Itzuli

Jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko baimena

Aitatasun-baimena 5 astetik 8 astera igaro zen 2019an; 12 astera, 2020an; eta 16 astera, 2021ean. Horietatik 6 erditu eta berehala edo, adopzio-, zaintza- edo harrera-kasuetan, ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala baliatu behar ziren. Baimenaren gainerakoa segidako aldietan balia zitekeen haurtxoak urtebete egin baino lehen. 

2025eko uztailaren 30ean, uztailaren 29ko 9/2025 Errege Lege Dekretua argitaratu da. Horren bidez, jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko baimena 16 astetik 19 astera handitu da —iraupen bera da bi gurasoentzat eta ezin dira asteak transferitu— eta, guraso bakarreko familien kasuan, 32 astera handitu da, guraso eta zaintzaileen familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteari buruzko 2019ko ekainaren 20ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/1158 (EB) Zuzentaraua aintzat hartuz. Enplegu publikoaren arloan ere berdin handitu da, bai eta adopzioaren, adopzioa xede duen zaintzaren eta harreraren kasuetarako ere. 

Aipatu Errege Lege Dekretuak hauek ditu: zioen azalpena, hiru artikulu (Langileen Estatutuaren 48. artikuluaren 4. eta 5. apartatuak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 178., 181. eta 182. artikuluak aldatzen dituzte), xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen. Hona alderdi nabarmenenak: 

 

  • Adopzioagatiko, adopzioa xede duen zaintzagatiko eta harreragatiko baimen indibiduala 16 astetik 19 astera handitzen da, eta oinarri arautzailearen % 100 jasoko da. 
  • 6 aste erditu eta berehala baliatu behar dira; beste 11 aste nahi denean balia daitezke adingabeak 12 hilabete betetzen dituen arte; eta 2 aste osagarri sartzen dira, adingabeak 8 urte betetzen dituen arte balia daitezkeenak. Erregulazioa berbera da adingabearen adopzioaren, adopzioa xede duen zaintzaren eta harreraren kasuetarako (salbuespen bakarra da bi gurasoek baimenaren lau aste aurreratu ahal izango dituztela nazioarteko adopzioaren kasuan, eta adingabeak 8 urte betetzen dituen arte balia daitezkeen 2 asteen muga berbera da). 
  • Guraso bakarreko familien kasuan, baimena 32 astekoa da, honela banatuta: 6 nahitaezkoak, 22 haurrak urtebete bete arte eta 4 haurrak 8 urte bete arte. 
  • Gurasoetako bat hiltzen bada, beste gurasoak hartu ahal izango ditu baimen-egun guztiak, edo, bestela, gelditzen diren egunak. 
  • Langileen Estatutuaren 48 bis artikuluan aurreikusitako gurasoen baimena (8 aste adingabeak 8 urte betetzen dituen arte) oraindik ere ez da ordaindutakoa; nolanahi ere, auzitegi batzuek kontrako zentzuko ebazpenak eman dituzte. 
  • Araua 2025eko uztailaren 31n jarri da indarrean, atzeraeraginezko ondorioekin. Aste osagarriak (2 edo 4 guraso bakarreko familien kasuan) 2024ko abuztuaren 2tik aurrera jaio edo adoptatutakoei aplikatuko zaie, baina 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera bakarrik eskatu ahal izango dira. 

 

Baimena bai gizonentzat bai emakumeentzat handitu izana aurrerapauso bat da babes sozialean eta Gizarte Segurantzaren konturako oinarri arautzailearen % 100 jasoko da. 

9/2025 Errege Lege Dekretuaren arabera, gainera, «aurrekoa gorabehera, Gobernuak konpromisoa hartzen du etorkizunean baimenen bloke honen iraupen osoa hogei astetara handitzeko»; beraz, gaia kontuan hartuta —azken aldian ikusi ahal izan dugunez, asko aldatu da, eta gizarte-testuinguruari erantzun behar dio—, lege-berritasunekin oso erne egon beharko gara. Ematen duenez, gai honetan, laster iritsiko dira.  

 

 Jesús Escartín Azlor 


Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua  

 

Lotutako berriak