2019ko LANBIDE ARTEKO GUTXIENEKO SOLDATA GEHITZEKO, KONTUAN HARTU BEHAR AL DIRA LANGILEAK URTEAN JASOTZEN DITUEN SOLDATA-OSAGARRIAK?

Kontsulta horrek 1462/2018 Errege Dekretuaren 1., 2., eta 3. artikuluak aztertzera garamatza, nahitaez. Hau da artikulu horiek diotena:
“1. artikulua. Lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa.
Nekazaritzan, industrian eta zerbitzuetan jardueraren bat gauzatzeagatiko gutxieneko soldata, langileen sexu edota adina edozein dela, egunean 30 eurokoa eta hilean 900 eurokoa izango da, soldata eguneko edo hileko finkatuta dagoen aintzat hartuta.
Gutxieneko soldatan dirutan kobratzen dena soilik hartzen da kontuan; gauzaz ordaintzen den kasuetan, beraz, ezin izango da kopuru hori baino murritzagoa dirutan ordaindu.
Soldata hori jarduera bakoitzaren legezko lanaldiari dagokiona da, igande eta jaiegunetako parte proportzionala barne hartu gabe, eguneko soldataren kasuan. Lanaldia murriztuz gero, soldata ere hainbestean murriztuko da.
Gutxieneko soldataren urteko kopurua aplikatzeko, kontuan hartu beharko dira konpentsazioari buruz hurrengo artikuluek ezartzen dituzten arauak.
2. artikulua. Soldata-osagarriak.
1. artikuluan esleitutako gutxieneko soldatari, bertan jasotakoa eredu hartuta, kasurako, eta hitzarmen kolektiboek eta lan-kontratuek ezartzen dutenaren arabera, gehituko zaizkio urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginak 26.3. artikuluan aipatzen dituen soldata-osagarriak, bai eta soldata horren gainean bermaturiko gehikuntzari dagokion zenbatekoa ere, prima edo ekoizpenerako pizgarri gisako ordainsari modura.
3. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.
Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 27.1. artikuluaren azken paragrafoak dioena aplikatze aldera, lanbide arteko gutxieneko soldataren gehikuntza dela-eta, soldata profesionalen urteko kopuruko konpentsazioari eta xurgapenari dagokionez, honela jokatuko da:
1. Errege-dekretu honetan ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren berrikuspenak ez du eraginik izango langile horiek jasotako soldata profesionalen egituran, ez eta zenbatekoan ere, soldata horiek osotara eta urteko kopuruan hartuta gutxieneko soldata hori gainditzen badute.
Horretarako, konparaziorako aintzat hartuko den urteko kopuruko gutxieneko soldata izango da errege-dekretu honetan finkatutako soldata gehi 2. artikuluan aipatutako sortzapenak. Dena dela, urteko zenbatekoa inoiz ez da izango 12.600 eurotik beherakoa.
2. Jasotako kopuru horiek konpentsatu ahal izango dira, errege-dekretu hau atera den egunean indarrean dauden legezko edo konbentziozko arauak, arbitraje-laudoak eta lan-kontratu indibidualak betez, langileek urteko kopuruan eta lanaldi osoan kontzeptu guztiengatik jaso dituzten sarrerekin.
3. Errege-dekretu hau atera den egunean indarrean dauden legezko edo konbentziozko arauak eta arbitraje-laudoak bere horretan mantenduko dira, eta artikulu honetako 1. paragrafoa
aplikatzetik ondorioztatzen den urteko kopuruan jasoko dena bermatzeko beharrezkoa denean baino ez da aldatuko; beraz, aipatutako urteko zenbateko osotik beherako profesionalen soldatak behar bestean gehituko dira, zenbateko hori parekatu arte”.
Aztertu diren arauek bereiztu egiten dituzte: lanbide arteko gutxieneko soldata, langile guztiei aplikatzeko modukoa dena (1. art.); soldata profesionala, kontzeptu guztiengatik langileek urteko jasotzen duten zenbateko erreala; eta gutxieneko soldata urteko zenbatekoan, alderatzeko termino gisa hartuko dena (2. eta 3.1. artikuluak, bigarren paragrafoa).
Egindako kontsultari dagokionez, 1463/2018 Errege Dekretuaren 1., 2. eta 3. artikuluen azterketa dakar ezinbestea; halaber, Langileen Estatutuak 27. artikuluan jasotzen duenaren arabera, gogorarazi behar da 2019ko maiatzaren 24an Auzitegi Nazionalaren Lan-arloko Salak Epaia eman zuen, irmoa ez dena, Gatazka Kolektibo baten ondorioz. Bertan erreklamatzen denez, prima jasotzen duten langileen eskubidea da euren soldatak hilean 900 euro barne hartzea, 14 ordainketatan gehi hitzarmenean jasotako soldata-osagarriak eta ekoizpen-primak, baita kontzeptu horiek guztiek urtean 12.600 euro gainditzen dituztenean ere.
Epaiak eskabide hori gaitzetsi du, “Erregelamenduan jasota dauden konpentsazio eta xurgapen arauek ezin dutelako gainditu lege-agindua; hau da, Langileen Estatutuaren 27.1. in fine artikuluak jasotzen duena: lanbide arteko gutxieneko soldataren berrikuspenak ez du eraginik izango soldata profesionalen egituran eta zenbatekoan, azken horiek guztiek, urteko zenbatekoan, aurrekoa gainditzen dutenean.”
Auzitegi Nazionalaren iritziz, “argi dago konpentsazio eta xurgapen hori, bere osotasunean eta urteko zenbatekoan, lanbide arteko batez besteko soldatarekin (LBS) bat datorrela, hau da, urtean 12.600 euro, aurtengo datuen arabera. – Hala ez balitz, LBSren helburua gainditu, eta hustu egingo litzateke negoziazio kolektiboaren edukia, bai eta alderdien autonomia ere. – Baztertuta dago, bestalde, soldata-osagarrien konpentsazio eta xurgapenik edota ekoizpen-primarik aplikatu ezin izatea.”