Inoiz lainoarekin gidatu behar izan baduzu, ziur naiz zuretzat ere hori dela baldintza klimatologiko txarrenetako bat, nabarmen murrizten baitu ikusteko gaitasuna.
Esperientzia oso arriskutsua izan daiteke; zoritxarrez, halaxe egiaztatu dugu duela gutxi A-4an izandako istripu tragikoan, zeinean hiru lagun hil baitziren. Hildakoak, Sevilla CF taldearen jarraitzaileak, Madrilerako bidean ziren, taldearen partida bat ikusteko. Gogora dezagun, halaber, 1991ko abenduaren 6ko zorigaiztoko data; orduan gertatu baitzen Euskadin inoiz izandako istripurik larriena (17 hildako), A-8an, Zornotza parean.
Gainera, neguan maizago gertatzen bada ere, urteko edozein sasoitan aurki dezakegu.
Zergatik da hain arriskutsua lainoarekin gidatzea? Erantzuna begien bistakoa da. Ikuspena (gidatzean erabiltzen den zentzumen nagusia) izugarri murrizten da, eta horrek zaildu egiten du errepidean dauden beste ibilgailu batzuk, trafiko-seinaleak eta edozein oztopo-mota ikustea.
Baldintza horietan seguru gidatzeko, hona hemen aholku batzuk:
1. Moteldu abiadura: Lainoak ikuspena murrizten du, eta horregatik gidatu behar da ohikoa baino mantsoago. Horri esker, denbora gehiago izango duzu edozein ezustekoren aurrean erreakzionatzeko.
2. Piztu argi egokiak: Ondo ikusteko, erabili argi laburrak edo gurutzatze-argiak eta, halakorik izanez gero, baita aurreko laino-argiak ere. Baldintzak bereziki txarrak badira, atzeko laino-argia erabili behar dugu nahitaez, askoz ere lehenago ikus gaitzaten. Argi horiek zure ikuspena hobetzen dute eta gainerako gidariei zu ikusten laguntzen diete. Ez erabili, ordea, errepide-argiak edo argi luzeak, lainoa islatzea eta zure ikusmena are gehiago murriztea eragin baitezakete.
3. Utzi distantzia seguru bat: Areagotu zure ibilgailuaren eta aurrekoaren arteko distantzia. Gogoratu lainoak zaildu egin dezakeela gainerako ibilgailuen argiak ikustea; beraz, denbora nahikoa izan behar duzu erreakzionatzeko eta, behar izanez gero, gelditzeko.
4. Erabili haizetako-garbigailua eta lurrunaren kontrako gailua: Lainoak ibilgailuaren kristalak lurruntzea ere eragin dezake. Eduki haizetako-garbigailuak egoera onean beti, eta haizetakoa kondentsaziorik gabe.
5. Egon adi trafiko-seinaleei eta abiadura-mugei: Gerta liteke, lainoa dela eta, zirkulazio-seinale batzuk ez ikustea. Beraz, gainerako gidarien jarraibideei adi egon behar duzu, eta zure abiadura egokitu, gomendatutako mugen arabera.
6.Erabili bide-marrak gida gisa: Laino itxia badago, erabili bide-marrak orientatzeko. Gida baliotsua izan daitezke errei egokitik ez ateratzeko.
7. Entzun inguruan gertatzen denari:Batzuetan, ikuspena oso txikia denean, leihoak pixka bat jaistea eta trafikoa entzutea lagungarria izan daiteke; batez ere, bidegurutzeetan.
8. Ez aurreratu beste ibilgailurik: Lainoak ikuspena zailtzen du, eta, beraz, aurreratzeko maniobrak egitea oso arriskutsua izan daiteke. Itxaron egoera hobetu arte, beste ibilgailu batzuk aurreratzen saiatu aurretik.
9. Egon lasai: Lainoa dagoenean gidatzea estresagarria izan daiteke, baina garrantzitsua da lasai egotea eta errepidean kontzentratzea. Saihestu distrazioak, hala nola telefono mugikorra erabiltzea edo irratia doitzea, kondizio horietan gidatzen duzun bitartean.
10. Lainoa itxiegia dela sentitzen baduzu, eta ez bazara seguru sentitzen edo nekatuta bazaude, bilatu leku seguru bat gelditzeko (atsedenlekuak, zerbitzuguneak, gasolindegiak, etab.), harik eta egoera hobetzen den arte, eta saiatu, ahal den neurrian, bazterbideetan ez geratzen.
Lainoarekin gidatzea zaila da, eta arreta, pazientzia eta prestakuntza eskatzen du. Emandako aholkuei jarraituz gero, nabarmen handitu dezakezu zure eta besteen segurtasuna errepidean. Gogoratu garrantzitsuena zure helmugara modu seguruan iristea dela, horrek zertxobait gehiago berandutzea eskatzen badu ere.
