Itzuli

Laneko arriskuen prebentzioa, genero-ikuspegia aintzat hartuta

Maiatzaren 12an, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko VII. Gipuzkoa Foroa egin zen, Adegik antolatuta eta laneko arriskuen prebentzioa eta genero-ikuspegia gaitzat hartuta. Mutualia ere han izan zen, beste zenbait enpresaren artean, gai horretan duen esperientziaren berri ematen.

Prebentzioaren eta genero-ikuspegiaren gaia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da denborarekin prebentzioaren arloan. Horren jakitun, Mutualiak parte hartu nahi izan zuen Adegik antolatutako «Laneko arriskuen prebentzioa. Genero-ikuspegia» foroan.

 

Foroa maiatzaren 12an egin zen. Lehen partea erakundeei buruzkoa izan zen, eta bigarrena enpresen esperientzia praktikoen ingurukoa. Erakundeei buruzko partean, Euskadiko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako zuzendariordeak, Ricardo Minguezek, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko berdintasun-arloko teknikari taldearen arduradunak, Begoña Lasak, parte hartu zuten.

 

Bigarren partean, hiru enpresak parte hartu zuten, laneko arriskuen prebentzioa genero-ikuspegitik lantzen izan dituzten esperientzia praktikoak azaltzeko: Mutualia, FYM Cementos Rezola eta Askora.

 

Mutualiak bere emakumezko langileen haurdunaldi eta edoskitzaroan arriskuen prebentzio-prozesuan duen esperientzia azaltzeko, Edurne Villalbak hartu zuen hitza, Mutualiako Prebentzio Zerbitzu Propioko teknikariak. Bere hitzaldian, honako hauek nabarmendu zituen gure lankideak:

 

a Prebentzio-teknikariek zailtasunak izaten dituzte haurdun dagoen langilearengan eragin kaltegarria izan dezaketen faktoreen arriskuak ebaluatzeko; izan ere, langile orokorrekin gertatzen ez den bezala, haurdun dauden langileen kasuan zailagoa izaten da erreferentzia-mailak aurkitzea arrisku-egoeraren eta arrisku-egoera ez denaren arteko lerroa seinalatzeko.

 

Hori dela eta, prestigio handiko zenbait erakundek (INSHT, AEEMT, ANMTAS eta abar) eginiko gidak oso erabilgarriak suertatu ohi dira prozesuari ekiteko garaian.

 

a Oso garrantzitsua da haurdun dauden langileentzako arriskuen ebaluazio OROKOR bat egitea, ahalik eta xeheena, lanpostu guztiak (lanpostu horietan emakumeak egon zein ez) eta egitekoak banan-banan aztertuz, arriskugarriak gerta litezkeen egitekoak argi eta garbi identifikatu ahal izateko, halako moduz non egokitze-jarduketak zehatzak izan daitezen eta eginkizun horiek ezeztatzera edo mugatzera bidera daitezen.

 

a Oso garrantzitsua da, gainera, BANAKAKO EBALUAZIO bat egitea, jakinarazten den kasu bakoitzeko. Ildo horretan, Mutualian, behin langileak bere haurdunaldiaren berri eman duenean, diziplina anitzeko talde batek aztertzen du berariaz haren kasua. Honako hauek osatzen dute taldea: langilearen arduradunak, Giza Baliabideak, gaian aditua den Mutualiako mediku batek eta Prebentzio Zerbitzu Propioak.  Fase hau ezin garrantzitsuagoa da. Izan ere, lanpostuko eginkizun bakoitzaren analisiaren eta langilearen inguruabar pertsonalen arabera, lanpostu zehatz horretarako beharrezkoak diren egokitze-neurriak ezartzen dira. Esate baterako, eginkizun zehatz batzuk burutzeko mugak edo debekua ezarriko dira, arloko gainontzeko langileen laguntza bermatuko da, ordutegiak berrantolatuko dira, eta abar.

 

Egokitzea nahikoa ez den kasuetan, edo haurdunaldi osoan zehar bermatu ezin denean, lanpostua aldatzea aztertuko da. Eta, beste aukerarik ezean, kontratua eten daiteke, arriskuaren ondorioz.

 

a Haurdun dauden emakumeentzako prebentzio-ikuspegia aintzat hartu behar da erosketak egiten direnean (gai kimikoak, ekipoak eta makinak, eta abar), etorkizunean haientzat arriskutsuak gerta ez daitezen.

 

Azken ondorio gisa, ahalegin handia egin behar dute inplikatuta dauden eragileek (prebentzio-teknikariek eta enpresek) langileak modu egoki batean babesteko eta aldi berean gainbabesak ekar litzakeen arazoak (lan-diskriminazioa) ekiditeko. Horretarako, arriskuen ebaluazio xehea egin behar dute, arriskugarriak gerta litezkeen egitekoak argi eta garbi identifikatzeko eta egokitzea eginkizun horietan zentratzeko. Esperientziak egiaztatzen du bide hori posible dela.

 

Irudia: Jardunaldian zehar, Mutualiak laneko arriskuen prebentzioari eta genero-ikuspegiari buruzko bere esperientzia praktikoaren berri eman zuen.

 

Prebentzio Saila eta Prebentzio Zerbitzu Propioa

Lotutako berriak