consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2022ko ekaina

Enpresa batek erabil al ditzake bideozaintzako kamerek grabatutako irudiak diziplinazko kaleratze batean froga baliagarri gisa?

Kontsulta hori ebazteko, Auzitegi Gorenak 2022ko martxoaren 30ean eman berri duen epaian horri buruz ezarritako irizpidea hartu behar dugu abiapuntutzat. Epai horretan, doktrina finkatu eta bidezkotzat jo zuen bideozaintzari dagokion froga kaleratze bat justifikatzeko.

Epai horretan, Barajasko aireportuan lehen mailako saltzaile gisa lan egiten duen langile baten kasua aztertzen da. 2018an kaleratu zuten, lantokian lapurretak egiteagatik, zortzi grabaziotan egiaztatutakoaren arabera.

Grabazio horiek enpresak lapurretak murrizten eta saihesten saiatzeko eta txikizkako merkataritzan ezagutzen ez diren galeren arazoari aurre hartzeko instalatutako kontrol sistemaren bidez hartu ziren.

Zaintza sistema horren bitartez hainbat kamera jarri ziren zentroen barruan eta kobratzeko makinen gainean.

Langileak bazekien bideozaintzako sistema hori jarrita zegoela (kamerak kartel itsasgarriekin seinaleztatuta zeuden, eta, horri esker, esparrura sartzen ziren pertsona guztiek, bai bezeroek, bai langileek, bazuten horren berri; gainera, langileen ordezkariei ere horren berri eman zitzaien), baina ez zen jakinarazi sistema horren helburua, esparrurako sarbidearen segurtasuna ez ezik, lan jardueraren kontrola ere bazenik.

Kontakizun faktiko horretan oinarrituta, Gorenak adierazten duen bezala, beharrezkoa da gatazkan dauden eskubide eta ondasun konstituzionalak haztatzea; langilearen datuak babesteko eskubidea eta enpresako zuzendaritzaren boterea. Horretarako, Auzitegi Gorenak 1999ko DBLO interpretatzeko doktrina konstituzionalera eta jurisprudentziaren doktrinara jotzen du. Doktrina horren arabera, bideozaintzaren bidezko langilearen datu pertsonalen tratamenduak ez zuen arau horren 6. artikuluaren onespenik behar (berariazko onespena), lan harremana betetzen dela kontrolatzera bideratutako neurria baitzen, eta, beraz, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluaren arabera, arau horren 5. artikuluko informazioa emateko betebeharra baino ez zen beharrezkoa.

Bestalde, kontuan hartu behar da enpresaburuari dagokiola “kaleratze gutunean egotzitako egitateak justifikatzeko egitate horiek egiazkoak direla frogatzea”; beraz, enpresaburuak defentsarako egokitzat jotzen dituen frogabideak erabiltzeko eskubidea du (Espainiako Konstituzioaren 24.2 artikulua), eta Auzitegi Gorenak adierazi zuen, kamera horien instalazioari dagokionez, neurri JUSTIFIKATUA zela, segurtasun arrazoiek, zentzu zabalean, jardueraren kontrola hartzen zutelako; EGOKIA zela helburu horiek lortzeko (arau hausleak aurkitu ahal izateko eta haien jokabideak zigortzeko); NAHITAEZKOA zela, helburu hori lortzeko ez baitago intrusio txikiagoko beste biderik, eta orobat PROPORTZIONATUA zela helburu horiek betetzeko.

Hori guztia oinarri hartuta, eta laburpen gisa, Auzitegi Gorenak berretsi du zaintzako kamerek grabatutakoa erreproduzitu izana neurri justifikatua, egokia, beharrezkoa eta proportzionatua dela froga lortzeko helburuarekin, eta, beraz, proportzionaltasun eskakizunak betetzen dituela. Ondorioztatzen du, bere ustez, neurri horrek justifikatzen duela oinarrizko eskubideak mugatzea eta enplegatzaileak ez duela langilearen berariazko baimenik behar segurtasun helburuarekin eta lan harremana betetzen dela kontrolatzeko enpresan instalatutako kameren bidez lortutako irudiak tratatzeko, eta langileari horren berri ematea baino ez dela beharrezkoa.

Auzitegi Gorenak dagoeneko finkatuta duen doktrina hori kontuan hartuta, era honetara ebatzi dezakegu kontsulta: zilegi da kaleratze batean bideozaintzako kamerek grabatutako irudiak baliozko froga gisa erabiltzea, baldin eta horien helburua lan harremana betetzen dela kontrolatzea bada, neurri justifikatutzat, egokitzat, beharrezkotzat eta proportzionaltzat jotzen delako.

María José Marcilla


Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia

Lotutako berriak