
Erronkei aurre egiteko ahalegina
Mendi-lasterketak modan daude. Proba zorrotzetako lehiak ugaritzen ari dira, eta geroz eta jende gehiago ausartzen da erronka horiei aurre egitera. Korrikalari ugari hasi dira mendi-lasterketetan azkenaldian. Lasterketa mota horrek izugarrizko gorakada izan du, bai antolatutako lehiaketen kopururi dagokionez, bai zaletu kopuruari dagokionez. Mendi-lasterketek korrikalarien zoriontasuna eta ongizatea handitzen dituzte.
Trail running deritzon lasterketen abantailetako bat muskulatura nabarmen handitzen duela da. Hankek eta oinek askoz biziago egiten dute lan mendian errepidean baino. Hankek lur motetara eta desnibeletara egokitu behar dute. Ondorioz, giharrak eta tendoiak etengabe aritu behar dira erresistentzia handitzeko. Jardueraren ondorioz, bihotzak errendimendu osoan garraiatzen du odola. Horregatik, arterietako presioa txikitzen da eta biriketako hondar-airea garbitzen da. Gainera, modalitate honek pisua kontrolatzen, begiak, eskuak eta oinak koordinatzen eta oreka hobetzen laguntzen du. Desnibel nabarmenek hankak indartzeaz gain, lasterketetako teknika hobetzen laguntzen dute; igoera eta jaitsiera, esaterako. Lurren bihurguneek eta aniztasunak erritmo aldatzea ekartzen dute, eta, horri esker, gorputzak azkarrago indarberritzeko aukera du. Atsedeneko pultsazio kopurua txikitzen du. Bidean aurkituko ditugun oztopoekin (zuloak, harriak, adarrak edota desnibelak) adi egon behar dugu.
Exijentzia maila handia denez, entrenamendu gogorra eskatzen du. Edonola ere, lesio batetik atera berri direnek ez lukete lur aldapatsuetan ibili behar, berriz ere lesionatzeko arriskua dute eta. Mendi-lasterketen ondorio atseginenetako bat naturarekin bat izateko aukera da. Mendian ibiltzeak hirian bizi ez ditugun sentsazio jakinak izango ditugu. Partaideak bakarrik egotean eta naturarekin bat egitean sekulako askatasun sentsazioa izango dute. Gainera, gisa horretako jarduerek psikologikoki estimulatzen gaituzte. Ikerketen arabera, mendiko bide luzeko lasterketek onura psikologiko ugari dituzte. Horrez gain, halako eremuetan adimenak ere bidaiatu egiten du, gure gozamenerako. Korrika ibiltzean, tentsioak arintzen dira eta konpondu gabeko auziei irtenbidea aurkitzeko gai izaten gara. Onura sozial bat ere badu, lagunak egiten laguntzen duelako. Lasterketak aukera ezin hobeak dira gure zaletasun bera duten pertsonak ezagutzeko. Lasterketetan ezagutzen ditugun pertsonak lagun bilakatzen dira elkarrekin zailtasunei aurre egitean. Hala, hurrengo probetan elkarrekin izena emango dugu. Halako pertsonak ez genituzke beste leku batzuetan ezagutuko. Bidaiatzea eta mendiak ezagutzea dira kirol hau egiteko motibazio nagusietako bat.
Gorputzerako onuragarria izan arren, esan bezala, gehiegizko konfiantza eta prestakuntza falta arriskutsuak izan daitezkeela azpimarratu beharra dago. Lasterketek esfortzu handia eskatzen dute, eta komenigarria da prestaketa egokia izatea. Mendi-lasterketak ez daude runningean hasiberriak direnentzat pentsatuta. Funtsezkoa da mendian korrika egiteko beharrezko teknikak eta zailtasunak ezagutzea, baita norberaren mugak ere. Trail lasterketa gehienek kilometro asko izan ohi dituzte, eta oso lagungarriak izaten dira erresistentzia lortu nahi dutenentzat. Sekulako akatsa da mendiko lasterketak errepideko lasterketen denboran egin daitezkeela pentsatzea: gogortasun maila eta erritmo exijentzia ezberdina dituzte.
