Itzuli

Judoa Sentsazio-sorta handia

Judoak gihar-multzo guztiak lantzen laguntzen du

Judoa Euskal Autonomia Erkidegoan oso errotuta dagoen kirol bat da, eta Euskal Federazioak hainbat lehiaketa antolatzen du, eta hura praktikatzea bultzatzen du, onura asko baitakartza. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan, oraingoan, Euskal Autonomia Erkidegoan joan den mendearen erdian sartu zen modalitate baten abantailez arituko gara. Nola Bizkaian hala Gipuzkoan, 1960 inguruan jadanik, Nazioko Txapelketak egiten ziren, eta 1971n, egungo Donostiako Josean Gasca kiroldegian, Espainiako Txapelketa Absolutua jokatu zen. Judoan aitzindari izan zirenen lan didaktiko handiak gimnasioak praktikatzailez bete zituen. Judoak, batez ere, koordinazioa, oreka eta malgutasuna lantzen ditu. Frogatuta dago kirol hori praktikatzeak gure organismoko muskulu-talde guztiak lantzen laguntzen duela. Eta hezurrak gehiago haztea eta artikulazioak sendotzea ahalbidetzen du, eta aldi berean, gorputzaren erresistentzia ematen die, neke posiblearen aurrean. Gainera, judoak sentsazio- eta pertzepzio-sorta itzela eskaintzen dizkie haurrei, eta horrek haien egokitzapena hobetzen du. Era berean, kidearekin sortzen den harremanaren bitartez, hura errespetatzen, harengan fidatzen ikasten da, hala nola egokitzen, elkarlanean aritzen, amore ematen eta eusten, beren ekintzen erantzukizuna hartzen eta aurkakoaren lekuan jartzen. Hortik sentsazio-mukuru hori.

Gazteenek, judoa praktikatzean, ukitze fisikoarekiko beldurra galtzen dute, beren gorputza ezagutzen dute, eta haien gorputz-gaitasunek gora egiten dute. Hau da, gorputza darabilte adierazpide, mugimenezko behar instintiboa gogobetetzen du, konfiantza hartzen dute berengan, antsietatea murrizten dute entrenamenduaren bidez, arauetara egokitzen dira, kontzentrazioak gora egiten du, sormena pizten dute, tolerantzia eta frustrazioa hobetzen dute, esfortzua baliotzat hartzen dute eta autokontrola handitzen dute. Horregatik guztiagatik, judoa, ikuspegi psikiko batetik, sekulako eskola da arretarako, kontzentraziorako eta gogoetarako; norberarekiko aipatutako errespetua lantzen da, eta hedaduraz, besteekikoa. Psikikoki, jarduera ezin hobea da pertsona lotsatienentzat, harreman estua baitakar berekin, eta ausartenentzat, ihesbide oso garrantzitsua baita.

Atal honetatik, nabarmendu behar dugu judoa praktikatzea egokia dela diren bezalakoak onartzeko ezintasunak eragindako gatazka emozionalak dituzten pertsona horientzat. Judoak ez du bakarrik norberarengan konfiantza handitzen, segurtasun handiagoa eta umore hobea izaten ere laguntzen du. Giza adierazpenari laguntzen dio, eta horregatik, beren barneko sentimenduak kanporatzeko arazoak izan dituztenek, judoan, goian aipatutako ihesbidea aurki dezakete, eta judoaren bitartez beren emozioak modu konstruktiboan proiekta ditzakete; gainera, ukitze fisikoak ere onurak dakartza, berebizikoa barnekoienentzat eta lotsatienentzat. Judoak autokontrola eta kontzentrazioa irakasten ditu, pertsona bat modu egonkorrean gara dadin oso garrantzitsuak diren bi bertute. Kirol horren teknikak bere eginez, praktikatzen duenak malguago izaten ikasten du, eta aldi berean, egoera zailetan bere burua kontrolatzeko gaitasuna lortzen du. Judoak gaitasun psikomotorra optimizatzen du. Bere gorputzaren gaitasunen jabe dena oreka bat izateko gai da, ez bakarrik maila fisikoan, baizik eta maila espiritualean eta mentalean ere. Hori aparteko eragingarria da nork bere buruarengan konfiantza hobetzeko. Gainera, judoan, lurrera erortzen ohitzen da. Kirol horretan, jardueraren izaeragatik, erorketak etengabeak dira, eta beraz, haurrek modu egokian nola erori ikasten dute; horrek ustekabeko lesio asko saihesten lagunduko die, bai orainean bai etorkizunean. Borroka-arteak, adibidez judoa, diziplina eta laguntasuna oso presente duten kirolak dira, eta pertsona bakoitza hobetzen laguntzen dute.

Lotutako berriak