2018/03/26
Maiatzaren 11 eta 12an, European Rugby Champions Cup eta European Rugby Challenge Cup txapelketetako finalak jokatuko dira, Bilbon. San Mames estadioa errugbiaren munduko epizentro bihurtuko da, bertan jokatuko baitira partidak. Milaka zale espero dira, oso balio positiboak transmititzen dituen kirol horren tradizioa duten herrialde askotatik. Errugbia oso errotuta dago Euskal Herrian; lau euskal talde daude elitean (Gernika, Getxo, Ordizia eta Hernani); askoz gehiago Ohorezko B Mailan, eta beheko kategorietan, klub eta harrobiko jokalari ugari dago. Azken urteotan, kirolak hazkunde handia izan du, gero eta zale gehiago baititu eta gero eta jende gehiagok praktikatzen baitu. Eta maiatzeko finalek are gehiago lagunduko dute horretan. Errugbia talde-kirol ederra da, eta mundu osoko gizon-emakumeek eta haurrek jokatzen dute. Eta, gainera, gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Izan ere, 6 eta 60 urte bitarteko hiru milioi lagunek baino gehiagok praktikatzen dute balio gero eta ezagunagoak dituen kirol hau. Errugbian jokatzeko behar diren gaitasun eta berezitasun fisikoak askotarikoak direnez, errugbiak maila guztietan parte hartzeko aukera ematen die garaiera, tamaina, pisu eta gaitasun ezberdineko pertsonei. Euskal errugbiak talde-lana, kooperazioa, ahalegina eta taldekideen errespetua bultzatzen du. Lagunekiko harremanean ere eragina du kirol honek. Topaketen aurretik eta ondoren adiskidetasun handia dagoelako gertatzen da hori, nahiz eta partidan borroka eta kontaktu handia izan. Gaur egun, pixkanaka-pixkanaka galtzen ari dira kirol-gaitasun eta jarrera tradizional asko, baina errugbia harro dago jokabide etikoari eta kiroltasunari eusten dielako. Euskal errugbiaren familiak zale suharrak ditu, kirol honek taldeko parte izatearen sentipena eta emozioak eragiten baititu. Errugbiak eskaintzen duen espirituari esker, bizitza osorako lagunak osatzen dira. Adiskidetasuna eta lagunarekiko, aurkariarekiko eta arbitroarekiko leialtasuna funtsezkoa eta ohikoa da. Zuzentasuna oinarrizkoa da errugbiaren egituran, eta hori zintzotasunaren eta joko garbiaren bidez lortzen da. Halaber, diziplina ere funtsezkoa da joko honetan, jokalekuaren barruan nahiz kanpoan, eta hori legeak eta balioak betez islatzen da. Partiden ostean, «hirugarren zatia» jokatzen da, giro ludikoan, parte-hartzaileen sozializazioa sustatzeko, adiskidetasuna bultzatzeko eta lagunak egiteko, eta familiak jardueran eta klubean sartzeko. Euskal Herriko zelai guztietan egiten den hirugarren zati ezagun horren bidez, omenaldi moduko bat egiten zaio aurkako taldeari, aurkaririk gabe ezingo bailitzateke kirol noble honen laurogei minutuak jokatu ahal izango.
Kiroltasuna da kirol berezi honen ezaugarria, eta kiroltasun hori gure ingurunera ere iristen da. Errugbia kirol inklusiboa da, parte hartzen duen oro baita garrantzitsua taldean: garaia, txikia, indartsua, hain indartsua ez dena, gizena, argala, azkarra, motelagoa… Gure inguruan, gero eta haur gehiagok jokatzen du errugbian. Eta kirol-alderdia eta alderdi soziala uztartzen dituelako dute hain gogoko. Horrela, giro noblea sortzen da talde-kirol honetan, kontaktu handikoa eta, indarrari, potentziari, erresistentziari eta abiadurari dagokienez, asko eskatzen duena. Gainera, teknika, taktika eta estrategia izatea ere eskatzen du. Euskal Herrian oso errotuta dago errugbia, eta talde hauek ditugu, besteak beste: Getxo, Gernika, Ordizia, Hernani, Uribealdea, Bilbao, Durango, Bera Bera, Eibar, Zarautz eta Gaztedi. Laster helduko da haien festa. Eta Bilbon ospatuko da.