Itzuli

Europako justizia auzitegira iritsi da lanaldi osoko langileen lanaldiaren erregistroa

Langile Komisioen Zerbitzu Federazioak gatazka kolektiboa abiarazi zuen DEUTSCHE BANK SAE enpresaren aurka, honakoak zehazteko; enpresak langileek egiten duten benetako lanaldiaren erregistroko sistema bat ezarri behar duen, aplika daitezkeen enpresa-itunetan zein sektoreko hitzarmenean adostutako ordutegiak betetzen direla egiaztatzeko. Gatazka kolektiboaren prozedura hori dela eta, Auzitegi Nazionaleko lan-arloko Salak auto bat eman zuen, 2018ko urtarrilaren 19an. Bertan, auzi hori ebatzi aurretik, Europako Justizia Auzitegiari (EJA) hiru arazo prejudizial planteatzea hitzartzen da, honakoa erabaki dezan: Langileen Estatutuaren (LE) 34. eta 35. artikuluetan jasotako araudi nazionala, jurisprudentziako doktrinak interpretatu izan duenaren arabera, lanaldi osoko langileen lanaldiaren eta atseden-egunen iraupen-mugei buruzko Europako Araudiarekin bat datorren. Muga horiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko azaroaren 4ko 2003/88/CE Zuzentarauaren 3., 5. eta 6. artikuluetan xedatzen dira.

Auzitegi Nazionalak adierazi duenez, «Auzitegi Gorenak, zeinaren doktrina errepikatuak barne-zuzenbidearen iturrien sistema osatzen duen (Kode Zibilaren 1.6 artikulua), 2017-03-23 eta 2017-04-20ko epaietan ezarri zuen betebehar hori ezin dela araudiaren arabera ebatzi; soilik lanaldi partzialeko langileen kasuan gerta daiteke –LE, 12.4 art.–, enpresan aparteko orduak egiten badira –LE, 35.5 art.–, bai eta jarduera horren sektoreen legeria espezifikoak berariaz eskatzen badu».

Barne-zuzenbideari dagokionez Auzitegi Nazionalak jarraitu behar duen interpretazioa hori denez, Europako Justizia Auzitegiari arazo prejudiziala aurkezteko arrazoiak daudela uste du. Besteak beste, hauek:

«Azaldu dugun LEren 34. eta 35. artikuluen interpretazioan oinarrituta, eta lanaldi osoko langileei dagokienez, hauek dira ondorioak:

  • Langileak ez dauka bere lanaldi arrunteko orduak baino gehiago egin dituela frogatzeko baliabide objektibo eta baliagarririk.
  • Langileen ordezkariek ez daukate langileek benetan lan egin dituzten orduak nahitaezko lanaldiari dagozkionak baino gehiago diren eta atsedenak errespetatzen diren ala ez frogatzeko tresna baliagarririk.
  • Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak ez dauka langileek lanaldi arrunta gainditzen duten ala ez frogatzeko tresnarik; eta langileen edo haien ordezkarien salaketak egonez gero, langileek aparteko orduak egiteko baimena eman duten ere ezin da egiaztatu. Horren froga da Auzitegi Gorenaren 2017-03-23 eta 2017-04-20ko epaiak argitaratu ondoren, 1/2017 Jarraibidea eman izana; ondorioz, aurretik aipatutako 3/2016 Jarraibidea indarrik gabe geratu zen.
  • Lanaldia eta benetan lan egindako ordutegia erregistratzeko sistema objektibo eta eraginkor bat ez dagoenez, langileek zein haien legezko ordezkariek ezin dute egiaztatu mugak aipatutako kasuek ezartzen duten lanaldiaren arabera betetzen diren; beraz, ez dira bermatzen 2003/88 Zuzentarauaren 3., 5., 6. eta 22. artikuluetan xedatutako aginduak, horiek betetzen direla egiaztatzeko tresna egokirik ez dagoelako».

Europako Juztizia Auzitegiaren erantzuna itxaroten dugun bitartean, ez dugu ahaztu behar aurrera doala Euskal Sozialistak Legebiltzar-taldeak aurkeztu zuen legegintza-ekinbidea, 2017ko ekainaren 20an onartua eta 2017ko ekainaren 23an Gorteetako Aldizkari Ofizialean argitaratua; 2017-10-27tik, Lan eta Gizarte Segurantza Batzordean dago, zuzenketak egiteko. Urtez urte luzatu da epea, eta indarrean dagoen azkenekoa 2018ko otsailaren 13koa da.

Legegintza-ekinbidearen helburua da, Langileen Estatutuaren 34. artikulua aldatuz, lanaldi osoaren erregistroa dagoeneko lanaldi partzialerako dagoen erregulazioarekin alderatzea. Horrez gain, Gizarte-Ordenako Arau-Hauste eta Zigorrei buruzko Legea (LISOS) aldatzen du, ez-betetzea arau-hauste larri bezalazigortzeko, 626 eta 6.250 euro arteko isun-zehapenarekin.

Susana Castaños del Molino

Lotutako berriak