Itzuli

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 20 urte bete ditu.

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legeak 20 urte bete zituen azaroaren 8an. Hogei urte horien ondoren, hain zuzen ere, “arriskuen ebaluazioa”, “kanpoko prebentzio-zerbitzuak” edo “prebentzioaren integrazioa” terminoak, besteak beste, ohiko hitzak eta kontzeptuak bihurtu dira gure enpresen eguneroko jardunean .

Laneko Arriskuen Prebentzioko Legea Europako 89/391/EEE Zuzentarauaren transposizioa da, Espainiako ordenamendu juridikoaren barruan. Legeak garapen osagarri handia izan du, besteak beste, Prebentzio Zerbitzuen Arautegiaren bidez, zenbait gairi buruzko errege-dekretuen bidez (zamen eskuzko manipulazioa, norbera babesteko ekipamenduak –NBE–, etab.), eta LSHINren gida teknikoen eta ohar teknikoen bidez.

Zer ondorio ekarri du LAPLak?

Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak ematen dituen datuei begiratzen badiegu, bai lanaldian gertatzen diren eta baja eragiten duten istripuei dagokienez (ez dira sartzen in itinere istripuak), bai istripu hilgarriei dagokienez, hogei urtean izandako bilakaera egiaz positiboa izan da. Horrela, 1995. urtean –legea onartu zenean–, baja eragin zuten lanaldiko istripu jakinaraziak 6.060 izan ziren, 100.000 langileko (intzidentzia-indizea). 2014. urteko intzidentzia-indizea 3.111 izan da. Laneko istripu hilgarriei dagokienez, 1995. urtean, istripu hilgarrien intzidentzia-indizea 10.07 izan zen; 2014an, ordea, 3.42. Hala, 1995ean 996 istripu hilgarri gertatzetik, 2014an 467 izatera igaro zen.

Istripu-tasei buruzko datuez gain, halakoetan beste faktore batzuek ere izango baitzuten eragina, ziur asko –hala nola, 20 urte hauetan ondoz ondo gertatu izan diren hazkundeko eta atzerapeneko aldi ekonomikoek–, prebentzioaren inguruko jarrera-aldaketa oso garrantzitsua da. Dena dela, baditugu oraindik alderdi asko hobetzeko eta lantzeko. Esaterako, prebentzioa erabat integratzea dugu egiteko, ohitura bihurtu behar baitugu hala jardunean urteak daramatzatenentzat, nola lan-merkatura sartzen ari direnentzat; edo mikroETE deritzen enpresa txiki eta ertain guztiak prebentziora gehitu behar ditugu, berariazko tresnak eta laguntzak lortzeko lan eginez, hala nola, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak abian jarritako prevencion10 izeneko plataforma.

Lotutako berriak