
Sonia Gutiérrez García. LGko Prestazioen arduraduna
ENPRESARIEI GOGORARAZTEA LANBIDE-GERTAKARIENGATIKO BAJA-PROZESUEN GAINEKO JAKINARAZPENEN ARLOAN ZEIN BETEBEHAR DITUZTEN
Jakina denez, egun bateko baino gehiagoko laneko istripu (LI) baten ondoriozko baja medikoaren partea emateak enpresa enplegatzailea (edota langile autonomoa, hala bada) behartzen du LIren PARTEA DELTA sistemaren bidez jakinaraztera (Istripua izan duten langileen adierazpen elektronikoa).
Parte hori betetzeko epea bost egun baliodunekoa da, istripua gertatu den datatik edo baja medikoa eman den datatik hasita, 1987ko abenduaren 16ko Lan eta Gizarte Segurantzako ministro-aginduaren 3.a artikuluaren arabera. Epe hori aplikatzen da, halaber, Erakunde Kudeatzaileak edo Kolaboratzaileak LI partea enpresari (edo enpresa-ordezkariari) itzultzen dionean, akatsak zuzentzeko.
Kasu horretan, partea zuzenduta bidali beharko da bost egun balioduneko epearen barruan.
Era berean, gogora ekarri behar da laneko istripua lantokian edo laneguneko joan-etorrian gertatzen bada, eta larria edo oso larria bada, heriotzen bat badago, edo lantokian lau pertsonari edo gehiagori eragiten badie, beharrezkoa dela (DELTA sistemaren bidez istripuaren partea eman aurretik) URGENTZIAZKO JAKINARAZPEN bat bidaltzea lan-agintaritzari. Jakinarazpena bidaltzeko epea 24 ordukoa da, istripua gertatu denetik hasita. DELTAren webgunean bertan, xede horretarako aukera bat eskaintzen du menuak. Hala ere, EAEn, jakinarazpen hori telefonoz edo faxez egin behar da.
Araba: tel.: 945017034 – faxa: 945017031
Bizkaia: tel.: 944031233 – faxa: 944031212
Gipuzkoa: tel.: 943023209 – faxa: 943023221
LIk laneko baja eragiten ez badu ere, enpresak DELTA sistema baliatuko du BAJARIK ERAGIN EZ DUTEN HILEKO LANEKO ISTRIPUEN ZERRENDA bidaltzeko. Horretarako, zerrendan aipatutako hilaren ondorengo hileko lehen bost egun baliodunak izango ditu.
LI jakinarazteko epezko eta formazko falta, laneko araudien arabera, arau-hauste arina edo astuna izan daiteke (Ordena sozialeko Arau-hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren, abuztuaren 4koaren, 11.2 eta 12.3 artikuluak), istripuaren larritasuna gorabehera. Hala, 40 eta 2.045 euro arteko isunak ekar ditzake arau-hauste arinetan, edo 2.046 eta 40.986 euro artekoak, larrietan.
Ohartarazten zaituztegu probintzia batzuetan Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza izapide-epeen betearazpena egiaztatzeko jarduketak egiten ari dela, eta zehapen-proposamenak egin dituela indarreko araudia bete ez duten enpresen eta/edo langile autonomoen kasuetan.
Azkenik, gogora ekarri nahi dizuegu enpresaren betebeharretako bat dela (RD 625/2014 EDren 7.2 art.) RED SISTEMA baliatzea baja-parteak eta baja- zein alta-berrespenak jakinarazteko. Langileek aurkeztuta, enpresak dagozkion datuak bete beharko ditu, eta, jakinarazpena egiteko, gehienez hiru egun balioduneko epea izango du, langileak partea aurkezten duenetik hasita.
Betebeharra ez betetzea, hala dagokionean, arau-hauste arina izango da, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 21.4 artikuluaren arabera. Eta, gainera, erroreak eta zailtasunak eragin ditzake Gizarte Aseguruak izapidetzeko Likidazio Zuzeneko Sistema erabiltzean.

