
Azken asteotan, negua eta hotza iristearekin batera, gripearen (edo influentzaren birusa) kasuak biderkatu egin dira Estatu osoan, ospitaleetako larrialdietako gelak kolapsatzeraino. Une honetan, epidemia-zifretara heldu da, 175 kasu baino gehiagorekin 100.000 biztanleko. Aurten, gripea iaz baino 6 aste lehenago heldu da. Gaixotasun biriko honek dozenaka heriotza eragiten ditu urtero, pertsona nagusiei, umeei eta gaixotasun kronikoak dituztenei (diabetesa, kardiopatiak, bronkitis kronikoa edota asma) sorrarazten dizkieten konplikazioen ondorioz.
Aurten, A Gripearen anduiak direla nabarmendu behar da; zehazki, bi andui: H3 eta H3N2. Bietako bat ere ez da duela zenbait urtetako A Gripe hura, denok hainbeste beldurtu gintuena; kasu hartan, gobernuak dosiak erosi zituen populazioaren zati handi batentzat, eta, azkenean, ez zen izan uste bezain hilgarria. Anduiaren izena gogoratzen ez dutenentzat, orduko hura H1N1 zen.
PREBENTZIOA
Urtero, influentzaren birusaren kontrako txertaketa-kanpainak egiten dira, batez ere, kutsatuz gero, konplikazioak izateko arriskua duten kolektiboei zuzenduta. Garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren hotzeria arruntaren eta gripearen arteko desberdintasunak, gaixotasun honen sintomak eta konplikazioak eraginkortasunez tratatzeko.
HOTZERIAREN ETA GRIPEAREN ARTEKO DESBERDINTASUNAK
Hotzeria arrunta ere gaixotasun birikoa da, baina bere sintomek gutxiago irauten dute, 3 eta 5 egun artean. Sintomek gutxitan ekartzen dute ondoez orokorrik eta sukarrik; soilik arnasaren arloko sintoma arinak, eztula eta mukiak.
Gripearen birusa oldarkorragoa da, eta, hotzeriaren sintomak areagotzeaz eta denboran luzatzeaz gain, sukarra, min muskularra eta zefalea ere agertzen dira.
AHOLKUAK
Kutsatu eta gaixotuz gero, zenbait aholku bete behar dira, beste pertsona batzuk ez kutsatzeko eta gure sintomak arintzeko:
– Osasun arloko profesional batengana jo, medikamentuak erabili aurretik. Era berean, inoiz ez kontsumitu antibiotikorik, errezetarik gabe.
– Ohean atseden hartu, sintomak arinduz joan arte.
– Ur asko edan, organismoa garbitzeko eta deshidratazioa saihesteko.
– Doministiku edo eztul egitean, sudurra eta ahoa estali, ez kutsatzeko; gainera, zorrotz jokatu behar da higienearekin.
