
Mutualiak gure enpresa elkartuen jardunbide egokien berri eman nahi dizue. Oraingo honetan, hiru euskal aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duen eta Euskalitek koordinatzen duen 3K programa izango dugu hizpide.
Euskalitek, 2007tik du martxan prestakuntzarako eta ekintzarako 3K programa. Egitasmoak, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeen kudeaketa hobetzea du xede.
Abian jarri zenetik, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 250 erakundek baino gehiagok parte hartu dute bertan. Orain artean, 50 izan dira programak emandako diploma lortu duten erakundeak.
Gainera, horietako erakunde batzuek aurrerapausoak ematen jarraitu dute haien kudeaketa-sistemak hobetuz. Hala, hiru kirol-erakundek Kudeaketa Aurreratuko Brontzezko A egiaztapena ere lortu dute.
Hiru urteko programa bat da proiektua (gutxiago ere izan litezke aurretik nahikoa kudeaketa-maila erakusten bada), eta, horren bitartez, erakundeek, prestakuntza-saio eta lantegien bidez, eta hainbat ariketa praktiko eginda, Kudeaketa Aurreratuaren funtsezko alderdien eta jardunbide egokien berri izatea eta haien erakundeetan lantzea lortu nahi da.
Estrategia definitzea, urteko kudeaketa-planak, antolamendu-sistema, bezeroen kudeaketa, pertsonen kudeaketa, kudeaketa ekonomikoa eta euskararen kudeaketa dira proiektuan aurkituko ditugun arloetako batzuk.
Proiektuaren 10. urteurrena dela eta, 3K programari jarraipena emango dion lankidetza-protokolo baten sinadura iragarri da, kirol-sektoreari bere kudeaketa eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen jarraitzeko.
Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, eskura duzu programaren eskuliburuan, Euskaliten webgunean.
Gune hau gure enpresa guztiei irekita dago, eta zuen edozein jardunbide egoki partekatu nahi izanez gero, gurekin harremanetan jar zaitezkete ohiko bideak erabilita.
