOOko Laneko Osasunaren Kabineteko profesionalez osatutako taldearen ardura eta ahalegin handia eskatu zuen.
ERGOPAR metodoaren eskuliburuaren lehen bertsioa 2011. urtearen bukaeran argitaratu genuen, Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalaren (LSHIN) finantziazioarekin. Egun, 2.0 bertsioa dugu; aldaketak parte hartu duten erakundeek ere adostu eta baliozkotu dituzte. Azken finean, taldeko lan handia eta oso emaitza onak.
3- Nola laguntzen du testatutako metodologia bat izateak emaitza eraginkorrak lortzen?
ERGOPAR metodoak modu argian eta antolatuan eskaintzen ditu esperientzia parte-hartzaile batean jarraitu beharreko pausoak, parte-hartzearen bidez, maila ergonomikoan, lan-baldintzak hobetzea helburu duen esperientzian. Hala ere, ez du hagaxka magikorik. Esperientziaren arrakasta faktore askoren baitan dago. Enpresan testuinguru egoki bat badago, eta metodoaren arrakastarako baldintzak esperientzian betetzen badira, enpresak nahikoa faktore lagungarri izango du maila ergonomikoan hobekuntzak lortzeko. Dena dela, ERGOPAR ezartzen saiatzea, adibidez, parte-hartzaileei zereginak egiteko denborarik eman gabe, erabakitzeko gaitasunik eta autonomiarik eman gabe, neurriak hartzeko baliabide ekonomikorik eman gabe… begien bistako oztopoa da ergonomia parte-hartzaileaz ari garenean, eta emaitzak ez dira onak izango.
4- Zein enpresa motari zuzendu dakioke?
Enpresa guztiei, lanpostu guztiei eta jarduera-sektore guztiei. ERGOPAR metodo malgu bat da, eta edozein testuingurutara egokitzen da. Hala ere, esperientziak arrakasta izan dezan, eta parte-hartzea bermatzeko baldintza bezala nabarmentzen dugu enpresan langileen ordezkariak egotea.
5- Nola neur daitezke ezarritako neurrien emaitzak, dela langileen osasuna hobetzeko ikuspegitik dela produktibitatearen ikuspegitik?
ERGOPAR metodoak emaitzak bi ikuspegietatik balioesteko aukera ematen du. Alde batetik, lanpostuan ezarritako neurriak eragindako langileei zuzendutako tresna eta teknika parte-hartzaileak eransten ditu, eta horiek arrisku ergonomikoaren aurrean duen eraginkortasuna ebaluatzeko aukera ematen dute. Gainera, gehiegizko esfortzuek eragindako lan-istripuen eta laneko gaixotasun muskulu-eskeletikoen erregistroa bezalako adierazleek iragana eta geroa konparatzeko aukera ematen dute. Metodoak, denbora bat igarotakoan, arrisku ergonomikoen eta kalteen eragileak identifikatzeko galdeketa bat banatzea ere proposatzen du, aldizka langileen esposizioa balioesteko. Bestalde, beharrezkoa izango da enpresak bertako esperientzia parte-hartzailearen errentagarritasuna balioztatzea (ekintzaren kostua), eta horretarako, ERGOPAR metodoak, zentzuzko tarte bat igarotakoan, ezarritako neurrien eraginkortasuna eta haien ondorioak eta errentagarritasuna ekonomikoki zenbatzea proposatzen du.
6- Zer ondorio atera daitezke enpresa ezberdinetako esperientzia aztertuta?
ERGOPAR metodoarekin izandako esperientzietan ISTASek zuzenean parte hartu du; esperientzia horietatik ondorio komunak atera ahal izan ditugu, lortutako onurei dagokienez. Honako hauek azpimarratuko genituzke:
– Enpresan parte-hartze, komunikazio- eta informazio-prozesuak hobetzea.
– Lan-baldintzak hobetzea maila ergonomikoan.
– Lanarekin lotutako min fisikoak gutxitzea.
– Langileen eta zuzendaritzaren laneko arriskuen prebentzioarekiko interesa handitzea, dela haien ezagutzan dela ergonomian.
– Laneko harremanak hobetzea, eta prebentzio-jarduera sartzean sustatzea. Prebentzio-kultura sortzea.
– Aldi baterako ezintasunezko kasuek eragindako kostu ekonomikoak txikitzea.
– Aztertutako lanpostuetako langileen motibazio eta gogobetetze handiagoa.
– Produktibitatea hobetzea.
– Irabazi ekonomikoak esperientziaren kostuen gainetik.
7- Zer erronka dituzue etorkizunerako?
Gure erronka da enpresek, segurtasun- eta osasun-batzordeek eta laneko arriskuen prebentzioetan profesionalak direnek ergonomia parte-hartzailearen eta ERGOPAR metodoaren alde gero eta gehiago egin dezaten. Metodoa erabiltzeak, zalantzarik gabe, langileen osasuna hobetuko du, eta enpresan, komunikatzeko eta parte-hartzeko bideak erraztuko ditu. Egun, ERGOPAR metodoari buruzko LSHINen prebentzio-ohar teknikoaren zain gaude; zalantzarik gabe, onarpena ekarriko du maila teknikoan, eta metodoa enpresetan zabaltzea eta ezartzea bultzatuko du. Emaitzak argitalpenetan eta artikuluetan, jardunaldietan, ikastaroetan, mintegietan, gure web-orrian… zabaltzen jarraituko dugu, eta esperientzia parte-hartzaile bakoitzak eskaintzen dizkigun ikuspuntu desberdinetatik ikasten.
Gai interesgarri honi buruzko informazioa handitu dezakezue, datorren otsailaren 22an izango den «Nahasmendu muskulu-eskeletikoak. Balorazio ergonomikoaz harago»jardunaldian izena emanda.
