Mutualiak AFAEk (Acción Familiar Euskadi) ematen duen Euskadiko Familia Saria 2018 eskuratu du “bere langileen kontziliazioarekin betetako konpromiso zabalari esker”. Miren Fernández-ek, Mutualiako Pertsonen Garapenerako zuzendariak jaso zuen saria atzo, hilak 30, Bilboko Azkuna Zentroak hartu zuen galaren baitan. Euskadiko Familia Sariek familiaren mesederako ekintza edo proiektuak garatzen dituzten enpresa, erakunde edota pertsonak saritzea dute helburu, betiere Euskadi aurreratu, solidario eta eraldatzaile baten ikuspegi berritzailearekin egiten badira.
Aurtengo edizioan pertsona, lana eta familiaren arteko berrikuntza baloreak kontziliazioaren alorrean izan dira ardatz epaimahaiarentzat, “egungo gizartearen erronka nagusietakoa“.
Miren Fernándezen hitzetan, enpresek gizartearen eraldaketan ere badute ardura, eta horretarako “familia eta lana uztartzeko neurri berritzaileak abian jarri behar ditugu gure pertsonen beharrei erantzuna emateko”. Mutualiako Pertsonen Garapenerako zuzendariak aipatu legez, erantzukizuna “Mutualiaren baloreetan dago, eta gure ardura partekatutik gure langileen alderdi pertsonal eta familiarra garatzeko aukerak ahalbidetzen ditugu, azken batean, gure ingurunearen garapenerako, gizartearen garapenerako, alegia”.

