Alargun batek kausatzailearen ezkontidearekin alarguntasun-pentsio bat partekatzen duen kasuetan, ba al dago onura ekonomikorik lehen alargunarentzat, bigarrena hil ondoren?
Kontsulta horri erantzuteko, Auzitegi Gorenak 2022ko otsailaren 9ko Epaian (Auzitegi Gorenaren 544/2022 Epaia) berriki ebatzi duen egitatezko kasu zehatz bat aztertuko dugu. Horretan, alarguntasun-pentsioaren arauketaren bilakaera berrikusteaz gain, honako hau adierazten da: alargunak alarguntasun-prestaziorako eskubide osoa du, eta eskubide hori beste onuradun bat egoteak soilik murrizten du; hortaz, logikoa da pentsatzea azken hori desagertzeak eskubide hori bere osotasunean aktibatuko duela berriz (baina ez handitu).
Egitatezko kasua:
Y jauna X andrearekin ezkondu zen 1973an, eta harengandik dibortziatu zen 1986an (13 urte ezkonduta). Hiru urte geroago, 1989an, Y jauna Z andrearekin ezkondu zen, eta 7 urte geroago Y jauna hil egin zen.
Bi ezkontza-harremanen iraupena kontuan hartuta, eta indarrean dagoen araudia aplikatuz, honela ezartzen da alargun-pentsioaren banaketa: % 30,27 izango da Z alargunarentzat, % 69,73 X andrearentzat, azken horrek ezkontza-harreman luzeagoa izan baitzuen Y jaunarekin.
2017an, X andrea hil zen eta, orduan, Z andreak bere pentsio osoa aitor ziezaioten eskatzea erabaki zuen, berekin prestazioa partekatzen zuen pertsona desagertu ondoren berari osorik zegokiola ulertzen zuelako.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezezkoa eman zion Z andrearen eskaerari, pentsioa handitzea beste kasu batzuetarako soilik jasota dagoela ulertzen duelako, esaterako, zurztasunerako, ez alarguntzarako.
Demanda aurkeztu ondoren, Lan Arloko Epaitegiak onartu zuen, eta Z andreari pentsio osoa jasotzeko eskubidea aitortu zion, zehazki, % 52ko pentsioa data horretan. Adierazi zuenez, ezkontide alargunari pentsio osoa dagokio, eta pentsio hori beste pertsona batek hura kobratzeko eskubide proportzionala badu soilik txikiagotzen da. Horiek horrela, ez bazaio eskubide hori aitortzen, lehen ezkontideak jasotzen zuen pentsioaren zati bat ez litzateke ordainduko, eta horrek Erakunde Kudeatzailea bidegabeki aberastea ekarriko luke. Erregutze-errekurtsoa egin ondoren, Lan Arloko Salak atzera bota du instantziako epaia, uste baitu ez dagoela berariazko araudi edo jurisprudentziarik alarguntza-pentsioa handitzea ahalbidetzen duenik, zurztasun-pentsioarekin eta beste batzuekin gertatzen denaren aldean.
Oinarri hartuta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 174.2 artikuluak ezartzen duena, zeinaren arabera alarguna pentsio oso baten titularra den eta beste onuradun bat ere badagoenean soilik murriztuko den haren zenbatekoa, kontua da argitzea ea, beste onuradunen bat ez egonez gero, alargunak jasoko lukeen pentsioa berriz aktibatzen den bigarren pertsona horren eskubidea desagertzen denean.
Auzitegi Gorenak, kontuan hartuta ez dagoela egitatezko kasu zehatz hori konpontzeko arauketa espezifikorik, ondorioztatu du instantzian emandako irtenbide horrek ez dakarrela pentsio baten zenbatekoa bere zenbatekoaren gainetik handitzea; aldiz, partekatu beharko ez balitz pentsio horri legez legokiokeen zenbatekoa berreskuratzea dakar.
Beraz, pentsioa ez da benetan handitzen; izan ere, halako zerbait gertatzeko, pentsioaren onuradunaren eskubidea handituko litzateke, jatorriz dagokionaren aldean. Alabaina, kasu honetan, eskubidea bere jatorrizko hedadurara itzultzen da; hau da, legegileak pentsioa inorekin partekatu behar ez den kasuetarako ezarritako zenbatekoa berreskuratzen du alargunak.
María José Marcilla
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
