-
2017/06/14

Jarrera eta esfortzuak:
- Saiatu denbora luzez jarrera berean ez egoten, zutik zein eserita.
- Zutitu eta ibili noizean behin, zirkulazioa aktibatzeko. Apur bat ibiltzearekin nahikoa da. Erreferentzia gisa, ez egon 2 ordu baino gehiago eserita. Ahal bada, jarrera aldatu orduro edo maizago.
- Telefono harigabea erabiltzen baduzu, telefonozko arreta ematerakoan altxatzeko aukera izango duzu.
- Eserita lan egiten zaudenean, ziurtatu aulkiak bizkarraren beheko aldea ondo heltzen dizula. Aulkiaren bizkarraldearen makurdura egokitu, zure abdomenaren tamainaren arabera. Gomendatzen da 110ºko angeluan (atzeraka) esertzea, fetuaren konpresioa ekiditeko. Oinazpikoa erabiltzeak zangoen presioa murrizteko jarrera egokia mantentzen lagunduko dizu. Ez gurutzatu zangoak.
- Zereginak gauzatzerako garaian, saihestu jarrera ez-naturalak edo bortitzak: zereginak kokoriko egitea, besoak sorbaldaren gainetik altxatzea, enborraren flexioa eta bihurdura, oreka-arazoak edo esfortzu fisiko handiko makurdura errepikatuak, etab.
- Zereginak gauzatzerakoan, aintzat hartu jarrera-higiene egokiak (bizkarra zuzen, enborra tolestu gabe, edo indarra zangoekin egitea).
- Ez ibili zama astunekin, eta ez egin indar handia eskatzen duten edo nekea eragiten dizuten zereginak.
- Ez ibili ikuspena murriztu ahal dizuten objektuekin. Eroriko bat eragin lezakete, batik bat eskaileretan.
- Eskaileretako eskudelei helduta ibili.
- Ez erabili tabureterik edo eskuko eskailera txikirik apal eta armairuetako gune altuetara iristeko, bereziki sabelaren tamainak oreka galtzea eragin dezakeenean.
Arropa eta oinetakoak:
- Oinetako eroso eta seguruak erabili. Oreka ez galtzeko, ez erabili takoi oso altuko oinetakoak, ez eta arropa estuegia ere. Gomendatzen da oinetakoen zola irristagaitza izatea.
- Konpresio-galtzerdiak erabiltzea onuragarria izan daiteke, izan ere, odola bihotzeraino iristea errazten dute eta zangoetako nekea eta barizeak prebenitzen dituzte.
Autoz egindako joan-etorriak:
- Ahal den heinean, ez joan autoan bileretara edo beste lan-zentrotara. Bilerak bideokonferentzia bidez egiten saiatu.
- Bilerak edo bestelako jarduerak puntako orduetatik kanpo programatu, trafiko handia dagoenean gidatu behar ez izateko. Hala, bidaiatzen ematen duzun denboraz gain, arriskuak ere murriztuko dituzu.
- Ez baduzu bakarrik bidaiatzen, hobe da gidarikidearen eserlekuan jartzen bazara. Eserlekuaren makurdura egokitu jarrera eroso batean egoteko eta sabelaren konpresioa saihesteko.
- Segurtasun-uhala erabili beti. Haurdunentzako segurtasun-uhal berezia erabiltzea gomendatzen da. Ez badaukazu uhal berezi hori, zintak iztaien mailan eta bular artean jarri. Eserlekuaren eta bolantearen edo aginte-panelaren arteko distantzia handitu. Bidaia luzeak egiten badituzu, sarritan atseden hartu.
Ohitura osasungarriak:
- 2 edo 3 orduro jan. Ura maiz edan.
- Zure egoerarako aproposa den jarduera fisikoren bat egin. Ibiltzea ohitura oso onuragarria da artikulazio- eta zirkulazio-arazoak ekiditeko.
- Luzaketa- eta arnasketa-ariketak egin. Arnasketa sakonek bizkarrezurra eta sabela jarrera egokienean mantentzen eta erlaxatzen lagunduko dizute.