
Garrantzi handiko gai horri erantzuten dio Auzitegi Goreneko 2017-03-29ko 265/2017 sententziak, zeina segidan aipatuko dugun 2142/2015 Doktrina Bateratzeko Kasazio Errekurtsoan zehazten den.
Egitatezko kasua honako hau da: langile bat, zerbitzaria, PARADORES DE TURISMO DE ESPAÑA SAko enplegatua, berak eskatutako erretiro aurreratu partziala onartzen zaiona Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko 2008-11-22ko ebazpenaren bitartez, dagokion oinarri arautzailearen %85 jasotzeko eskubidearekin.
Azterketaren ondoren, Lan Ikuskaritzak langilearen erretiro partzialaren kontrolaren gainean jarduketa bat egin zuen, eta arau-hauste akta idatzi zen. Ikuskaritzak egiaztatu ahal izan zuenez, erretiroa hartutako pertsonak, lanaldiaren %15eko denbora partzialeko iraupen jakineko lan-kontratua sinatu bazuen ere, enpresak ematen zituen orduen koadroetan 2008-11-01etik hasita eta 2009-02-03ra arte lanaldi osoko zerbitzu jarraituak eman zituela jasotzen zen, eta lanaldiaren %15eko denbora partziala guztiz betea zuen data horretarako, nahiz eta bere zerbitzuak 2010-10-01ean lan-harremana bukatzen zenera arte eman behar zituen, erretiro osora igaro aurretik.
Lan Ikuskaritzak enpresa zigortu zuen, eta langilearen erretiro partzialaren pentsioari zegozkion zenbatekoak era bidegabean jaso zirela adierazi zuen; zenbateko horiek itzultzeko, enpresaburuaren erantzukizun solidarioa ezartzen zen.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) demanda ezarri zuen, GSINeko 2008-11-12 ebazpena berrikusteko asmoz, zeinaren bitartez langileari erretiro partziala onartu zitzaion, eta Malagako Gizarte Arloko 7. Epaitegiko 2014-06-24ko sententziaren bitartez jarritako demanda aintzat hartuko zen, langilearen erretiro partziala bidezkoa ez zela adieraziz eta erretiro partzialeko eta erretiro osoko epean zehar jasotako erretiro-prestazioak bidegabeak zirela adieraziz, azken horrek araututako oinarria aldatzen zuelarik, langilearen enplegatzailearen erantzukizun subsidiarioarekin.
Ebazpen horren kontra erregu-errekurtsoa jarri zuten enplegatzaileak eta langileak berak Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusian, Malagako egoitzan. Errekurtso hori gaitzetsi egin zen, eta, hala, instantzia-sententzia baieztatu zen.
Erregu-errekurtsoa gaitzesteko arrazoia honetan oinarritzen zen: oinarrizko araudiak aurreikusitako aukeran 1131/2001 Errege Dekretuko 10 a) artikuluan jasotako lan partzialeko denbora urte bakoitzean pila daiteke, baina ezin dira pilatu enpresak eta langileak egindako moduan; izan ere, epaituriko egoera erretiro-adinaren aurrerapen gisa har daiteke, eta, ondorioz, txandakako kontratuaren denborazkotasunaren kausa desagertu egiten da, eta, kausa hori desagertzean, auzitegiak ondorioztatzen zuenez, enpresak iruzurrezko kontratua sinatu zuen langilearekin, denborazkotasunaren kausarik gabe; hala, hori bat dator Kode Zibileko 6.4. artikuluak lege-iruzurraren gaineko hipotesian adierazitakoarekin.
Aipaturiko sententziaren kontra Doktrina Bateratzeko Kasazio Errekurtsoa ezarrita Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusian, Auzitegi Gorenak 2017-03-29 sententzian ebatziko zuen errekurtsoan sortutako eztabaida: erretiro aurreratu partzialean posible den edo ez erretiro partzialaren lanaldia pilatzea urte bakar batean –kasu honetan, %15ekoa–; horrela, erretiro partziala bukatu arte zegozkion lanaldi guztiak betetzen direlarik.
Auzitegi Gorenak erretiratu partzialaren txandakako kontratua duen erretiro partzialaren helburua zein den aztertu zuen, eta nahiz eta kasu honetan egindako lanaldiaren kontzentrazioa legean garbi zehaztuta ez dagoela adierazten badu ere, 1131/2001 Errege Dekretuko III. Xedapen Gehigarrian txertatutako 2064/1995 Errege Dekretuko 65. artikuluak aurreikusten duenaren arabera, « enpresan urtero egin beharreko lanordu guztiakurte bakoitzeko epe jakin batzuetan egitea adostu duten denbora partzialeko kontratua duten langileetara » mugatzen da. Auzitegi Gorenak adierazi duenez, tratamendu normatibo berariazko baten gabezia horrek ez du esan nahi legezkoa ez denik, baizik eta, gure legeetan jasotzen den itunerako askatasunetik abiatuta, Kode Zibileko 1255. artikuluan jasotzen denez, « ondorio hori iruzurra dagoenean bakarrik izango da jasangarria », hau da, arau baten testuak formalki babesturiko ekintza baten bitartez araudi juridikoaren kontrako emaitza bat bilatzen denean.
Kasu honetan Auzitegi Gorenak ez du uste iruzurrezko jardunik izan denik, kasu jakin horretarako aurreikusitako arau juridiko guztien helburuetako bakoitza bete delarik; azken finean, langilearen gizarte-segurantzako alta mantendu delako, eta erretiro partzialaren eta erretirorako ohiko adinaren arteko epe osoari dagozkion kotizazioak ordaindu direlako. Berezitasun bakarra, kasu honetan, zerbitzuen prestazioa erretiro partzialeko lehen hilabeteetan pilatu izana da, eta, zirkunstantzia horrek, Auzitegi Gorenaren ustetan, enpresaren eta langilearen errekurtsoak aintzat hartuta eta lanaldi murriztuaren pilaketari baliozkotasuna emanda, ezin du aurretiko txandakako kontratua baliorik gabe utzi.
RAQUEL MARTÍNEZ MUTUALIAKO AHOLKULARITZA JURIDIKOKO ABOKATUA
