
Eduardo Lázaro Enpresa Zientzietako doktore, psikologo-coach eta LAPeko goi-mailako teknikaria elkarrizketatu dugu. Datorren urriaren 3an «Laneko arriskuen prebentzioa lidergoaren bidez integratzea» jardunaldian parte hartuko du.
Errealitate aldakor eta diziplina anitzeko batean bizi gara. Globalizazioak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek lidergo-estiloa errealitate berri horretara egokitzera behartzen gaituzte. Coachingari esker, etengabeko aldaketa eta «krisia» aukera-iturritzat hartuta, norbere gaitasunetan, norbere buruaren ezagutzan, norbere emozioen kudeaketan eta kontzientzia areagotzean oinarritutako lidergo-estilo bat ezartzeko ezagutzak eta tresnak eskuratzen ditugu. Enpresaren munduan, prestakuntzarako eta motibatzeko elementu gisa erabili izan da maiz. Beraz, LAParen ingurunera egokitzea naturala izan da.
Zer da coachinga?
Ez dago coachingaren definizio bakar bat. Hainbat egilek, nagusiki, coaching-prozesu batean garrantzitsuentzat jotzen dituzten alderdietan oinarrituz definitu dute.
Nik neuk uste dut coachinga psikologia ulertzeko eta pertsonetan eta taldeetan aplikatzeko modu bat dela. Jokabidea aldatzeko estrategia bat da edo, beste hitz batzuetan esanda, norbere buruaren ezagutza, ikaskuntza eta ekintza eskatzen dituen aldaketa-prozesu bat. Gainera, onartutzat jotzen da pertsona bakoitzak bere bizitza ezagutzen duela eta bere buruaren aldaketa berak kudeatu dezakeela ondoen. Coachak prozesua bideratzen du.
Lidergo-estilo baten modura ere bideratu daiteke. Kasu horretan, lider-coachak, komunikatzeko gaitasunen bitartez, bere laguntzaileei norbere buruaren ezagutzan sakontzen, helburu batzuk finkatzen eta errealitatea eta dauzkaten aukerak aztertzen laguntzen die, ekintza-plan bat egin eta emaitzak hobetzeko.
Coachingak LAPa integratzen lagundu dezake? Zer helburu eta onura ditu?
Jakina! Hain zuzen ere, LAPa integratzeko, coachingean erabiltzen diren baliabide asko behar dira; adibidez: norbere buruaren ezagutza, komunikazio ona, helburuak finkatzea, enpatia eta ikaskuntza. Laneko Segurtasun, Osasun eta Ongizate Institutu Nazionalak coachinga erabiltzea gomendatzen du bere jardunaldietan eta ohar teknikoetan.
Helburu orokorra enpresako maila guztietan prebentzio-kultura sortzea litzateke, betiere norberak benetan horretan sinetsita, eta onura nagusia, berriz, LAPean gehiago inplikatzea; izan ere, coachingak, jarrera- eta jokabide-ohituren aldaketaren bidez, hobekuntza iraunkorra dakar. Laneko arriskuak saihesteari eta gutxitzeari dagokienez, coachinga emaitza hobeak lortzeko erabil dezakegu, hobekuntza horrek berme metodologiko guztiak dituela.
Nola aplika dezakegu coachinga LAPean? Zer pauso eman beharko genituzke?
Ebaluazio- eta prestakuntza-prozesu indibidual eta taldekoetan aplika dezakegu. Zuzendaritzako kideen, erdi-mailako arduradunen eta prebentzioko teknikarien lidergoaren bidez ere aplika dezakegu.
Edozein proiektutan ematen diren pausoak eman behar dira, baina helburuetatik hastea eta gero errealitatea aztertzea komeni da, geure buruari mugarik ez jartzeko. Gero, ekintza-plan baten bidez esku hartu, eta emaitzak ebaluatu. Hori guztia prozesu zirkular positibo batean egin behar da. Hala, barne-komunikazioan eta pertsonen artekoan aldaketak egiten ditugu; arrakasta izateko aukerak optimizatzeko, adimen emozionala erabiltzen dugu, eta ebaluazio zabalagoa egiten dugu, 360 º-ko ikuspegi batekin.
Prebentzioko teknikariak segurtasun- eta osasun-arloan lidergoa izateko prestatuta daude?
Kasu askotan, bai. Baina ez preseski beren prestakuntza teknikoagatik. Nire ustez, lidergoaren arloko prestakuntza lantzeko dagoen gai bat da oraindik, bai enpresetako erdi-mailako arduradunei dagokienez, bai prebentzioko teknikariei dagokienez.
Coachinga moda iragankor bat da edo etorkizunak gero eta beharrezkoagoa egiten du?
Coachinga emaitza onak ematen ari den metodologia bat da. Psikologia zientifikoaren printzipioetan eta neurozientzia kognitiboan oinarritzen da. Modak iragan egiten dira, eta geratzen den horrek ekartzen ditu emaitzak. Nire ustez, ikerketa zientifikoak coachingaren tresnak hobetu ahala, coachinga etorkizunean gero beharrezkoagoa izango da.
