viento
Itzuli

Haizearekin gidatzea, egonkortasuna gauza guztien gainetik

Haize-boladek eta “pantaila-efektuak” arriskuan jar dezakete ibilgailuaren egonkortasuna, eta istripua eragin. 

Ustekabeko haize-kolpe batek edozein ibilgailu ezegonkortu dezake, ibilgailua oso aerodinamikoa bada ere, baina gertaera horri aurre egiteko okerrenak ibilgailu altuak eta handiak dira (furgonetak, kamioiak eta SUV ibilgailuak), eta, jakina, pisu gutxien dutenak, hala nola motorrak eta bizikletak. Bestalde, ez dugu ahaztu behar bat-batean harrapa gaitzakeen “pantaila-efektua”. 

Baina, zer da “pantaila-efektua”? Efektu hori haize-egunetan senti daiteke, eta bi egoera-mota sortzen ditu, arriskutsuak biak. Aurreratzeetan, tamaina handiko ibilgailu batekin paraleloan gidatzean, “pantaila-efektuak”, lehenik eta behin, kamioiaren alboaren kontra erakartzen gaitu, gero kontrako aldera indar handiagoz bultzatzeko. Beste egoera tuneletatik irtetean eta/edo tamaina handiko eraikinak pasatzean gertatzen da. Ibilgailuak alboko haize-kolpe handia jasan dezake, eta ibilbidetik desbideratu daiteke. 

  

adi haizeari

Bestalde, kontuan izan behar da aire-bolada handiak izaten direnean beste arrisku bat gehitzen dela; hain zuzen ere, litekeena da galtzada zikina egotea, hosto-hondarrekin eta adar txikiekin, bai eta zoladuran erortzen diren lur-jausiekin ere.  

Horregatik guztiagatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da abiadura moteltzea, gainerako ibilgailuekiko distantzia mantentzea eta aholku erabilgarri hauek kontuan hartzea. 

 

  • BIGARREN MAILAKO BIDEAK SAIHESTEA. Errepide nagusiak barne hartzen dituen ibilbide bat aukeratzea; izan ere, bigarren mailako errepideetan arrisku handiagoa dago bidean eroritako adarrak eta objektuak egoteko. 
  • APARTEKO KARGARIK EZ ERAMATEA. Bidaiatzea beste erremediorik ez badago, ez dezagun ibilgailua gehiegi kargatu aerodinamikari eragiten dioten elementuekin. Parrillak haize gurutzatuen inpaktua areagotu dezake ibilgailuan. Ez da atoiekin edo karabanekin bidaiatzeko une egokia ere. 
  • TRAFIKOA ZAINTZEA. Beste ibilgailuei gertatzen zaienari adi egon behar da. Norabidetik noiz eta non desbideratzen diren antzemateak ohartarazpen gisa balio dezake haize-bolada batek noiz astinduko gaituen jakiteko, boladakakoak izaten baitira. 
  • AURRERATZEAK SAIHESTEA. Haize zakarrarekin aurreratzea arriskutsua da. Ibilgailu handi bat aurreratzen dugunean, haizeak kolpa gaitzake, pantaila-efektu gisa ezagutzen dena jasan dezakegu. 
  • BESTEAK BABESTEA. Motorzaleak eta txirrindulariak dira ahulenak haizete batean. Horregatik, segurtasun-distantzia handiagoa utzi behar da haien inguruan, arazo handiagoak baitituzte egonkortasunari eusteko. 
  • APARKATZEKO LEKU ON BAT AUKERATZEA. Ahal izanez gero, automobilaren gainera eror daitezkeen zuhaitz, telefono-kable edo zutoinen ondoan edo azpian ez aparkatzen saiatu behar dugu. 

 

 

Lotutako berriak