sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2025ko Urria

Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Salaren 2025eko uztailaren 2ko epaia (680/2025 zk., 201/2024 errekurtsoa) – Preskripzio epea eta iraungitze epea aldi baterako ezintasunen borondatezko hobekuntzen erreklamazioetan: urtebete edo bost urte? 

mazoa

Lan Zuzenbidearen eta Gizarte Segurantzaren esparruan, eztabaida jurisprudentzial garrantzitsua sortu du aldi baterako ezintasunen prestazioetan egindako borondatezko hobekuntzen erreklamazioei aplika dakiekeen preskripzio epearen auziak, Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak duela gutxi ebatzi duena aztertzen ari garen epaian, agerian utziz garrantzitsua dela preskripzioa eta iraungitzea bereiztea horrelako erreklamazioetan. Auzitegi Gorenak aztertutako kasu zehatzean, guardia medikoekin lotutako soldata-osagarriak izan dira eztabaidagai, haurdunaldiagatik aldi baterako ezintasun egoeran zen langile bat tarteko. 

Bada, esan bezala, Auzitegi Gorenak enpresentzat eta langileentzat garrantzi praktiko nabarmena duen gai bat argitu du: aldi baterako ezintasunaren prestazioaren borondatezko hobekuntzak egiteagatiko diru-erreklamazioei aplikatu beharreko preskripzio-epearena. Uztailaren 2ko 680/2025 epaian, Lan Arloko Salak ezartzen du prestazioaren zenbateko zuzena ezbaian denean, zergatik eta hasierako kalkuluan zor ziren ordainsari kontzeptu guztiak sartu ez zirelako, erreklamatzeko epea bost urtekoa dela, eta ez urtebetekoa, Gizarte Segurantzarekin lotutako eskubide bat aitortzeko akzio bat delako, ez soldata erreklamazio soil bat. 

Erabaki hori hartzea ekarri duen kasua, barneko mediku egoiliar batek Murtziako Osasun Zerbitzuaren aurka aurkeztutako demanda da. Langileak, haurdunaldiagatik aldi baterako ezintasunean zen bitartean (2019ko urtarrilaren 2tik abenduaren 30era), prestazioa hobetzeko osagarria jaso zuen. Aldiz, osagarri horretan ez zen sartu guardiak egiteagatik jaso ohi zituen ordainsarien batez besteko kopurua. Kontzeptu hori ere kalkulu oinarriaren parte izan behar zela iritzita, langileak erreklamazio bat jarri zion enplegatzaileari 2021eko martxoaren 22an, «lanerako ezintasun egoeran zen bitartean guardiak egiteagatik zegokion prestazioak hobetzeko kopuruarekin lotuta». 

Bai Lan Arloko Epaitegiak bai Murtziako Justizia Auzitegi Nagusiak, erregutze-errekurtsoa aztertzean, langilearen eskaera baztertu zuten, preskripzio-salbuespena argudiatuta. Bi auzitegiek ulertu zuten erreklamazioa lan-kontratutik eratorritako akzioetarako urtebeteko epera lotuta zegoela, soldata-aldeekin lotutako erreklamazioa zela iritzita. Zenbatekoen sortzapenetik urtebete baino gehiago igaro zenez, ondorioztatu zuten akzioa preskribatuta zegoela. 

Aldiz, Auzitegi Gorenak langilearen errekurtsoa onartu eta aurreko epaiak baliogabetu zituen, Gizarte Segurantzaren araudiaren interpretazio zehatza eskainiz egin ere. Auzitegi Goreneko Salaren arrazoibidearen gakoa Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean araututako bi figuren arteko bereizketa zuzena da: prestazioa aitortzeko eskubidea preskribatzea (53. artikulua) eta dagoeneko aitortuta dauden hilekoak jasotzeko eskubidea iraungitzea (54. artikulua). 

Auzitegi Gorenak nabarmendu zuenez, langilearen erreklamazioa ez da behar bezala eta zenbateko zuzena aintzat hartuta aitortutako prestazio bat ez ordaintzeari buruzkoa, «baizik eta eskubidearen zati bat aitortu ez izanari buruzkoa». Hau da, hasiera batetik bertatik prestazioa nola osatu zen jartzen da ezbaian, ez baitzen kontzeptu guztiak aintzat hartuta osatu: auzi-jartzailearen arabera, aintzat hartu beharreko ordainsari-kontzeptu bat (guardiak), bidegabeki utzi zen alde batera. 

Testuinguru horretan, aplikatu beharreko araua ez da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 54. artikulua, zeinak urtebeteko iraungipen-epea ezartzen baitu jada aitortutako prestazio baten hilabete-sari mugaeguneratuak jasotzeko, baizik eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 53. artikulua, hau da, preskripzioari buruzkoa. Azken artikulu horrek prestazioak aitortzeko eskubidea arautzen du, eta bost urteko preskripzio-epea ezartzen du, prestazioa eragin duen egitatetik zenbatzen hasita. Gizarte Segurantzaren prestazio baten aldi baterako ezintasunaren borondatezko hobekuntza denez ezbaian dagoena, nahiz eta hobekuntza ordaindu behar duena enpresa izan eta ez langilea, preskripzio epea ezartzeko aplikatu beharreko araubide juridikoa Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean aurreikusitakoa da. 

Azken batean, hasierako kalkuluan egindako akats batek sortutako alde bat erreklamatzen denez, eskubidea erabat aitortzeko akzio bat egikaritzen ari da, ez zor bat kobratzeko akzio soil bat. Erreklamazioa 2021ean jarri zenez, 2019ko aldi baterako ezintasun batekin lotuta, akzioa erabat indarrean zegoen ezarritako 5 urteko epearen barruan. 

Ondorioz, Auzitegi Gorenak deklaratu zuen auzi-jartzailearen eskubidea ez zegoela preskribatuta, auzialdi- eta erregutze-epaiak baliogabetu zituen eta jarduketak jatorrizko epaitegira itzultzeko agindu zuen, irizpide-askatasun osoz gaiaren funtsari buruzko ebazpena eman zezan. 

Garrantzitsua da azpimarratzea Auzitegi Nagusiak berak epaian gogorarazten duela Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 53. artikuluan jasotako muga garrantzitsu bat: aztertutakoa bezalako aitorpenen ondorio ekonomikoak eskaera egin aurreko hiru hilabeteetara atzeratzen dira, gehienez ere. 

Laburbilduz, aipatutako epaiak garrantzi handiko doktrina bat finkatzen du: aldi baterako ezintasunen borondatezko hobekuntzak Gizarte Segurantzaren prestazioak dira, eta langileek bost urteko epea dute kalkuluan hautemandako aldeak erreklamatzeko, baldin eta uste badute oinarri arautzailea ez zela behar bezala osatu. Horrenbestez, epaia ikusita, enpresek izugarri arduratsuak izan behar dute osagarri horiek kalkulatzeko orduan, eta, etorkizunean kontingentzia ekonomikoak izatea saihesteko, bermatu behar dute langileari dagozkion ordainsari-kontzeptu guzti-guztiak barne hartzen dituztela. 

 Adiran Benito-Butrón 


Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua 

Lotutako berriak