Itzuli

Eskailera eramangarrien erabilera

Esku-eskailera, duela urte asko, elementu komun bihurtu da laneko leku guztietan, dela lantegietan, bulegoetan, biltegietan, dendetan eta abarretan. Elementu hain komuna izatean, askotan ez zaio izan beharko lukeen garrantzia ematen segurtasunaren ikuspegitik.

 

Esku-eskailera bat erabili aurretik, egin behar den lan-mota aztertu behar da, zein baliabide dugun eta zeregina segurtasunarekin egiteko benetan erabili beharko genituzkeenak. Esfortzua eta bi eskuak erabiltzea behar duten lanetarako, kontrako baldintza klimatikoekin aire librean egin beharreko lanetarako, ikuspen mugatuarekin edo beste arrisku batzuekin egin beharreko lanetarako, beste baliabide batzuk erabili behar dira eskaileren ordez, adibidez, aldamioak, plataforma mugikorrak edo plataforma motorizatuak. Askotan leku jakin batera joan behar denean, hobe da eskailera finko bat erabiltzea.

 

Esku-eskailerek EN 131-1, 3 eta 4:2007; EN 131-2:1994 arauen araberakoak izan beharko lukete. Arau horiek eskuzko eskailera-motak, tamainak, baldintzak, saioak eta markaketa eskaintzen dute, hala nola zein saiotan erabil daitezkeen. Ez da arau horien araberakoak ez diren eskailerarik erabili behar.

 

Honako hauek dira esku-eskailerak erabiltzen direnean gertatzen diren istripu ohikoenak:

 

Eskailera irristatzea, euskarri ezegonkorragatik, lurzorua aldapan egoteagatik, haizeagatik…

Oreka galtzea, karga pisuak edo tresnak erabiltzean izandako irristadengatik edo keinu zakarrengatik.

Eskaileraren osagaiak haustea (segurtasun-katea, mailak…).

 

Esku-eskailerak behar bezala erabiltzeak eta zaintzeak istripu gehienak saihestuko ditu. Jarraian, oinarrizko arau batzuk emango ditugu:

 

 Esku-eskailerak fabrikatzaileak zehaztutako eran eta hark ezarritako mugen arabera erabili behar dira. Erabiltzeko argibideak izan behar dituzte.

 Esku-eskailera bat erabili aurretik, bere egonkortasuna ziurtatu behar da. Eskaileraren oinarria irmoki finkatuta dagoela egiaztatu beharko dugu. Ez da inoiz elementu ezegonkor edo mugikorren gainean jarriko (hala nola, kutxak edo tabureteak) altuera irabazteko. Eskailera, beti, bere luzerakoen gainean jarri beharko da, inoiz ez beheko mailaren gainean.

 Eskailera eremu oso leun edo irristakorraren gainean jarri behar bada, irrista dadin saihestuko duten elementuak izan beharko ditu: ez irristatzeko zapatak, goiko bermapuntuan finkatzea ahalbidetuko duten besarkagailuak edo gakoak.

 Lurzoru inklinatu edo gorabeheratsu batean lan egiteko, altueran egokitzen diren zapatak, zeharragak horizontalean geratzea ahalbidetzen dutenak, dituzten eskailerak erabili behar dira.

 Esku-eskailera sinpleak bertikalarekiko 15 gradu inguruko inklinazioarekin jarri behar dira (bermapuntuaren tarteak eskaileraren luzeraren laurdena izan behar du). Hau da: 8 metroko eskailera bat bere oinak berme gisa duen hormarekiko 2 metrora dituela jarri behar da.

 Leku garaietara heltzeko (sabaiak, plataformak…) eskailera bat erabiltzen denean, bere luzerakoek gutxienez metro bat gainditu behar dituzte goiko bermapuntuak. Eskaileraren goiko aldea ez da inoiz hoditeria, kable edo sendoak ez diren elementuen kontra jarri behar, ezta eroale elektrikoetatik gertu ere.

 Eskailerara jo aurretik, beharrezkoa da bai zapatak bai mailak garbi daudela ziurtatzea, batez ere koiperik, oliorik edo beste substantzia irristakorrik gabe.

 Eskailera pertsonak edo ibilgailuak igarotzen diren lekuetan erabiltzen denean, kolpeetatik babestu beharko da. Oso arriskutsua da eskailera bat ate baten aurrean jartzea, hor dagoela ohartaraziz seinalerik jarri gabe, eta handik igarotzea debekatzeko atea trabatu gabe. Ez da utzi behar eskaileraren azpitik pertsonak igaro daitezen.

 Lan elektrikoetan edo instalazio elektrikoetatik hurbil, eskailera isolatzaileak erabili behar dira, behar bezalako isolamendu elektrikoarekin (beira-zuntzezko eskailera isolatuak).

 Mailarik gabeko tabureteen kasuan: Gehienezko karga errespetatu behar da, euskarri duen eremuak ez irristatzeko modukoa izan behar du, eta garbi eta higadurarik gabe mantendu behar da. Karga dutenean, finko eta mugiezin egon behar dute lurraren gainean.  

 

Erabilerari dagokionez:

 

 Igoera eta jaitsiera, beti, eskailera aurrez aurre dela egin behar da, eskuak libre direla, irmo heltzea ahalbidetuz, eta eskuekin mailei edo luzerakoei helduz. Eskaileran egindako lana ere eskailera aurrez aurre dela egin behar da.

 Eskaileraren goiko aldeak, gutxi gorabehera, gerriaren altueran egon behar du, behar izanez gero erraz eutsi ahal izateko. Praktikan, horrek esan nahi du azken bi edo hiru mailak, eskailera-motaren arabera, beti libre utzi behar direla.

 

 Eskailera ez du inoiz pertsona batek baino gehiagok erabili behar.

 Oinak lurretik bi edo metro gehiagora badaude, erabili puntu irmo eta sendo bati lotutako segurtasun-gerrikoa, inoiz ez eskailerari berari lotua.

 Eskailera batean ez da, haren pisu edo tamainagatik, langilearen segurtasuna arriskuan jar dezakeen kargarik igo, jaitsi ez manipulatu behar.

 Eroriko asko eskaileran igota dauden langileak gauzak eskuratzen saiatzeagatik gertatzen dira

 Izan bi oinak, beti, eskaileraren gainean jarrita, ez saiatu harengandik urrun dauden puntuetara heltzen, eta ahal den guztietan, heldu eskailerari esku batekin

 Ez da inoiz mugitu behar esku-eskailera bat langilea haren gainean dagoen bitartean.

 Lan elektrikoetan edo instalazio elektrikoetatik hurbil, eskailera isolatzaileak erabili behar dira, behar bezalako isolamendu elektrikoarekin (beira-zuntzezko eskailera isolatuak). Eskailera luzagarriekin lan egiten denean, besarkagailuek irmoki heltzen dutela ziurtatu behar da. Eskailera bikoitzetan lan egiten denean, tenkagailuak beti erabat zabalduta egon behar du.

Esku-eskailerak erabiltzeko informazio-fitxa

Lotutako berriak