Itzuli

Langile bat kaleratzea laneko istripuagatik aldi baterako ezintasun-egoeran zehar, azkentzeko arrazoi baliozkorik egiaztatu gabe. bidegabea da ala deuseza oinarrizko eskubideei eragiteagatik?

2016-05-03ko Auzitegi Gorenaren epaiaren analisia

Honakoa da 2016/05/30eko Auzitegi Gorenaren epaiak ebazten duen egitatezko kasua: langile batek laneko istripu bat izan zuen, eta horrek lepoko zartakoa eragin zion; hori dela eta, medikuaren baja eman zioten. 30 egun inguru iraun zuen aldi baterako ezintasunaren prozesua hasi eta 10 egunera kaleratu zuten.

Enpresak adierazi zuen arrazoia langilearen errendimendua modu jarraian txikitu zela izan zen, baina hori kontraesanean dago beste egitate batzuekin, aurretiko egunetan bere lanagatik zoriondu baitzuten. Azpimarratzekoa da data horretan bertan atal edo proiektu bereko 9tik lau kaleratu zituztela, horiek ere aldi baterako ezintasunean zeudela data horretan. Zuzendaritzak lau horiek kaleratzeko emandako arrazoia honakoa izan zen: haien ordezkapena ahalbidetzea eta zerbitzuaren produktibitatea eta jarraipena bermatzea.

Kasu horretan, zehazki, enpresak onartu zuen langilearen lan-harremana azkentzeko –langilearen egoera epaian aztertuta dago– aukeratutako formula diziplinazko kaleratzearena izan bazen ere, kaleratzeko arrazoi gisa argudiatutako kausa faltsua zela.

Hasiera batean, Bartzelonako 33. zenbakiko Lan arloko epaitegiak langilearen kaleratzea deuseztzat jo zuen, bereizkeriazko auzia izateagatik, eta Espainiako Konstituzioko 24. 1, 14 eta 15 artikuluetan oinarrituz. Enpresa langilea berriz hartzera kondenatu zuen, izapide-aldiko soldatak ordaintzera eta 10.000 euroko kalte-ordaina, kalte moralengatik.

Epai haren kontrako erregutze-errekurtsoa egin zuen langileak, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Lan arloko epaitegiaren epaia. Kaleratzea bidegabetzat jo zuen, eta enpresaburuari bi aukera eman zizkion: 5 eguneko epean langilea berriz hartzea ala 2.084 euroko kalte-ordaina.

Auzitegi Gorenak doktrina bateratzeko kasazioaren errekurtsoan, langilearen letratu-ordezkaritzak jarritako errekurtsoa gaitzetsi zuen, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiko Salaren epaia berretsi.

Lehenik, honakoa esaten da: enpresak kaleratze-gutunean idatziz jasotako kaleratzearen arrazoia faltsua zela onartu bazuen ere, Auzitegi Gorenaren doktrina errepikatzen da, gure Zuzenbide positiboan lege-iruzurragatiko edo arrazoi faltsuengatiko kaleratze deusezik ez dagoela adieraziz, langilea aldi baterako ezintasunean egonda kaleratze hutsak ez dakarrela berarekin langilearen osasunaren edo errekuperazioaren kontra zuzendutako jarduera, baizik eta zalantzan jartzen duela aldi baterako ezintasunean egonda kaleratzea norberaren duintasunarekin bereizkeriakoa den eta horren kontrako erasoa den.

Epaian adierazten da gai horren inguruan Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiak honakoa dioela, 2000/11/27ko Kontseiluaren 200/78/EE zuzentaraua, enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasunerako marko orokor bat ezartzeari buruzkoa, aplikatuz, hala nola Konstituzio Auzitegiaren Doktrina, batez ere 14. artikuluko analisia: «debekatzen ditu era guztietako bereizkeriak, jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo bestelako edozein baldintza edo egoera pertsonal edo sozial direla eta sor litezkeenak».

Konstituzio Auzitegiaren Doktrina dela, eta, gaixotasuna, zentzu generikoan, lanerako ikuspegi hertsiki funtzional batetik, ezin da, printzipioz, bereizkeriazko faktoretzat edo arrazoitzat jo, lan-kontratuaren eremuan. Giza izaerak berezkoa duen kontingentzia bat da, eta ez berariaz pertsona- edo langile-talde edo -kolektibo batena. Gainera, gaixotasunak, maiztasun ez-ohikoetan gertatzen denean, lan-kontratua mantentzea enpresarentzat errentagarria ez izatea eragin dezake; hori dela eta, enpresaburuak erasandako langilea kaleratzea erabakitzen badu, legez kanpoko jokaera bat egin dezake, ez badu frogatzen Langileen Estatutuko 52. artikuluan aurreikusitako kaleratzearen kausaren konkurrentzia; baina, ez da izango bereizkeriagatiko deuseztasun erradikal batek akastutako jardute bat.

Kasu zehatz batzuetan bakarrik, adibidez, emakume-izaerari lotutako haurdunaldiak eragindako gaixotasunetan, har daiteke gaixotasunagatiko edo medikuaren bajagatiko kaleratzea diskriminatzailetzat, baliogabetasun akatsarekin, egiatan sexu-bereizketak eragindako kaleratze-kasu zehatz bat baita, izatez emakumeei bakarrik eragin baitiezaioke, gizonekiko desabantaila-egoera batean ezarriz.

Bestalde, Konstituzio Auzitegiak adierazten du osasuna babesteko eskubidea Espainiako Konstituzioko 41.3. artikuluan onartuta dagoela, eta beraz, ez dagoela kaleratzea deusezteari buruzko legezko aginduek aipatzen dituzten Oinarrizko Eskubideen eta Askatasun Publikoen kategorian sartuta, nahiz eta Auzitegi Gorena zehatza den kaleratze-prozesu indibidual bakoitzean enpresak kontuan hartu dituen faktoreak gogoan hartu beharko direla adieraztean, eta horien arabera, dagokien ebazpena erabaki, kontuan hartuta, epaitutako kasuan, kaleratzeko kausa langilearen errendimenduan gaixotasunak eta medikuaren bajak izan duen eragin negatibo saihestezina izan dela. Kausa horrek, Litis horretan, helburuaren zilegitasun-eza eta bidegabetasuna adierazten du, baina ez haren deuseztasuna diskriminazioagatik edo oinarrizko eskubideak urratzeagatik.

Epaian aztertzen den beste kontua da gaixotasun eta desgaitasun terminoen artean juridikoki dagoen desberdintzea. Desgaitasuna epe luzerako muga bat da, bereziki min fisiko, mental edo psikikoek eragindakoa. Muga horrek hainbat oztoporekin batera, delako pertsona horri bizitza profesionalean beste langileen baldintza berberetan guztiz eta eraginkortasunez parte hartzea eragotz diezaioke. Beraz, lan-harremanen esparruan, desgaituen legezko bereizkeriaren kontrako tutoretza justifikatzen duten arrazoiek ez dute balio gaixotasunek edo minek eragindako pertsonen kasuan. Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiak gai honen inguruan duen jurisprudentzia aipatzen da, eta Auzitegi Gorenak ondorio hau ateratzen du: kasu honetan, langilea kaleratzea ez da langile desgaitu batena; beraz, alde honetatik ere, enpresaburuak onartutako kausaren faltsutasunagatiko desegokitasuna adierazi beharra dago, eta lortu nahi zen deuseztasuna baztertu.

 

Izpta. Raquel Martínez. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

Lotutako berriak