Itzuli

Gure enpresek lidergoaren eta estresaren prebentzioaren arloko prestakuntzan interesa dutela egiaztatu da

Irailean oso harrera ona izan duten bi jardunaldi egin genituen, eta interes eta gaurkotasun handiko gaiei heldu zitzaien.

Urriaren 3an jardunaldi hau egin zen Bilbon: LAP integratzea tarteko agintariak eta prebentzio-arloko teknikariak prestatuz. Jardunaldian Javier Ondarra eta Eduardo Lázaro coach-ak izan genituen gurekin, lidergoaren arloko prestakuntzan esperientzia handia dutenak. Aurkezpenetan, bertaratutakoei modu atsegin eta parte-hartzailean azaldu zieten coaching-ak ematen dituen aukerak, eta nabarmendu zuten tresna hori oso erabilgarria izan daitekeela laneko arriskuen prebentzioa enpresaren maila guztietan integratzeko. LAP integratzeko, beharrezkoak dira coaching-ean erabiltzen diren hainbat baliabide; adibidez, autoezagutza, komunikazio ona, helburuak ezartzea, enpatia eta ikastea.

Jardunaldia bukatzeko, esperientzia praktiko ezin hobea izan genuen, enpresan benetako prebentzio-kultura lortzeko coaching-aren tresnak erabiltzeari eta lidergoaren arloko prestakuntzari buruz. Roberto Castañosek, Sidenor Aceros Especiales enpresaren arduradunak, azaldu zuen istripurik ez egoteko helburu nagusia lortzeko ezinbestekoa dela enpresaren zuzendaritzak argi eta garbi adieraztea LAP lehentasuna dela eta horri jarraituz jardutea, enpresako maila guztietan. Lidergoaren arloko prestakuntza eta coaching-a funtsezko tresnak izan dira agintariak eta langileak inplikatzea lortzeko.

Irailaren 21ean jardunaldi hau egin zen: estresa prebenitzeko eta gatazkak ebazteko trebetasun profesionalen entrenamendua. Jardunaldian jende askok parte hartu zuen, eta modu praktikoan heldu zitzaien estresa prebenitzeko eta gatazkak ebazteko tresnei. Patxi Rocha del Cura psikologo, terapeuta eta coach-ak modu praktikoan azpimarratu zituen estresaren alde kaltegarriei aurre egiteko eta horiek murrizteko teknikak. Jardunaldiaren bigarren zatian, Mª Eugenia Ramosek, zuzenbidean lizentziatuak, gatazken kudeaketan espezializatuak eta Gizagune Fundazioaren koordinatzaileak, azpimarratu zuen garrantzitsua dela enpresan estresa eta gatazkak eragiten dituzten elementuak neurtzeko eta kontrolatzeko metodologia argia eta egiaztatua erabiltzea.

Bi jardunaldiek oso harrera ona izan zuten, eta ondo baloratu zituzten. Eskerrak eman nahi dizkiegu hizlari parte-hartzaileei, egindako ekarpenengatik, eta bertaratuei hurrengo jardunaldietara etortzeko gonbita egiten diegu.

Azaroaren 23an, estresa prebenitzeko eta gatazkak ebazteko trebetasun profesionalen entrenamendua egingo dugu berriro, Muskizen, Somorrostro Prestakuntza Zentroan.

Lotutako berriak