
KONTSULTA: AUTONOMO KOLABORATZAILEA
KASUA: Pertsona bakarreko Sozietate Mugatu baten kide bakarraren semea bere aitaren sozietatean hasiko da lanean. Aitarekin bizi denez, sozietate kolaboratzaile gisa sartuko litzateke autonomoen erregimenean?
ERANTZUNA: Planteatutako kasuan, kontratatzen duen entitatea pertsona bakarreko merkataritza sozietate bat denez, langilearen aitak sozietatearen kontrol zuzen eta eraginkorra dauka. Hortik abiatuta, beharrezkoa da gogoraraztea Langileen Estatutuaren -LE- 1.3.e) artikuluak ezarpen eremutik salbuesten dituela familia lanak, halakoak egiten dituztenak soldatapean daudela egiaztatzen ez bada. Era berean, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren -GSLO- 12. artikuluak dioenez, “ez dira besteren konturako langiletzat joko, kontrako frogarik ez badago: ezkontidea, ondorengoak, arbasoak eta enpresariaren gainerako senideak, odolkidetasunagatik edo bigarren mailara arteko afinitateagatik, hori barne, eta, hala badagokio, adopzioagatik, euren lan zentroan edo zentroetan okupatuta badaude, bere etxean bizi eta haren kargupean daudenean”.
Beraz, bi dira besterentzako lan harreman bat ez dela uste izateko exijitzen diren irizpideak:
- Zerbitzua ezkontideen, ondorengoen, arbasoen eta gainerako senideen artean ematea, odolkidetasunagatik, afinitateagatik edo adopzioagatik, bigarren mailara arte, hori barne. Irizpide hau kasu honetan zalantzarik gabe ematen da; izan ere, lehen mailako odolkidetasun harremana existitzen da, eta kontratatzaileak sozietatearen kontrol zuzena eta eraginkorra dauka.
- Kontratatutako senidea enpresariarekin bizitzea. Hau ere ematen da.
Kontratatzen duen autonomoak bere jarduera besterentzako egiten duenez Merkataritza Sozietate baten bidez, ezin du Langile Autonomoaren Estatutuaren -LETA- 20/2007 Legearen 10. xedapen gehigarrian ezarritako aukera baliatu, 30 urtetik beherako seme-alabak besteren kontura kontratatzeko aukera ematen duen ezarpen hori banakako autonomoentzat bakarrik ezartzen baita, ez sozietarioentzat.
Hamargarren xedapen gehigarria. Langile autonomoaren seme-alabak Gizarte Segurantzan sartzea.
Langile autonomoek kontratatu ahalko dituzte, besteren konturako bezala, beraiekin bizi diren 30 urtetik beherako seme-alabak. Kasu honetan, kontratatutako senideei emandako babes ekintzaren eremuari dagokionez, langabeziagatiko estaldura salbuetsita egongo da.
Tratamendu bera emango zaie 30 urtetik gorakoak diren eta lanean sartzeko zailtasun bereziak dituzten seme-alabei. Ondorio horietarako, zailtasun berezi horiek daudela uste izango da langilea ondorengo taldeetako batean sartzen denean:
a) Garuneko paralisia duten pertsonak, buru-gaixotasuna dutenak edo desgaitasun intelektuala dutenak, aitortutako desgaitasun gradua ehuneko 33 edo handiagoa dutenak.
b) Desgaitasun fisiko edo sentsoriala duten pertsonak, aitortutako desgaitasun gradua ehuneko 33 edo handiagoa eta ehuneko 65 baino txikiagoa dutenak, Gizarte Segurantzako sisteman egiten duten alta lehenengoa bada, betiere.
c) Desgaitasun fisiko edo sentsoriala duten pertsonak, aitortutako desgaitasun maila ehuneko 65 edo altuagoa denean.
Beraz, zerbitzuak emateko harremana da, besteren konturako lan kontratu baten bidez artikulatu ezin dena, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanez bideratzeko aukerarik ez duena.
Horrek behartzen du langileak bere aitaren Pertsona bakarreko Sozietatearen zerbitzuak autonomo kolaboratzailearen irudiaren bidez ematera, GSLOren 305.2.k) artikuluaren arabera. Langile Autonomoen Erregimen Berezian senide kolaboratzaile bezala alta emateko izapidea oso sinplea da. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrean TA0521/2 eredua aurkeztu behar da bakarrik (Autonomoen erregimen berezirako alta eskaria – ustiategiaren titularraren senide kolaboratzailea), Familia Liburua, NANa eta Sozietatearen Ogasuneko altaren eta RETAn sozietatearen titularraren autonomo sozietario gisa alta emanda egotearen agiriaren kopiarekin batera.
Autonomo kolaboratzaileek euren “enplegatzailearekin” duten harremana nahiko berezia da, langile autonomoaren/besteren konturakoaren arteko irudi mistoa baita. Horren ondorioz, euren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak ez dira ohiko autonomo baten berdinak, eta, aldi berean, kontratatzen duen “autonomoarenak” ere ezberdinak dira, ohiko autonomoen zerbitzuak kontratatzen dituztenekin alderatuta.
Ez denez besteren konturako lan kontratu bat, ez dago lan harremanak ezartzeko kontratu ofizialaren eredu bat. Hala ere, negozioaren titularrak autonomo kolaboratzaileari soldata bat ordaintzeko eta soldata-orri bat entregatzeko betebeharra dauka, non bere kategoria profesionala zehazten den hitzarmen kolektiboaren edo kontratatzen duen merkataritza sozietatean ezar daitekeen erabakiaren arabera. Hasiera batean, soldata-orriak harremana egiaztatzeko balio beharko luke, baina harreman hori dokumentatzeko nahikoa da “autonomo kolaboratzaile” erako kontratu bat izatea. Bertan, ezar daitekeen hitzarmen kolektiboa edo erabakia, esleitutako talde edo kategoria profesionala, ordainsaria eta lanaldia zehaztuko lirateke. Kontratu horren frogagarritasuna notario eskrituraren bidez edo Lanbideren zigilu baten bidez egin daiteke (hala ere, erakunde horrek ez du onartuko erregistratu ezin daitekeen kontratua delako).
Gogorarazi beharra dago negozioaren titularraren ardura dela:
- Besteren kontura lan egiten duten beste langileekiko dituen betebehar berdinak betetzea (soldata, lanaldia, lan arriskuen prebentzioa, oporrak, etab.).
- Autonomo kolaboratzailearen Gizarte Segurantzako kotizazioak subsidiarioki ordaintzea, hau da, kotizazioa ordaintzearen lehendabiziko arduraduna autonomo kolaboratzailea da, baina azken kasuan autonomo titularrari eskatu ahal zaio erantzukizuna. Gainera, autonomo kolaboratzailearen kuotaren ordainketa autonomo titularraren kontuan helbideratu daiteke.
- Haren soldata ordaintzea eta dagokion soldata-orria ematea, haren kategoria profesionalaren eta ezar daitekeen hitzarmenaren edo erabakiaren arabera. PFEZren atxikipenak agertu beharko dira, eta titularrak kolaboratzailearen RETA kuotak bere gain hartzen baditu, soldata-orrian gauzaz ordainduta bezala agertu beharko dira.
- Partida hauek bere negozioaren gastu kengarri bezala zenbatzea, bere zerga aitorpen propioetan, errendimenduaren kalkuluaren ondorioetarako.
Iñaki Esnal
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
