2019/01/31
Federación Vasca de Montaña-Euskal Mendizale Federazioa Elgetan (Gipuzkoa) sortu zen, 1924an, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Mendi Elkarteek sustatuta, Euskal-nafar Mendizaletasun Federazioa izenarekin. Denboraren joanean, interes berriak iritsi dira euskal mendizaletasunaren ingurura, eta denon eskura dago mendiko jarduera tradizionalak egiteko aukera.
Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren sail honetan, mendira igotzeak ekartzen dizkigun onuretan jarriko dugu arreta oraingoan, gorabeherarik ez sortzeko hartu behar ditugun neurriak ahaztu gabe, noski. Hasi berria dugu 2019. urtea, eta milaka eta milaka mendizale igoko dira Euskal Herriko mendietara: Gorbeia, Anboto, Oiz, Ganekogorta, Kalamua, Mugarra, Alluitz, Belatxikieta, Leungana, Udalaitz, Kolitza, Jata, Aizkorri, Aketegi, Hernio, Aratz, Oriamendi, Txindoki, Orisol, Tellamendi, Toloño, Hiru Erregeen Mahaia… Izan ere, gailur horietara igotzea, edo gailur horien inguruan mendi ibilaldiak egitea terapia ezin hobea da gorputzarentzat zein buruarentzat.
Ez da ariketa soila, inguru berdeek onurazko beste ondorio batzuk ere ekartzen dizkigute-eta. Ez da gauza bera gure hiri edo herrietako kaleetan barrena kirola egitea edo lurra zapalduz eta zuhaitzez eta gure herrialdeko paraje ederrez inguratuta ibiltzea. Baso, mendi eta bailaretan barrena ibiltzeak –batzuek korrika egiten dute– abantaila fisiko zein mentalak ditu. Hainbat kardiologoren ustez, ingurune natural batean egunero 8 kilometroko ibilaldi bat egitea psikologiak edo medikuntzak eskain dezakeena baino osasuntsuagoa da. Mendi ibilaldiak egiten ditugu gustatzen zaigulako, plazera delako, eta mesede egiten digulako; baina baita paisaia ederrez, isiltasunaz, landareen usainaz, hegaztiez eta arnasten dugun aireaz gozatzeko aukera eskaintzen digulako ere.
Hautatzen dugun eta egiten dugun ibilbide bakoitzak ongizate handia eragiten digu. Horrez gainera, mendira egiten diren irteerek murriztu egiten dituzte gure estres mailak. Izan ere, ingurune naturalean egiten den ibilaldi edo ibilbide batek –norberak bere aukeretara egokitua– gutxitu egiten ditu gure kezkak eta antsietatea. Gure pentsamenduen errutinak aldatu egiten dira, eta desagertu egiten dira estresaren arrazoiak. Natura oso onuragarria da osasun mentalarentzat, murriztu egiten baitu neke intelektuala, ezkortasuna, kezkak eta estres beldurgarria. Horrez gainera, naturarekiko konexioaren ondorioz sormena garatzen da, eta hobetu egiten da gure autoestimua.
Begien bistakoa da naturan gaudenean lasaitasuna eta pentsamendu positiboak nagusitzen zaizkigula buruan. Bestalde, 400 eta 700 kaloria bitarte erretzen dira orduko, eta ariketa aerobikoak indartu egiten du gure memoria, lotuta baitaude hankak eta garuna. Mendira egiten ditugun irteera osasuntsu horiek hobetu egiten dute kontzentratzeko dugun ahalmena, eta arindu egiten dute arreta gabeziaren ondoriozko nahasmenduaren sintomak. Mendiko terapia, irtenbide gomendagarria izateaz gainera, aukera ona da gaitzei eta aipatutako estres nahasmenduei aurre egiteko, bai eta beste erabateko lesioei aurre egiteko ere, botika baten eraginkortasun berarekin. Mendiko lurzoru irregularretan ibiltzean edo korrika egitean, zoladuran egitean ez bezala, giharrak, lotailuak eta tendoiak trebatu eta sendotzen dira, eta horrek egonkortasuna ematen die aldakei, belaunei eta orkatilei.
Gainera, lur gainean mugitzen garenean, saihestu egiten dira gainazal gogorren kontrako inpaktuak. Gorantz ibiltzeko eta korrika egiteko, eremu lauan kirola egiteko baino ahalegin handiagoa egin behar da, eta horrek hobetu egiten du sistema kardiobaskularra, eta landu eta sendotu egiten ditu koadrizepsak, zangarrak eta ipurmasailak. Arrokak, sustraiak, adarrak, errekatxoak… topatu ohi ditugu mendian, eta horiek saihesteko ahaleginean, hobetu egiten dira gure erreflexuak eta oreka. Denbora baduzue, ez galdu gure lurraldeko mendiez gozatzeko aukera. Terapia ederra da.