Itzuli

Gaurko EHAAOn argitaratu da ekainaren 2ko 9/2016 LEGEA, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa, bihar (ekainak 14) indarrean sartuko dena

12/1994 Legea indargabetzen du, eta indarrean sartzen denetik 18 hilabeteko epean araubidez garatuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioek, hala ere, bi urte izango dituzte euren estatutuak lege berri honek aurreikusitakoaren arabera egokitzeko. Behin epe hori igarota estatutuak egokitu gabe baleude, ez da fundazioaren dokumenturik dagokion fundazioen erregistroan inskribatuko, aldaketa horiek egin direla egiaztatu arte. Betebehar hori ez betetzeak, gainera, dagozkion erantzukizunak sorraraziko ditu, eta, ondorioz, fundazioak ez du diru-laguntza edo laguntza publikorik jasoko Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik.

 

Fundazioetako organoen eraketari dagokionez, Laugarren Xedapen Gehigarriak jasotzen duenaren arabera, Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako aurreikuspenak hartu beharko dira kontuan, organo horietan gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua izan dadin.

 

Aurreko legea Europako Parlamentu eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/CE Zuzentarauak jasotako eskakizunekin bat zetorren arren, azken urteotan arrazoi berriak sortu dira, eta, horien arabera, arlo honetan lege berria egitea gomendatu da. Arrazoi horiek lirateke, besteak beste, Administrazio publikoari nahiz fundazioei, eta, oro har, herritarrei segurtasun juridiko gehiago eskaintzeko beharrizana; erakunde horiei aplikatzeko moduko arauak bateratzeko beharra, eta aldaketa tekniko-juridikoak txertatzeko beharra, fundazioetako arauak berritu eta gizartearen egungo eskakizun eta beharrizanetara egokitzeko. Ez da ahaztu behar, gainera, Zuzenbide Zibilak arautzen duen zatian, EAEko Zuzenbide Zibilaren egungo errealitatera egokitu beharra zegoela, ekainaren 25eko 5/2015 Lege berriarekin bat etorriz.

 

Lege berri honen bidez administrazioaren gorabeherak sinplifikatu eta zerbitzu publikoak arrazionalizatuko dira, fundazioak sortzeko eskubidea sustatuz eta, era berean, fundazioen berezko trafikoaren segurtasun juridikoa bermatzeko beharrezkoak diren kontrolak ezarriz; halaber, fundazioen araubide juridiko berezitik eratorritako eskakizunak modu egokian betetzen direla bermatuko da.

Berrikuntzen artean, gaitasun berri batez hornituko dira aurrerantzean fundazioak, zehatzeko gaitasunaz, alegia. Horren helburua da administrazioarekiko betebeharren kontrako jokabideen aurrean disuasio-mekanismoa izatea, eta erakunde hauen finantzaketan laguntza ematen dutenengan konfiantza sorraraztea.  Mekanismo betearazlea da, eta ordenamenduak administrazio publikoen esku uzten du horren aplikazioa, fundazioen proiektua interes orokorraren eta fundatzaileen borondatearen arabera garatu dadin.  Ondorioz, fundazioen baitan gehien gertatzen diren arau-hausteak tipifikatu dira. Horien aurreko zehapen gaitasuna, beraz, mekanismo eraginkorra da, esku-hartze gogorragoak saihesteko.

 

LEHENDAKARITZA

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legea.

 

 

Lotutako berriak